concierto caja 2.1_1508568029374658_4010860585203296029_nBi urtez Uruguain ibili ondoren Sanduzelaira itzuli da. Euskara hobetzeari ekin dio, klasean, Eider Madinaren gidaritzapean, eta baita kalean ere, Mintzakide egitasmoarekin, asteazkenak euskaraz mintzatzeko baliatuz. Euskararekin buru belarri dabil, baina batez ere musikarekin . Musikazale amorratua eta sortzaile nekaezina dugulako. Hari honi jarraikiz egin dugu elkarrizketa.

Zein da zure historia pertsonala euskararekin?

Lana galdu nuenean, euskara ikastea erabaki nuen. Bide berriak probatu behar nituen eta euskara ikasten hasi nintzen ea hortik zerbait ateratzen zen…

Hizkuntza eskolan lau urte egin nituen eta asko gustatu zitzaidan. Nire irakaslea Ainhoa Aranburu izan zen, eta haren eskutik, euskara eskolatik kanpo ezagutu nuen. Bertsogintza, musika, barnetegiak…euskara jolastuz ikasi nuen. Gero Uruguaira joan nintzen eta euskara utzi nuen. Bi urte egon nintzen han. Bi urte euskara entzun gabe. Itzultzean nire maila baxuagoa zela nabaritu nuen eta horregatik ikasten jarri naiz berriz.

Uruguai, zergatik?
Kontua zen, Espainiatik ateratzea. Ingelesik ez dakidanez, Hego Amerika zen aukerarik onena. Garai hartan Brasil eta Chile ziren adibide bezala jartzen zituzten herrialdeak, garapenean zeuden ekonomiak zirelako, baina nire gorputzak lasaitasuna eskatzen zidan. Uruguaira joan nintzen jende gutxi zegoelako. Txikia da, bai, baina esaten ahal da hutsik dagoela. Gainera, herrialde ezezaguna izatea erakargarri egiten zitzaidan. Hori bai, ez nekien horren garestia zenik.

Beste aldetik, nirekin jendea oso atsegina izan zen. Bertakoak oso jatorrak dira.  Montevideon eta Paysandún egon nintzen bizitzen lehenengo eta gero Carmelon gelditu nintzen. Andrea ezagutu nuen, eta abeslaria zenez, izugarri ona gainera, errepertorio bat egin genuen. Bira txiki bat egin genuen, Carmelotik Coloniara, Carmelotik Montevideora, Carmelotik Cabo Poloniora, eta abar. Landa eremuan bizi ginen, behi eta zaldi artean, baratza batekin eta jakina, gitarrarekin. Carmeloko erritmoa oso motela zen, erlojurik gabe bizi ginen.

Txikitatik jotzen duzu gitarra?

Nik gitarra berandu hartu nuen. Hogeita hiru urterekin, gutxi gora behera. Hasieran nire kasa ikasi nuen. Gero lagunekin eta aurrerago, azkenik, Luis Morondon eman nuen izena, solfeoa ikasteko. Gaur egun dirua eta denbora baldin baditut, klase partikular batzuk hartu nahiko nituzke.

Musikazalea naiz. Zaratatsua izan ezik edozein musika gustatzen zait. Blues, jazz, bossa, tango, fado, eta batez ere flamenkoa… Eta gitarra joleak, Paco de Lucia, Raphael Rabello, Raphael Fays… horiek bai talentu handiak!!

Proiektu askotan zaude orain sartuta.

Bai, bai, begira, batetik abeslari batekin, Ainhoa Zabalzarekin, Ad Hoc taldea sortu dut. Gure helburua zera da, edozein ekitalditan jotzea: ezkontzetan, urtebetetzeetan, jaunartzeetan, inaugurazioetan, hiletetan… eta abestiak nahieran egiten ditugu. Ad Hoc, hain zuzen hori baita,”egoera jakin baterako espreski egina”.
Gure kontzertuetako errepertorioan betiko abestiak jotzen ditugu, baina gure modura egokituak. Adibidez, “Ikusi eta Ikasi” por soleares, Sutagar eta Bach nahasten ditugu, eta abar. Abestiak eraldatzea izugarri gustatzen zait. Emaitza oso kuriosoa eta interesgarria izaten da.

Beste alde batetik, nire lehengusu César Asiain eta biok  Un paseo por la trova taldean ari gara. Silvio Rodriguezen bertsioak egiten ditugu eta baita Cesarren abestiak ere. Ekitaldiek trobadore giroa dute. Cesarrek Nafarroatik paseo bat kontatzen du eta bidea eta abestiak lotzen ditu. Nire lehengusua poeta bat da. Berak idazten eta konpontzen ditu abestiak, eta ni gitarra jole bakarlaria naiz.

Bestalde, iazko uda ondoren, kontzertuak ematen hasi nintzen Nuska taldearekin. Nuska bi gitarra eta abeslari bat gara. Ana, Ion eta hirurok. Orain dela hamabi urte edo gehiago sortu genuen talde hau eta geroztik, bai izena eta bai estiloa aldatu dizkiogu. Berriz moldatzen ari gara orain, Ana duela gutxi batu zaigulako. Ion eta biok gara hitzak idazten ditugunak, Anaren kanta estilora hurbildu nahi dugu. Anaren ahotsa oso eztia da eta kuriosoki, abesti batzuek sefardi ñabardurak hartu dituzte.

Eta bukatzeko, beste proiektu bat ari naiz sortzen soprano batekin, Lorenarekin. Ahots ikaragarria du honek. Jazz-etik klasikora hartu nahiko genuke, eta Ad Hoc-en kasuan bezala, edozein zeremonia edo ekitalditan aritu. Adibidez, Ave Maria elizan, Nora Jones koktel batean…

Aipatutakoaz gain, ni musikarekin kontaktuan nago beti, beraz, entsegu gelatik agertokira bidean edozein aukera ireki daiteke.

Musika edo literatura gomendiorik baduzu gure irakurleentzat?

Aurten, Hizkuntza Eskolako nire irakasleari esker, Eider Madinari esker, Karmele Jaioren ipuinak ezagutu ditut. Oso onak iruditu zaizkit. Hamabost Zauri da liburuaren izena eta pertsonen arteko harremanei buruz hitz egiten du. Karmele Jaiok berak esaten duen bezala, niri ere, ipuinak esaten ez dutenagatik gustatzen zaizkit. Ipuinen kontua iradokizuna da. Bizitzan bezala, Karmeleren ipuinetako amaiera irekita dago.

Eta pertsonen harremanetatik roboten harremanetara, Isaac Asimoven eskutik. Beste ipuin egile handi bat, nire ustez. Idazteaz gain, Asimov zientzialaria zen, beraz bere zientzia-fikzioa oso mingarria da. Asimovi esker, teknologiari buruzko nire hausnarketak egin ahal izan ditut. Asimov baino lehen, literaturan, robotak gaiztoak ziren. Isaacen robotak zintzoak dira. Nahiz eta zintzoak izan, pertsonekin bizi dira, eta gizakien arima liskartsua da, gatazka, …

Musika arloan, Karidadeko Benta suspertzea gustatuko litzaidake, Jon Maiaren talde hura. Gaur egun taldeak ez du jarraitzen, baina oso interesgarria iruditzen zait aipatzea. Entzun nuenean harritu ninduen. Ez da euskal kanta tipikoa, musika mota asko nahasten dira, batzuetan serioak dira, beste batzuetan adarjotzaileak…

Gaztelaniaz, momentu honetan abeslari bat hautatzekotan, Pasion Vega hautatuko nuke. Pasion Vegaren ahotsa entzun nuen lehenengo aldian maitemindu egin nintzen, kar kar kar, eta maiteminduta jarraitzen dut oraindik, kar kar kar. Pasión Vega koplatik dator, baina hamar disko edo gehiago atera ondoren, ikusi daiteke estilo ezberdin asko ukitu dituela: fadoa, habanera, tangoa…

Eta jakina nire gomendio berezia, Ad Hoc, Un paseo por la trova y Nuska, nire musika taldeak.

Ondo bizi, zaindu eta batez ere, gozatzera!!