Euskarazko kakorratz ikastaroa urriaren 29an
Julia Iguzkitza eta Jose Luis Asensio haien afizioa ofizio bihurtzen ari dira. Artile denda bat jarri du Juliak eta bertan ikastaroak ere ematen ditu. Jose Luisek ere urteak daramatza kakorratz ikastaroak gidatzen. Denbora zeramaten gai honetan euskarazko hiztegia nahiko kamutsa zela pentsatuz, buruari buelta batzuk eman eta zorrozteko zer egin zitekeen hasi ziren pentsa eta pentsa. Pentsatu eta ekin. Ikastaro baten bidez, tokilla bat nola josi daitekeen erakutsi nahi dute, eguberritan, adibidez, dotore janzteko. Horretaz gain eta prezio berean, hiztegia errepasatu eta zabalduko dute. Juliarekin egon gara honen guztiaren inguruan mintzatzen eta haren hitz batzuk ekarri ditugu hona.
Zein da zure historia pertsonala euskararekin?
Euskara ikastolan ikasi nuen. Familian ez gara euskaraz aritzen, nire gurasoek euskaraz ez dakitelako, eta horregatik ez daukat euskaraz egiteko aukera gehiegi. Asko gustatzen zitzaidan ETB ikustea eta izugarrizko pena izan zen debekatu zutenean.
Nola iristen da zu bezalako neska bat artile denda bat jartzera?
Hasiera batean hobby bat besterik ez zen, baina berehala abantaila pila bat ikusi nizkion: auto-estimurako oso ona da, kontzentrazioa hobetzen du, estresatuta bazabiltza puntu egiteak asko lasaitzen du (batzuk yoga berria deitzen dute), helburu bat eskuratzeko indarra eta gogoa izan behar duzula erakusten dizu. Eta konturatu gabe, egun batean, ideia ona iruditu zitzaidan Iruñean horrelako denda bat jartzea. Oraintxe bertan, oso pozik nago nire bizimoduarekin. Sekulako aldaketa izan da.
Antolatu duzuen kakorratz ikastaroan zer ikasiko da?
Helburua, kakorratz eskulanen inguruko hiztegia zabaltzea da. Eta aitzakia bezala, eguberrietarako neska tokilla bat egingo dugu. Ikastaroa bukatzean, Olentzero agurtzeko artilezko xal ederra nola egin jakingo dute ikasleek, eta euskaraz.
Apuntatzeko ezagutza batzuk behar dira?
Edonor hurbildu daiteke, gizonezko zein emakumezko. Nire ustez, gutxienez, kakorratza nola hartzen den jakin behar da, baina prest gaude hori ere irakasteko hurbiltzeko ausardia duten ikasle guztiei.
Kakorratz ikastaroa noiz izango da?
Ikastaroa urriaren 29an izango da, egun bakarreko monografikoa. Goizeko 10etan hasiko da arratsaldeko 14etan bukatzeko. Euskaraz arituko gara lanean eta ikasten. Ikastaroaren prezioa 25 euro izanen da materiala barne. Esku hutsik etor daiteke ikastarora. Izena emateko: “Lanas a tutiplen“ Travesia Padre Tomás de Burgui 17 helbidean, edo 655 552777 deituz. Baita Karrikirin ere, noski!
Amaitzeko gustuko dugun galdera, proposamen literario edo musikalik baduzu irakurleendako?
Jose Luis Asensiok idatzitako Ixa ASAP! ipuin liburu zirraragarri eta dibertigarria.