IMG-20171023-WA0006

Bi hilabete dira Alde Zaharreko zenbait gaztek Nabarreria plazako Rozalejo jauregia okupatu eta gaztetxe bilakatu zutela. Buru-belarri dabiltza Maia eta Nahia eraikinaren moldatze eta txukuntze lanetan. Orain arte egin duten lanaz gain, dena ongi badoa aurrera eramanen dituzten hainbat proiekturen berri ere eman digute.

 

-Zergatik erabaki zenuten Rozalejo jauregia okupatzea?

Rozalejo jauregia, Nabarrerian kokaturik, auzoko puntu erreferentea da, eta sinbolikoa ere, duela hamar urte okupatua izan zelako. Hasieratik jakin izan dugu zein erronka den, halako leku masifikatuan kokatzea. Soberako jarduera eta jende kontzentrazioa egon ohi den leku batean, ekarpena egiteko bakarrik kokatu gintezkeen. Problematikari aurre egiteko. Eta asmo horrekin etorri gara. Plazan ematen den kontsumismoaren eta aisialdi ereduaren aurrean, alternatibak bilatzea dugu helburu, eta zentzu horretan ere, leku estrategikoa dugu Nabarreria plaza.  Balio handikoa den eraikin hau zabaldu nahi izan dugu. Ordua da geure eremuak berreskuratu eta auzo eredua herri mugimenduaren bidez eraldatzeko. Urteak eta urteak hutsik eta usteltzen ari zen eraikina berpiztu nahi izan dugu.

-Zer ari zarete egiten momentu honetan gaztetxean?

Eraikina moldatzen ari gara. Mota anitzetako jarduerak burutu ahal izateko, lehendabizi espazioa moldatu beharra dago, eta sartu ginenean guztiz utzia eta zikina zegoen. Oraingoz, sarrerako solairua eta lehen eta bigarren pisuetako gelak garbitu, margotu, eta txukundu ditugu. Honezkero hitzaldiak eta beste motatako jarduerak burutu ahal izan ditugu. Eta aurrera goaz, auzolanen bidez espazioari pixkanaka forma emanez. Beheko bodegan Herri Palestraren proiektua dugu (kirolaren bidez, ahalduntze kolektiboa eta kontzientzia politikoa bultzatuko duena), eta bertan gaude orain, eremu hori prestatzen. Argia jarri, altzairuak lortu, eta bereziki kolektibo ezberdinen bilerak burutzeko beharrezkoa dena izan dugu lehentasun. Bertso eskola martxan dugu, eta euskara klaseak burutu izan dira ere, Sasoia jubilatuen elkartearen eskutik. Formakuntza saio ezberdinak ere egin dira (migrazio politika, iraultza sobietarra, herri maputxea…) eta azkeneko jarduera, bizilaguna den Pakitaren hitzaldia izan da. Oso hunkigarria izan zen, espainiar guda zibila eta Frankismoa bizi izan dituen auzoko lagunaren errelatoa entzun ahal izatea. Horrez gain, geroz eta kolektibo eta talde ezberdin gehiago etortzen ari dira Gaztetxean inplikatu eta haien jarduerak bertan egitera. Guretzako oinarrizkoa da, herri mugimenduaren arteko saretzea eta indartzea Gaztetxean eta Gaztetxearen bidez ere burutu ahal izatea.

-Zein da okupazio honek auzokideen partetik izan duen erantzuna? Eta instituzioen partetik?

Auzokideen babesa eta esker ona sentitu dugu. Lanean izerditzen eta proiektua aurrera eramaten ikusi gaituztenetik bereziki, babes handia sentitu dugu. Jende mordoa eta oso anitza gerturatu zaigu (auzokideak eta auzokideak ez direnak ere), jakin minez, eta zorionak emanez. Horrek asko lagundu digu aurrera egiten. Motibatu gaitu, indarrez bete. Espazioa errekuperatu izana eskertu digute, bizilagunenganako errespetuz jokatu izana eta baita gainontzeko taldeekin burutu izan den elkarlana ere. Rozalejo jauregiari bizi berri bat eman izanak oso harrera ona izan du auzokideen artean, eta izan dira ere, espazioaren moldaketan inplikatu diren bizilagunak. Beldurrak beldur, geuregana etorri eta babesa eman digutenak.

Instituzioen aldetik ez dugu berri handirik izan. Nafar gobernuak ez du gurekin hitz egin nahi izan eta oraingoz, maila publikoan jakinarazi dutena da guk dakiguna ere: helegite bat jarri dutela eta gu kanporatzeko prozedura bati hasiera eman diotela.

-Zer leku du euskarak gaztetxean?

 Iruñeko Alde Zaharrean kokatuta argi daukagu zein testuingurutan mugitzen garen eta honetan euskarak daukan egoera. Gaztetxearen proiektuan agertzen den bezala gaztetxe euskaldun bat eraiki nahi dugu. Giro ez euskaldun batean, gurea sentitzen dugun hizkuntzari esparru berri bat ireki, libre mugitu dadin. Hori da geure erronka. Honetaz gain, gaztetxearen egoera hurrengoa da: gehiengoa euskaldunak gara baina badira ere euskara ez dakitenak, eta, aldi berean, honen sustapena aldarrikatzen dutenak. Denen artean gure helburuak lortzen saiatzen gara, nahiz eta bidean zailtasun askorekin topo egiten dugun. Autokritika moduan esan beharra dugu, bizi izan dugunaren aldetik, zailtasun handienetarikoa eta gure gain hartzen dugun akatsa, euskaldunok eragiten dugula. Ohitura kontua dela medio edo testuinguruak guregan duen eraginarengatik erdarara jotzen dugu sarritan. Honek ez du gaztetxeko giroan laguntzen eta prozesua asko oztopatzen du. Honetan galtzaile denok eta euskara bera ere. Beste aldetik, euskara ez dakitenen aldetik apustu handia ikusten dugu eta horrek benetan aberasten gaitu.

-Dena ongi badoa, zein dira etorkizunean aurrera eramatea pentsatuak dituzuen proiektu eta jarduerak?

Hamaika proiektu ditugu buruan, ilusio handia dugu. Herri palestra edo kirol-gunea, zinema aretoa, liburutegia, zirku-gunea… eta bereziki, inplikatzen ari diren kolektibo eta taldeek antolatu nahiko dituzten jarduera ezberdinak aurrera eraman ahal izatea. Ildo politiko eta sozial ezberdinak jorratu eta elkar-borrokak elkarbanatzeko gunea, denon arteko topalekua. Eta orain den bezalaxe ere, belaunaldien arteko gertutasuna. Ikuspegi kolektibo eta askatzailea sustatu eta guztiok bizi ditugun problematikak hausnartu, ahalduntze prozesuak bultzatu, elkarrengandik ikasi, elkar elikatu eta hazi. Aisialdi eta kontsumo eredua kolokan jartzen dituzten jarduerak garatu, alternatibak jorratuz. Ingurua eta bizilagunak zaindu. Geroz eta jende gehiago erakarri, eta proiektua ahalik eta zabalen eta anitzen izan dadin sustatu nahi dugu, teoriatik praktikotasunera ahalik eta gehien gerturatuz. Kontraesan asko eta lan eta erronka asko ditugu aurretik. Bai barnerantz eta bai kanporantz ere. Eta kanpotik jasotako babes eta indar guztia oso beharrezko dugu. Eskerrak eman nahi dizkizuegu prozesu korapilatsu honetan lagundu gaituzuen guztioi, eta baita gaztetxera gerturatu zaitezten animatu. Bihotzez, eskerrik asko!