karrika

Euskalgintzan jakin badakigu euskara normaltzeko gizarte baldintzak ez direla egokienak. Sobera ezaguna zaigu ere euskalgintzaz kanpoko beste horiek –alderdi, instituzio, gizarte eragile edo herritar xumeak izan–  asmo horri begira hartzen duten konpromisoa ez dela guk nahiko genukeen bezain sendoa. Horrela jarrai genezake beste hainbat kexu aletzen euskararen normalkuntzaz, baina fokua ez dut “beste horiengan” jarri nahi oraingoan, euskaltzaleengan baizik.

Xede horrekin, Garikoitz Goikoetxearen Euskara irabazteko bidean liburutik hartu dut hainbat testigantza, eta interesa piztu didaten gaien artetik bi ekarri ditut lerro hauetara, horrela, liburu horretan elkarrizketatu izan diren batzuen kezkak islatuz.

Lehen ideia: bi euskalgintzek –sozialak eta instituzionalak–  gainditu behar dute orain arte horiengan nagusitu den elkarrenganako mesfidantza, eta, beste aldeari dagozkion lekua zein garrantzia, elkarri aitortu behar dizkiote. Euskalgintzaren kapitala aktibatu behar da, nolabait, eta, Robert Putnam-en arabera, “gizarte kapitala”-k bi zutabe ditu: “harreman-sare sendoa” eta, hori ehuntzeko, “konfiantza maila altua”. Horien eskutik letozke hurrengo urratsak: alde bakoitzari dagozkion rolak argi definitzea eta, etorkizunerako estrategia orokorra elkarrekin diseinatu eta hori garatzeko, dinamika egonkorra sortzea.

Bigarren ideia: euskalgintzaren ikusgarritasuna, batez ere erdal giroetan, ia hutsaren hurrengoa dela aitortzea. Euskara eta euskalgintza ez daude gizarte muinean txertatuta; praktikan, ez dira gure herrian zutabe. Eta gizartean ikusezina dena, ez da aintzat hartua izaten; bere predikuek ez dute eraginik.

Komunikazio egokia garatzeko, lehen-lehenik, ezagutarazi nahi denaren barne egoerak sendoa izan behar du. Ezin da besteen aurrean itxuroso eta erakargarri agertu, izatezko osasunik ezean

Komunikazioak badu zeresana gabezia horretan. Egia da hedabide nagusi gehienek ez diotela euskararen unibertsoari arreta egokirik eskaintzen. Baina, ez gaitezen beti “beste horiei” begira jarri. Aitor dezagun euskalgintza era egokian berrantolatzea eta komunikazio eraginkorra bultzatzea “gure esku” dagoela, neurri handian.

Hala ere, komunikazio egokia garatzeko, lehen-lehenik, ezagutarazi nahi denaren barne egoerak sendoa izan behar du. Ezin da besteen aurrean itxuroso eta erakargarri agertu, izatezko osasunik ezean. Epe luzeko komunikazioan ezin da ziria sartu.

Beraz, lehenengo ideiara bueltatuz, ekin diezaiogun bi hankako –herritar eta instituzional– euskalgintza koordinatu eta sendoa eraikitzeari. Soilik horrela izango da posible komunikazio eraginkorra lortzea. Horrela baino ez dugu agerian jarriko “gizartean bagarela”. Hortaz, egin dezagun jauzi lubaki-borrokatik kontraste eta elkarlaneko mahaira.

Iturria: Argia