p002_f01Atzo ezagutu genuen Berria egunkariaren bidez “Kurdueraz bizi nahi dut” ekimena. “Eskaraz bizi nahi dut” leloa eredutzat hartu eta “Kurdueraz bizi nahi dut” kanpaina martxan jarri dute.

Gerra eta guzti, kurdueraren erabilera indartzen ari da Ipar Kurdistanen. Abenduan Euskal Herrira egindako bidaian hainbat elkarteren egitasmoak ezagutzeko aukera izan zuten hizkuntza arduradunek, eta, ikusitakoa eredu hartuta, hainbat kanpaina jarri dute martxan Diyarbakirren.

Diyarbakirrerako hegaldiak terminal berritik iristen dira iazko urritik. Lekua modernoa eta handia da, eta, ofizialki, nazioarteko aireportua da orain. Pantailetan, baina, Turkia mendebaldera doazen ohiko hegaldiak baino ez daudela dirudi: Istanbul, Ankara, Izmir, Antalya eta, hara non hasiak diren Irakeko kurduen hiribururakoak ere, Arbilerakoak. Ipar eta Hego Kurdistan hegazkinez lotuta daude, eta horrek ematen dio nazioarteko izaera aireportuari.

Errotuluak eta oharrak turkieraz eta ingelesez baino ez dira aireportuan; horregatik, bertako hizkuntzaren arrastorik ez estatuak kontrolatutako eremuetan. Aireportutik irten eta berehala, baina, bestelakoa da errealitatea. Hiriko autobusean dagoen udal iragarkia kurdueraz dago. Detaile txikia behar lukeena urrats garrantzitsu bihurtzen da bazterrotan; ezin ahaztu duela ez asko arte Q edo W letrak debekatuta zeudela, turkieraz ez baitaude hizki horiek. Hiriko erdigunerantz ere kurduera salatzen duten letratan daude hainbat seinaletan.

Diyarbakirko Udalak azken urteotako egitasmoak dira autobusetako errotuluak eta herri eta auzuneen izenak kurdueraz idaztea. Serif Derince Udaleko hizkuntza arduradunak, kurdueraz egiten du saltoki, tabernetan zein garraioetan sartzean: «Kontua da denek ezagutzen dutela hizkuntza, baina ez dago inolako ohiturarik eremu publikoan erabiltzeko». Begirada arraroren bat bereganatu du, harriduraz eta jakin-minez, baina gidari guztiek ulertu diote. Alde Zaharrean merkataritza gune bihurtutako caravanseray eder batean dago PEN kurduko presidente Sexmus Sefer. Kurdueraz eskatu, eta zerbitzari gazteak ez duela ulertzen dio, zaza izeneko bere dialektoa urrun dagoelako Diyarbakirko kurdueratik. Astiroago eskatu dio limonada, eta bai, ulertu du.

Hiri zaharra okupatuta

Amedeko txoko kutunetakoa da dengbej-en etxea da. Rapsoda kurduak dira, dengbej-ak, kondaira eta istorio zaharrak kantatuz ematen dituztenak, tarteka bertsolarien antzera inprobisatuz ere. Kantuan hasi dira. Hiru gizonezko dira, eta batek paparrean kurduerak 365 egun ikurra daramala adierazi du Derincek: «Zaila da asmatzen afixa eta itsasgarri horiek noraino iritsi diren. Gure bulego eta lankideen artean banatu, eta hara, dengbej-ek ere badituzte». Etxearen goiko solairuan PEN kurduaren bulegoa dago; duela urte erdi Turkiako armadak eragindako txikizioa konpontzen ari dira orain. «Amorruz itsututa sartu ziren; zein kalte egiten zieten, bada, hemengo liburuek?», dio Seferek.

Armadak eta poliziak kontrolatzen dituzte Unescoren ondare diren alde zaharreko harresien sarrerak. Azaleko normaltasun itxura du auzunearen zati handienak, saltokiak eta tabernak zabalik, eta jendeen joan-etorri etengabea. Hala ere, kalexken labirinto horretako zati bat guztiz txikituta dago neguan izandako matxinadaren ondotik, eta eremu horretan bizi zirenek ez dakite etxea zutik ote duten ere. Tarteka, kaleko jantzita, dozena bat gizon irteten dira kaleren batetik, pistola ondo markatzen, «Anatolia erdialdetik ekarritako poliziak dira, harro-harro dabiltza, baina beti talde handietan». Hirietako matxinadak txikizio handia ekarri du, ehunka hildako zibilen eta militanteen artean, estatuaren errepresio gupidagabearen ondorio. Nusaybinen komikigile batek ironiaz hartu zuen estatu kolpearen ostean Recep Tayyip Erdogan presidenteak egindako deialdia, jendea kalera irten zedin: «Barkatu, baina hemen etxeratze-agindua daukagu. Argitu zaitezte mesedez».

Euskal Herritik ekarri zuten kurdueraz bizi nahi dut afixen ideia. Iazko abenduan, Garabidek gonbidatuta, Serif Derince eta kurduerarekin lanean dabiltzan beste lau lagun astebetez egon ziren Euskal Herrian, euskararen esperientziaren berri izateko; besteak beste, BERRIAko erredakzioan izan ziren. Hil batzuk lehenago, Jon Sarasuak bisitatu zuen Kurdistan. Euskararekin diharduten beste elkarte batzuekin ere harremanetan dira, hala nola Euskal PENekin eta Kontseiluarekin.

Hamalau ‘ikastola’

Kurdi-Der edo kurdueraren etxearen aurrealdean ere kurdueraz bizi nahi dut leloa idatzita dago oihal morez egindako pankartan: «Mugimendu kurduak ahal duen leku guztietan baliatzen du emakumeen egoera salatzeko». Etxe barruan, dozena erdi lagun daude beheko solairuan. Zarokistan Kurdistango ikastoletako irakasleak dira. Umeen lurralde esan nahi du kurdueraz, eta helburua da kurdueraz gain ingelesa ere irakastea, «3 eta 5 urte bitarteko umeek oso bizkor ikasten baitute». Derince udaleko kurduera arduradunak dioenez, «luzaroan hizkuntzaren alde egindako urrats garrantzitsuena izan da Zarokistan irekitzea».

Duela bi urte ireki zituzten lehen hiru eskolak. «Aurretik prestatzen ibili ginen, curriculuma sortzen, eta oinarri sendoa jartzen, bagenekien zer garrantzi duen eskolak hizkuntzaren egoera aldatzeko» dio Salih Altindag musika irakasleak. Diyarbakirren Baglar auzunean hasi ziren, «herrietatik etorritako ume asko daudelako; asimilazioa oso bizkor ari zen gertatzen, izen kurduak dituzte haurrek, baina, turkieraz ari dira elkarrekin». Etengabe jasan dituzte estatuaren oztopoak, polizia bidali diete eskolak ixtera, baina, desobedientzia zibilaren bidetik, «estatuak eskolak itxiz gero, guk, zigilua kendu, eta berriz irekitzen dugu. Azken ikasturtean hamalau eskolarekin ekin genion, nahiz eta gerra egon den hirietan batzuek ezin izan duten segitu. Baina familiak itzuli zaizkigu, eta irailean lanean segituko dugu gerra egonda ere», dio Altindagek. Mila ikasle dituzte, tartean Kobaniko 25 haur errefuxiatu. Eta, aurten, ume gehiago espero dituzte.

Udalek utzitako eraikinetan zabaldu dituzte eskolak, eta irakasleak, tituludunak izanda ere, boluntarioak dira, musu truk dihardute. «Gurasoek ez dute ezer ordaintzen. Aurrera begira zein sistema izango den lantzen ari gara, baina familia guztiei irekita egongo da. Kooperatiben aukera dugu buruan, eta, horregatik, Euskal Herriko ikastolen eredua oso interesgarria zaigu». Uneren batean estatuaren onarpena beharko dela aitortuta ere, ez daude zain egoteko prest; Altindagek gogora dakar familiak, gainera, pozik daudela komunitatearen beharren arabera eratutako eskolekin: «Badira gurasoak eskolara kuxkuxean datozenak. Lorategian jesarrita egoten dira, bat baino gehiago hunkituta negarrez egon da umeak kurdueraz entzutean».

Kazetariak jomugan

Kurdi-Der eraikineko goiko solairuan Azadiya Welat egunkariko erredakzioa dago. Eskolarik gabe, urteetan kazeta izan da kurdu askorentzat alfabetatzeko bide. «Milaka lagunek gurekin irakurri dute lehen aldiz kurdueraz», dio Zeynal Bulut zuzendariak. Badaki lan arriskutsuan diharduela: aurretik ibili diren gehienak preso edo erbestean daude. «Gurean dena da arriskutsua, gure egunkariaren banatzaileak ere hil izan dituzte, eta Turkian preso diren 44 kazetarietatik hemezortzi gure egunkarikoak dira». Sirnak hiria oso abertzalea izanda ere, hiru urtean ezin izan dute lortu banatzailerik, poliziaren jazarpen eta mehatxuengatik. Hala ere, ez daude etsitzeko, eta, orain, erronka harpidetzan dute: «Hamar mila harpidedun ditugu, gutxiegi hainbeste milioi laguneko naziorako».

Berbetan ari dela, hogei bat lagunen argazkiek inguratzen dute gela. «Adierazpen askatasunaren martiriak» dira, Musa Anter idazle eta historiagilea tartean; 1994an kalean bahitu eta biharamunean tiroz hilda agertu zen. Antzera kendu zieten bizia hizkuntzaren aldeko beste kazetari eta militante batzuei. Azken argazkia Rohan Aktasena da. Azadiya Welat-eko eduki arduraduna Cizren zegoen armadak hilotan egindako eraso bortitzenean. Etxe bateko sotoan babestu ziren beste dozenaka lagunekin batera hil zuten otsailean. Estatuaren indarkeriari aurre egiteko, «herritarren aitortza daukagu. Kurdistanen edonora zoazela Azadiya Welat-ekoa zarela esan, eta berehala nabarituko duzu esker ona eta jendearen babesa».

Istanbulen egoitza duen beste egunkari kurdua, Ozgur Gundem, behin-behinean ixteko agindua eman zuen atzo Turkiak.