Dendatik etxera, ohitura eta plazerra

Atzean utzi dugu dagoeneko abenduko salerosketen zurrunbiloa. Urtea amaitu aurreko erritualean, Mendebaldeko zibilizazioan elkarrenganako maitasuna adierazten omen duen opari zaparrada bukatu da.
Gaur egun ematen du kontsumitzaileak garela herritarrak baino gehiago. Kontsumoa: merkatuan agintzen duten zenbaiten ustez, gutako bakoitza bizirik dagoen seinale. Aisialdia ere erosten dugu eta erosten dugulako gara. Norberaren gizarte ahalmena kontsumitzean neurtzen dela irudi luke, eta hala bizi gara: azokan etengabe, gure bizitzak kontsumitu arte.
Hain garrantzitsua den jarduera baten aurrean, kezkagarria da erosleok zenbaitetan agerian dugun irizpiderik eza. Inork ez luke ahaztu behar herritarron indarra mila modura adieraz daitekeela eta zerbait erosten dugun momentuan merkatuan, jendartean, pertsonen arteko harremanetan eta hizkuntzen arteko (des)orekan eragiten ari garela.
Ohitura ere izan daiteke, baina euskarazko produktu bat eskuratzea aukera bat egitea da azken finean. Hizkuntza ez den beste zioren batengatik erosiko genuen akaso, baina euskaraz erosi dugu. Kontua da erostea ez dela aski. Indizeek eta estatistikek erregistratuko dute erosketa hori, baina hiztun garen aldetik, lekualdaketa hutsean geratzen bada, kanpoko apalategietatik etxekoetara alegia, erositako artikuluak ez du ez gure baitan ez beste inon eragingo.
Euskal komunitatearen gaitasunak merkatu indartsu bat piztu eta hari eutsi diezaioke, baina hori ezin da gure helburu bakarra bilakatu. Abenduan edo orain dela zenbait urte eskuratu genituen euskarazko lanak gure arreta eskatzen ari dira. Etxeko epelean, isil-isilik, zalapartarik gabe, liburu edo disko hori zurekin bakarrik aktibatuko da.
Karrikako ale hau irakurtzen bukatzen duzunean, irakurri edo entzun gabe dituzun liburu eta disko horietako bat esnarazi eta murgildu zaitez bertan. Murgildu zaitez mintzoaren plazerean.


ZENBAT BURU… Xabier Monasterio

“Mintzairaren miraria” bere azkeneko liburuan gizakiak sorturiko altxorrik preziatuenetarikoaz, alegia hizkuntzaz, solasten zaigu Xabier Monasterio. Egun Zenbat Gara elkarteak bultzatzen duen Bilbo Hiria irratian lanean dihardu eta hantxe harrapatu dugu elkarrizketa egiterakoan.

Liburuan hizkuntza murrizketa anormala dela diozu, betidanik milaka hizkuntza izan delako. Egungo “globalizazio-uniformizazio” fenomenoa badirudi kontrako korrontean doala, ezta?
Bai, liburuan garbi utzi nahi izan dut hizkuntzak izaki bizidunak izanik, nozbait jaio, garatu, ugaldu eta desagertu ere egin direla. Azken hiruzpalau mendeetan, ordea, prozesu normal hori gizakiaren eraginez azkartu egin da: faktore ekonomiko, politiko, eta inperioalismoari lotutakoen eraginez eta horiek guztiek sekulako triskantza ekarri dute. Inposaketak gertatu dira eta hainbat hizkuntza heriotzara kondenatu dira. Bizirik daudenetatik 2/3 arrisku gorri gorrian daude.

Hizkuntza guztiek munduaren ikuskera propioa dutela esaten da. Hainbat jendek nekez ulertzen du hori. Zertan gauzatzen da?
Hizkuntza komunitate oso baten ibilgailua, sostengua, euskarria da; batzen gaituena. Talde bateko kide eta partaide egiten gaitu eta kultura baten ateak zabaltzen dizkigu. Mendeetan giza taldeek elkarrekin egon diren neurrian, mundua ulertu eta interpretatzeko klabe batzuk asmatu dituzte eta hizkuntza hori desagertzen den neurrian, mundua ikusteko modu hori ere desagertzen da. Jabegoaren inguruko jarrerak, esaterako, oso ezberdinak izaten dira herri batetik bestera eta euskaldunok oso garbi izan dugu betidanik etxeari dagokionez, jabego kolektibo bat izan dugula: gure etxea, gure lurrak, gure astoa. GURE esan izan dugu, NIRE esan beharrean. Mundua ikusteko aletxo bat da.

“Pidgin” bi komunitateen artean sortzen omen diren sasi-hizkuntzak dira. Neurri batean onuragarria dela esan izan duzu. “Euskañolaren” kasuan ere berdin pentsatzen al duzu? Zergatik onuragarri?
“Pidgin”-aren aldeko aldarrikapen bat egin behar da.
Gure kasuan beste bi hizkuntzaren menpean bizi gara. Normala da, beraz, zenbait jendek, espainolaren edo frantsesaren erreferentzia dutela, hizkuntza horiek euskararekin nahastea. Puristek euskara gaiztoa dela esanen lukete. Alabaina, nik nahiago dut “Euskañola” gaztelania edo frantsesa soila baino. Ulertu behar baitugu gazteei zergatik gertatzen zaien hori. Akademizismoak pikutara bidali behar ditugu. Izan ere, euskañolaren bidez gazte horiek komunikatzeko behar bat betetzen ari baitira. Horrek euskararen bilakaera bat ekarriko du eta nire ustez onuragarria da zentzu horretan, gazteak nolabaiteko euskara egiten dutelako. Baina fenomeno hau ez da Euskal Herrikoa soilik, mundu osoan gertatzen da.

Hizkuntza gutxiagotuak behe mailakoak direla edo normaltasunez erabiltzeko gaitasunik ez dutela uste du hainbatek.
Lingüistikak aspaldian erakutsi du hizkuntza guztiak, barne egiturari eta potentzialitateari dagokienez, berdinak direla. Behar bezala garatu, mundu modernora trebatuz gero, edozein hizkuntza, Afrika, Europa zein Asiakoa izan, berehalakoan egokitzen da mundu modernora. Euskaldunok jasotako hizkuntza, duela mende bat edo gehiagokoa, baserri giroan murgilduta zegoen eta egun zientzia eta teknologia munduan, baita unibertsitate mailan ere erabiltzen da inolako oztoporik gabe, beste edozein hizkuntza arituko litzatekeen moduan. Finean hizkuntzak gizartearen beharrak asetzen baititu, behar dituen funtzioak betez.

Bada ere oso zabalduta dagoen beste idei bat; hizkuntza batzuk besteak baino zailagoak edo errezagoak direla. Zer deritzozu?
Euskaldunoi kalte handia egin digun beste aurreiritzi bat da hori. Hizkuntza guztiek badute ezaugarri bat jaiotzez: ikasgarritasuna. Talde batek hitz egiten duen hizkuntzak ikasgarria izan behar du ondorengo belaunaldiek aritu eta ikas dezaten.
Hizkuntzetan, animalia edo landaretzarekin gertatzen den moduan, familiak daude eta familien arabera, batzuk hurbilago daude batzuengandik eta urrutirago besteengandik. Euskaldunoi beste hizkuntzekiko uharte moduko bat izatea gertatu zaigu. Beraz, normala da esatea espainol batentzat katalana hurbilagoa dela, sustrai bereko hizkuntzak baitira. Dena dela, euskaldun guztiok gaztelania ikasi badugu, espainolek ere esfortzu berbera egiten ahal dute.

Euskara beste hizkuntza gutxiagotuen aurrean nolabaiteko pribilegio puntu batean dagoela aipatzen duzu. Zertan laguntzen ahal ditugu beste hizkuntza gutxiagotu batzuk?
Europa erdian bizi eta aurrerapen teknologikoen abantaila eskura dugun neurrian, pribilegiodunak garela esan dezakegu, baita gure ekonomiari ere erreparatzen badiogu.
Laguntza emateko bada, geureari eutsi beharko genioke lehenbizi eta erakutsi, hizkuntza gutxi primatzen dituen Europa honetan hizkuntza gutxiagotu batean bizitzea posiblea dela. Bestaldetik ere, hizkuntza txikien sare bat osatu eta bultzatu beharko genuke eta orain arteko diskurtsoa irauli, globalizazioaren aurrean lokalismoari garrantzia emanez. Izan ere, munduan barna hizkuntza txiki mordo bat baitago eta normalak horiexek dira; hizkuntza txikiak. Eta ez aldrebes.


HERRIEN ELEAK.
Portugal

“Mintzaideak mundu osoan dituen hizkuntza”
Portugesa edo Galaiko-portugesa Galizian, Portugalen eta azken honen kolonia ohietan hizkuntza ofiziala da, baina Brasil kenduta, herri gehienetan nagusitasuna galduz doa (Ekialdeko Timor, Mozambike, Macau…) edota kreolerak sortu dira (Cabo Verde, Sao Tome eta Printze…). Aipatu ditugun herri gehienak, gehi Angola eta Ginea Bissau, nazioartean hizkuntza komunitate bereko kide dira eta hori dela eta hainbat ekimen egiten dituzte elkarrekin. Galiziako eta Portugalgo berezko hizkuntza bada ere, gogoratu behar dugu gainontzeko lurraldeetan kanpotik etorritako mintzaira dela eta bertako ehunka hizkuntzak bizirauteko arazo larriak dituztela.
Portugesaren ezaugarri nabarmenetako bat egitura fonetikoaren konplexutasuna da: 9 bokal, 5 bokal sudurkari eta 25 soinu kontsonantiko. Bokalen sudurkaritzea VI-VII. mendeetan gertatu zen eta gaztelaniatik bereizten duen bereizgarri nagusia da.
Portugesa mundu osoan zehar hedatuta dagoen hizkuntza da, baina Portugalen bertan bada askorentzat ezezaguna den beste bat: mirandesa du izena eta leonerarekin lotura zuzena du. Tras os Montes eskualdeko Miranda do Douro eta Vimoso udalerrietan bizi diren 15.000 lagunen hizkuntza da.

Portugesak gurean
Iruñean bizi diren atzerritarren %4,6 portugesak dira: 955 lagun osotara, 2005eko ekainean hartutako datuen arabera. Orain dela hiru urte baino 90 gehiago diren arren, ehuneko hori jaitsi egin da, batez ere Amerikatik eta Europako ekialdetik jende gehiago etorri baita. 1972an sortu zen eta Portugalgo etorkinak eta ijitoak hartu zituen Santa Luzia Sustapen Zentroa 2005ean desagertu da.
Iruñeko portugaldarren ia erdia Errotxapean eta Sanduzelain bizi dira, baina Buztintxurin eta Etxabakoitzen ere ehun inguru bizi dira hurrenez hurren.