Barrutik kanpora, hurrengoa prestatzen

Urte berria abiatu eta dagoeneko lehenengo hilabetea jan diogu urteari. Iruñeko neguan komeni da arkupetik ibiltzea, bertan hotzaren eta euriaren kontrako babesa bilatzeko. Baina negua ez da betirako, eta goiz edo berandu loratuko dira primaderako liliak.

Gu hurrengoa prestatzen ari gara dagoeneko. Eguneroko martxari eutsiz beti ere, aurrerago fruituak emango dituen haziak ereiten eta zaintzen gabiltza burubelarri. Ilusionaturik gaude, zerbait polita datorrela iruditzen zaigu.

Laister izanen duzue horren berri. Glamour gutxiagoko gaia da, baina etxe barruan garrantzi handikoa: urte berriarekin fakturazio programa berria martxan dugu jada. Aspalditik genuen aldatzeko asmoa eta orain ari gara gauzatzen.

Aldaketa handia da. Urtarrila horretan eman dugu eta oraindik lantxo batzuk emango dizkigu dena ongi-ongi uzteko. Indarra eta ahalegina ari gara bertan jartzen eta mereziko duela uste dugu. Zerbitzu hobea eskaini ahal izango dugula iruditzen zaigu.

Garai arraro hauetan, zuen fideltasunari esker, erritmo onean ari gara lanean, mugimendua dagoela nabaritzen dugu. Dendaren zenbakitan ikusten dugu hori eta bereziki aipagarria da online dendaren salmenten etengabeko igoera. Eskertuak gaude zinez. Honek denak proiektuari bultzada ematen dio, sendotzen laguntzen dio eta guri amets berriak sortzeko indarra ematen digu. Ari gara.