Atzoko bilkuran Nafarroako euskalgintzako hainbat jende bildu zen egitasmo horien berri bertatik bertara jasotzeko eta Berria taldeko kideek aipatu zutenez, hemendik aitzina ostiraleko Berria tokiko gehigarri bat eramanen du, herrialde bakoitzeko informazioa bilduko duena.

Gipuzkoako Hitza-k eta Bizkaikoak hamasei orri izango dituzte, eta Arabakoak, Nafarroakoak eta Ipar Euskal Herrikoak, berriz, zortzi. Gehigarri horiek guztiek informazio soziala landuko dute batez ere; informazio pausatua emanez eta eguneroko adierazpenen kazetaritzatik eta zurrunbilotik ihes eginez.

Nafarkarian egiten zen moduan, eguneroko egunkarian lekurik izanen ez duten erreportaje, elkarrizketa eta gainerakoak jorratuko dituzte eta Iritzi saila ere izanen dute, astekari bakoitzak herrialdeko zutabegileak izango dituelarik. Horretaz gain, agenda zabala eta horri lotutako ekitaldien inguruko informazioa, erreportajeak eta elkarrizketak landuko dituzte.

Bihar argitaratuko den Nafarroako gehigarri berriak1991ean Egunkariarekin banatzen hasi eta 2002an bere azkeneko aleak atera zituen Nafarkariaren lekukoa hartuko du. Karrika aldizkariaren 61. alean, 2002ko irailan, Asier Azpilikueta, garai hartako Nafarkariaren arduradunari egin genion elkarrizketa, Nafarkariak bere azkeneko alea atera zuenean.