Karrika 4. 1997ko ekaina

Karrika 4. 1997ko ekaina

Errealitatetik errebindikazioraino


Azken honetan maiz aipatu izan da gutartean Irlandako eredua, alor zenbait direla eta. Baina hango hizkuntz ibilbidea ahantzi bidean dugulakoan oztopo gaude.
Garai batez guzia bazen aldapa eta lege-oztopo
Gaelikoendako, kasik itotzeraino eraman zutelarik; gaur egun ez da halakorik (hegoaldean gutxienez), halere -dakigun bezala- mintzoak malda beheran du segitzen.
Bertze gisaz erranik eta gurera etorriz, gobernuaren aitzinean
errebindikatzen dugu administrazioa euskaldundu dezan, ongi da baina… noren aintzinean,adibidez, errebindikatu behar da hauteskundeetan aukeratzen ditugunak euskaldun izan daitezela?
Manifestaldiak antolatzen ditugu botereak euskal prentsa lagun dezan; berriz ere arrunt ongi, baina norengana joko dugu kexu, delako prentsa ez bada kasik erosten? Aspertzerainoko galde zerrenda egin dezakegu. Oinarrian arazo bera dugu aurkitzen: errealitatea eta errebindikazioen artean (edota ondoren) dagoen tartea. Eta tarte hori ez da fundituko egunen batean oztopo legal guziak desagertuko balira ere, bidea erraztu bai, baina halere egin beharrekoa.
Esparru horretan egon nahi du KARRIKIRIk, errebindikazioak ahantzi gabe beharrezkoak baitira baina Irlandako eredua bistatik galdu gabe, ez dezagun errepika hizkuntza alorrean bederen.
Aipatu alorrean bada lan: zerbitzuak eta informazioa-formazioa eskaintzen, motibapena mantentzen eta pizten… funtsean ahal den guzian laguntzen baldin eta zu ere prest bazaude laguntzeko era batean edo bertzean.
Orrialdetxo honetan emeki-emeki joanen gara azaltzen gure egitasmoak eta ekintzak, gure nahiak eta beharrak… edo hobeki erranik ditugun beharrak nahiak betetzeko. Azken hauek zureak ere badira, hurbil zaitez KARRIKIRIra; lana bada eta oroit: ez du balio errebindikazioan bakarrik gelditzea.

Karrika 3. 1997ko maiatza

Karrika 3. 1997ko maiatza

Pluraltasunean bat


Hizkuntza denona da, Euskarak biltzen gaitu, Euskararik gabe ez dago Euskal Herririk… leloak asmatzen munduan lehenbizikotarikoak izanen garela dudarik ez; obratzen, aldiz…
So egin diezaiogun zerbait bederen ondoko gizarteren bati. Politika mailan (normalean “politika”deitzen den horretan, gainerakoa ez balitz bezala) interes
eta iritzi desberdinak aurkitzen ditugu: ezkerra eta eskuina nahiago bada.
Gai askotan, gehienetan,desberdinak dira, batean ezik: hizkuntzarenean. Agian teoria mailan desberdintasunak izan badituzte, baina ez praktikan.Guziek hizkuntza bera erabiltzen dute, guziek elkarrekin ohoratzen, lantzen eta zabaltzen dutena.
Gutartean kirol nagusietariko bat da desberdintasunak bilatzea, lantzea eta handitzea. Halaxe gaude eta hala doakigu.
Zaila da ados egotea arazo guzietan, bistan da; gero eta zailagoa dugu PNV-HB-EA-Batzarre,Itoitz, AHT, presoak, ETA, basogintza, Senideak,Elkarri, Bakea Orain, Gestorak, Osasuna, Erreala,nekazaritza politika, ehiza, arrantza…. eta Indurainen etxeratzeaz ados egotea, adibide gisa. Horietan guzietan zatiketa heldu zaigu. Baina inor gutxik ukatuko du mintzoak biltzen gaituenik (bertze herrietan bezalaxe, salbuespenak salbuespen).
Bada, behin bederen obra dezagun lelo hori: KARRIKIRIn kasik denetarik bada, bagaude. Aipatu arazoaz iritzi desberdinak ere baditugu, ausarki izan ere, baina bakoitzak badu non aritu horiei buruz KARRIKIRIz landa.
KARRIKIRIn Euskara/ euskalduna ditugu helburu eta kezka. Hizkuntzari buruz den guzietan izanen da KARRIKIRI, gainerakoetan ez.
Bukatzeko Nobel literatur saridun batek berriki erran duena dugu hemen aipatuko: Gure armarik hoberena hizkuntza da. Ados.

Karrika 2. 1997ko apirila

Karrika 2. 1997ko apirila

Hiri karriketan karrikiri

Lehenagoko denboretan irakaskuntzaren ezari leporatzen zitzaion mintzoaren suntsipena. Ondoren ikastolak, euskal eskolak, gaueskolak eta abar sortu ziren. halere hizkuntza oraindik galbidean zela -dela- frogatu da.
Batzuetan gure alabak Euskaraz ikasi du ikastolan moduko esaldiak aditzen dira, edo, nahiago baduzue. Andonik ongi ikasi du frantsesez; tira, baina ez bada frantsesez aritzen gure Andonik ahantziko du ikasi gehiena edo berdin guzia.
Erran nahi dena garbi ageri da: hizkuntza bat, edozein, ikastea ez da aski bizirik mantentzeko, ez erabiliz ahazten baitira. Haurrak ikastoletan-eskoletan eta nagusiak gaueskoletan egoteak segurtatzen al du hizkuntzaren bizia?
Bertze gisaz erranik. ikastegitik atera ondoren, non egiten dute Euskaraz?
Egoera honetatik “Euskara hizkuntza zaila da ikasteko” esaldia/ideia sortzen da. Baina kasu, erderatik Euskarara dagoen bidea, Euskaratik erderara dagoen berbera da. Hain makur, bihurri eta bitxi egiten zaio euskaldun bati erdera, nola erdaldun bati Euskara. Jauzia bera da batetik bertzera pasatzeko/ikasteko; eta begibistan da (tamalez) zenbat eta zenbat euskaldunek ikasi zuten erderaz, hala edo hola baina erabiltzeko gisan.
Bizi baldintzetan bilatu behar da desberdintasuna bi hizkuntzen artean, ez gramatikan: erdera beharrezko bilakatu dute (eta badakigu nola), Euskara ez. Honetan datza gakoa.
Hau guzia ulerturik, erahilpena eta motibapenaren arazoa gogoan eta ez irakaskuntzarena, hasi ziren sortzen Euskara taldeak Herrian barna. Koska non dagoen jakin behar da arazoa gainditzeko, eta hor indarra egin, alferrikako burruketan galdu gabe: halaxe sortu ziren Arrasaten AED aintzindaria (dozena hat urte soinean dagoeneko). Bilbon ZENBAT GARA, Donostian BAGERA… eta izpiritu berarekin Iruñeko karriketan KARRIKIRI.

Karrika 1. 1997ko martxoa

Karrika 1. 1997ko martxoa

Alemanian ere euskaraz


Iruñean euskaraz bizi al daiteke? Horrelako galdera erantzuteko ez da denbora sobera galtzen. Halere ikus dezagun egoera hurbilagotik.
Iruñean euskaraz bizi ahal izateko, bizilagun guztiak izan beharko lirateke euskaldun. Dena den badirudi luzerako doala posibilItate hori.
Begira dezagun gure inguruan zer gertatzen den. Alemaniarrak, esate baterako, gero eta talde handiagoetan joaten dira eguzki bila Kanarietara. Ez dute interes handirik erakusten bertako -tamalez oraingo- hizkuntza ikasteko; honek ez du oztopo handiegirik suposatzen bertan bizitzeko. Eta hau hala da antolatu
direlako: egunkari bat sortu dute, bai eta irrati bat, zerbitzu baten beharra aurkitzen direlarik alemandun batengana jotzen dute posible den neurrian eta abar…
Hauxe da hizkuntz komunitate antolatu bat. Hala izanik lortu dute alemanaren aldeko motibapena, ezagutza eta erabilpena sustatzea, hainbertzeraino non zenbait udaletan alemanaren ezagutza eskatu egiten zaien zenbait langileri.
Alemanen kasua ez da bakarra. Hortxe daude poloniarrak Londonen,hispanoak Miamin…..
Orain egiteko galdera hauxe litzateke: bizi badaiteke alemanez Kanarietan, ez gai izanen Iruñean. Gure herrian bertan. euskaraz bizitzeko?
Iruñean izan bagara gutxi-gora-behera 20.000 euskaldun han-hemenka. Halako biztanleria ez daiteke bere hizkuntzan bizi? 20.000 hiztunen herria ezin ote da bizi bere kulturan?
Arazoa bistan da, erdaldunen artean barreiaturik aurkitzen gara. Lehenengo urratsa ematen ari gara.