Euskal kulturaren munduko hamalau lagun ezagunek osatzen duten taldea gidatuz, maiatzaz geroztik ari da Lorea Agirre ‘Jakin’ aldizkaria zuzentzen. 

“Une honetan proposamen interesgarrienak euskaraz sortuak dira”

Nik uste dut neurri handi batean hala dela. Esango nuke euskarak zentralitatea duen kultura —zentzu zabalean, ez bakarrik kulturgintza, oro har baizik— modernoa dela, garaikidea; antidogmatikoa dela, bere buruaren kritika egiten duela eta bere burua eztabaidan jartzen duela; eta irekia dela eta prest dagoela eztabaidarako, betiere eztabaida eztabaida denean, eta ez iraina. Nik horrela ikusten dut euskal kultura, eta nik gustuko ditudan sortzaileengan —eta asko dira— jarrera hori argia da. Bai kazetaritzan, bai sorkuntzan, bai pentsamenduan…

Saiatuta ere nekez kentzen du, hala ere, euskal kulturak zaharkitu, dogmatiko eta itxiaren fama.

Ez bakarrik gure hizkuntzakoak ez direnek; baita gure hizkuntzakoak direnek ere askotan ikusi gaituzte itxi eta dogmatiko. Beste asko baino irekiagoak garela esango nuke, kontuan hartuta herri honetan dogmatismo asko egon dela eta oraindik ere badagoela. Txikitasunaren ajeak dira uste ustel horiek. Beti ibili behar duzu esplikatzen ez zarela itxia, ez zarela sektarioa, ez zarela esentzialista. Baita lagunei ere. Horrek asko kezkatzen nau. Pasatzen dira urteak, etortzen dira belaunaldi berriak, eta jende prestatua entzuten duzu, ikasketa guztiak euskaraz egindakoa, eta oraindik ere aje horiek barru-barruan ditugula konturatzen zara. Asko kezkatzen nau horrek. 25 urteko ikasle bati «euskal kultura euskaraz zuk egiten duzuna da!» azaldu beharrak. Kontrara, txikitasunaren bertutea ere bada zeure burua beti zalantzan jartzea eta hobetzea. Hegemonian dagoenak ez du horren beharrik.

Talde berriarekiko eta Jakin-en etorkizunarekiko konfiantza agertu du beti Joan Mari Torrealdaik, aurreko zuzendariak. Baina kezka bat ere erakutsi du: «Problema da gure herriak benetan nahi duen etorkizun propio bat. Benetako apusturik ez badago, jai dugu guk eta jai dute kulturaren munduko beste organo askok».

Badago norbait bestaldean, hori espero duena, hori nahi duena? Badago nahikoa jende hori sostengatuko duena? Beharbada bi alde ditu kezka horrek. Bata da esatea, amorrutik edo, ea benetan nahi dugun euskal kultura aurrera ateratzea, gure ondorengoei euskal ekosistema kultura ahalik eta burujabeena ematea. Edo benetan ez dugu nahi? Azken berrogei urteetan gauza asko aurreratu da, eremu batzuetan bereziki, beste batzuetan ez hainbeste, baina beti dago hor nahi eta ezin bat. Beste alde batetik, gauzak ondo egin izanaren emaitza ere badago, hobeto egiteko nahiarekin batera. Uste dut azken 30 urteetan sortzaile, produktore, hedabide, eta abarren artetik elikagaiak sortzen lan handia egin dela, asko sortzen dela, ona sortzen dela, Euskal Herrian une honetan, salbuespenak salbuespen, libururik onenak edo kazetaritza lan txukunenak edo musika proposamen interesgarrienak, eremu batzuetan bereziki, euskaraz sortutakoak direla. Indarra hor jarri da, baina beharbada indarra ez da jarri bestaldean, hartzailearengana iristeko bideetan.

Eta jarri beharko da aurrerantzean, zure ustez?

Beharbada unea da erronka bat jotzeko eta horretaz arduratzeko. Gaur egun aldizkari bat errazago egiten dugu. Teknologikoki errazagoa da, idazteko ere jende gehiago daukagu, pentsatzen, proposamen berriak egiten… Baina aldi berean gero produktua iritsi behar duen eremu hori da, batetik, merkatu basati bat, kaos bat, baina aldi berean oso kaos organizatua, hor erreka nagusi bat baitago, eta erreka nagusi hori neurri handi batean bahitua dago, gure kontsumoan, mainstream edo deitzen den horrek bahitua. Erdigune horretan batez ere hizkuntza hegemoniko eta handietan sortzen den kultura dago, kultura komertzial —hitzaren zentzurik txarrenean—, banal eta eskasena. Hori da lotan gaudenean ere sartzen zaiguna, eta hori da bahitutako merkatu hori. Hizkuntza hegemoniko horietan egiten den bestelako kulturak ere —independentea, proposamen berrietan oinarritua— oso zaila du bidea egitea. Bila zoaz edo ez dituzu harrapatzen. Eta hizkuntza ez hegemonikoetan, zer esango dizut… Une honetan, ikusgarritasuna lortzea oso zaila da. Estrategiak pentsatu eta abian jarri behar dira euskal ekosisteman sortzen dena hartzaile potentzialaren begien aurrean jartzeko. Gero gustatuko zaio edo ez, baina gutxienez begien aurrean jarri. Horretarako ezinbestekoa da elkarlana, baina, sektoreetako eragileen artean ez ezik, baita herri ekimenen eta erakunde publikoen artean ere.

Zer egin daiteke egoera horri aurre egiteko?

Hizkuntza hegemonikoetako kulturen ohiko bideak hor dira: hezkuntza kultur transmisio gune bihurtu, hedabideak sozializazio eta bisibilizazio tresna indartsu, parte hartzea sustatu eta partaidetza landu, erabakiguneak eremu publikora ekarri; jakintza, sorkuntza, gozamena eta kontzientzia partekatu… Horretarako bideak jarri daitezke eta jarri egin behar dira.

Euskararen zentralitatean ez sinestea leporatzen zaie askotan politikariei. Bat zatoz horrekin?

Bai. Nik uste dut guk geure buruarengan sinistu behar dugula. Alderdi abertzaleetan, oro har, salbuespenak izan daitezkeen arren, beti daude euskara eta euskal kultura baino aurreragokotzat jotzen diren borrokak. Hizkuntza eta kultura ez badituzu zentraltzat kontsideratzen komunitate baten eraikuntzan, edozer da garrantzitsuago, beharrezkoago. Ezin da esan «ez diogu euskarari emango, politika sozialei emango diegulako, osasunari emango diogulako». Normalean ez zaielako ematen gainera, baina horrezaz gain hizkuntza eta kultura eguneroko bizitzatik hain aparte hain dekoratibo ikustea larria da, zeren jan edo ez jan, osasuntsu egon edo gaixo, hitz egin egiten da hizkuntzaren batean. Hizkuntza bati ematen ez diozuna beste bati ari zara ematen, talde subordinatu bati ematen ez diozuna hegemonikoari ematen ari zaren bezalaxe. Ez dago espazio edo ekinbide neutrorik.

Nolakoa izan behar du hizkuntzen arteko harremanak?

Euskara zentralitatean nahi dugu ez zaharra delako, edo jatorri ezezaguna duelako, eta agian ezta hemengoa delako ere. Euskarari arreta osoa eman behar zaio irautekotan hemen eta orain iraungo duelako. Euskarak iraungo du hemen eta orain, edo ez du iraungo. Ez bihar, eta ez diasporan. Hemen eta orain. Bestela, ez du etorkizun ziurrik. Beste alde batetik, uste dut politika, besteak beste, justizia soziala egiteko eta bermatzeko dagoela, basikoki hori dela gobernantza politikoaren zeregina. Horretarako subalternitatean, bazterretan, gutxiegitasun egoeran dauden jende, egoera eta elementuez arduratu behar du, horiek hegemonikoen parean jartzen ahalegintzeko. Eta horrek esan nahi du ez guztiei aukera berdinak ematea, azpiratuak daudenei aukera gehiago ematea baizik. Alegia, parte hartze eremu eta agente kopuruak ugarituta ere, norbait kendu beharko da beste norbaiti lekua egiteko. Eremu horretan sartzen da euskara. Kultura horixe da, azken finean, besteari —hurkoari, azpiratuari, baztertuari, ahulari— lekua egitea. Euskarari lekua egin behar zaio, eta euskarak leku egin behar dio besteari, bai diskurtsoan eta bai praktikan.