Dabilen herriari

Etengabe mugimenduan dabilen herria gara. Zenbaitetan, ordea, iruditzen zaigu zorabioan bizi garela eta inguruan gertatzen den orori aurre egiteko arnasa falta zaigula.
Euskararen herriak orain arte egindakoak argiki erakusten du geureari eusteko gai garela. Euskaldunok ez gara egoera normalizatu batean bizi, baina inork ez gaitu desagertzearen “normaltasunera” bidali.
Dabilen herriak gogoratzen du egiten duen urrats bakoitza norabide berean ematen duela: euskararen normalizazioa dugu helmuga, euskaraz blai bizitzea da gure nahia. Eta bide bazterrera bota nahi gaituztenek jai daukate aurrera begira eta elkarri lotuta baldin bagoaz.
Dabilen herriak garbi izan behar du hartu duen erantzukizuna hurrengo belaunaldiek ere gozatu eta eskertuko diotela. Euskararen alde, gure alde inbertitzen ditugun dirua eta giza baliabideak ezinbestekoak dira helmuga hartara heltzeko.
Kontziente izan ala ez, etorkizuna diseinatzen ari gara eta honek halabeharrez ahalegin bereziak egitea eskatzen digu. Helduak euskalduntzeko erakundeak, eta oro har euskalgintza diruz laguntzea etekinak erruz emanen dizkigun kontu batean dirusarrerak egitea bezala da. Hezkuntza eta helduen euskalduntzea funtsezko zutabeak baitira gure etxea zutik egon dadin: ez ditzagun inoiz erortzen utz. Bai, euskalgintza fronte askotan dabil, baina ez gara galduko funtzio banaketa egokia egin eta nork bere eginkizunari heltzen badio.
Dabilen herria gara, eta gure izenean edota askatasunaren izenean beste edozein herriri egiten zaion zapalketa guri eginen baligute bezala sentitu nahi dugu.
Dabilen herriari, ibilian jarraitzen duen herriari ez zaio goroldiorik lotzen, ez eta inertziak dakarren arriskurik ere. Nekaezinak bagina ez genuke meritu handirik izango, baina orain ez dugu pausaldirik egiteko asmorik: horretan datza gure indarra.


ZENBAT BURU… Peio Añorga

Pello Añorga idazle eta ipuin kontalari oiartzuarrarekin hitz egiteko aukera izan dugu. Idazle emankor honek ikastola batean egin zuen lan ipuinen munduan bete-betean sartu aurretik. Euskararen eta gaztetxoen arteko harremanaren inguruko hausnarketa interesgarriak egin dizkigu.

1986an irakasle lana utzi eta ipuin kontalaritzaren munduan sartu zinen. Zer bilatzen zenuen erabaki hori hartu zenuenean?
Garai hori ulertzeko gogoratu behar da askok iraultza egin nahi genuela gizartean. Ni ikastolan “guda” pedagogikoaren munduan ibiltzen nintzen, antzerkiaren, plastikaren bidez… Hezkuntzaren erreforman sormenari ematen zitzaion garrantzia orain baino handiagoa zen. Aipatzen duzun erabakia hartu aurretik, 1983. urtean ipuinak kontatzen hasi nintzenean ikusi nuen haurrak liluratuta gelditzen zirela. Eta orduan irakasleek proposatu zidaten gelaz gela ibiltzen hasteko. Nire kezka horiek ipuinetan islatu ziren. Ikusi nuen Euskal Herrian ez zegoela ezer ere arlo honetan (Ameztoi hasi berria zen), eta estatu mailan ere gutxi. Azken urte hauetan, zorionez, kontalariak ugaldu dira. Zer bilatzen nuen? Pedagogia eta komunikazioa ipuinen munduan lortzea posible zela ikusi nuen. Komunikazioaren mundura haurrek beraiek eraman ninduten eta ikusi nuen haurrengana bitartekorik gabe ailegatzen nintzela. Hitzarekin bakarrik komunikatzea lorpen handia izan zen niretzat.

Ipuinak kontatzen dituzunean pertsonengan eragin nahi al duzu?
Kontaketari helburu didaktikoak jartzea ez zait gustatzen. Haurrekin komunikatzen zarenean konturatzen zara gauza asko lortzen dituzula. Eta komunikazioa esaten dudanean, emozioa ere esan nahi dut. Emozionatzea. Euskaraz, beste hizkuntza askotan bezala, hori oso inportantea da. Kontua da nerabezaroan emozionatzeko ahalmena galtzen dutela askok. Lotura afektiboak lortzea oso garrantzitsua da, eta hori komunikazioaren bidez lortzen da. Anekdota asko konta ditzaket: ospitale batean mugitzen ez zen haur bat zegoen, ba ipuinak kontatzen hasi eta besoak mugitzen hasi zen, emozionaturik. Meñakara joan nintzenean esan zidaten haur batek ez zuela hitz egiten; hasi nintzen eta handik gutxira hitz egiten hasi zen, irakasleak zur eta lur utziz. Haurrarekin komunikatzen zarenean leiho bat zabaltzen da, eta ipuinak hezitzaileak izan daitezke. Magia hitzak badu zerikusirik “mager”, “magister”, “magisterio” hitzekin. Kontua haurrak esnaraztea da, ipuinen bidez.

Zer egingo zenuke jendearen euskararekiko motibazioa areagotzeko?
Nik uste dut motibazioa areagotzeko, alde batetik, hizkuntzarekin lotura afektiboak sortzea oso garrantzitsua dela. Irakasleak jakin behar du komunikatzen, emozioak sortzen. Bestetik, haur batzuk lotsatiak dira, erridikulua egiteko beldur handia dute, eta nik uste dut gorputza ere tratatu, desblokeatu behar dela. Garrantzitsua da gehiago ukitzea, masajeak ematea, etab. Besteekin konfiantza gehiago lortzeko zentzuak gehiago esnatu behar ditugu. Gehiago ukitu, gehiago jolastu, kontatu, bidaiatu… Konfiantzarik gabe zaila da komunikatzea. Gazteei hizkuntzaren egiturak erakutsi dizkiegu baina ez dakite komunikatzen. Kontaketaren mundutik bi gauza horiek ikusi ditut.

Proiektu edo ikuskizun berriren bat ba al duzu esku artean?
Liburu batzuk argitaratuko ditut, eta nire errepertorioa berritzen ari naiz. Ospitalean gauza berriak egin behar ditut, baita ikastaroak ere (besteak beste, Nafarroan). Gero eta gehiago dira ikastaroak eskatzen ari direnak.

Kontalaria izateaz gain, idazlea ere bazara, eta gainera gure haur literaturak duen idazlerik emankorrenetakoa zara. Nola ikusten duzu euskal haur literatura sormenaren aldetik?
Xabier Etxanizek eta Mariasun Landak esaten dutenarekin bat nator. Asko aldatu da, onerako, azken 20 urteotan. Askoz idazle gehiago daude, eta hutsune handia zegoen gazte literaturan eta poesian ere ari dira batzuk. Aspaldikoak bezalako ipuinak badaude, baina baita ere korronte berrikoak: soziala, ekologikoa, feminista… Nik idatzi dudanari dagokionez, “Haur zeru-lurtarra” ipuinean jorratzen dudan arloaz gauza gutxi idatzi da. Beste liburu bitxi bat heriotzaren gaia haur txikiei hurbiltzeko idatzi nuen “Adio, adio” da. Zenbait gurasorekin hitz egiten hasi eta esaten zidaten: nola idatzi duzu hau? Ba haurrekin hitz egin ondoren. Niri gustatzen zait ahozkotasunetik hurbil dagoen prosa idaztea. Haur txikien (3 eta 5 urte artekoak) alorrean sormen lana gutxi da; orain badago zerbait gehiago baina gutxi da. Adin horretan testua garrantzitsua da baina baita irudia ere, eta hau garesti samarra da.


HERRIEN ELEAK.
Kolonbia

Kolonizazioaren zama
Goi klaseetako herritarren artean abizen euskaldun ugari (horien artean Uribe presidentearena) dagoen herri honetan egoera sozialak latza izaten jarraitzen du. Jatorrizko hizkuntzen egoera ere ez da hobea.
Indigenak kolonbiarren %2 besterik ez dira gaur egun. Ethnologue proiektuaren arabera Kolonbian ofiziala den gaztelaniaz gain beste 78 hizkuntza daude bizirik: 500.000 hiztun inguru daude hauen guztien artean. Mintzatuenak wayuu (karibea), paez, awa, embera, ica, inga (ketxua) eta guahibo dira. Beste 20 hizkuntza desagertutzat jo daitezke dagoeneko.
Urriaren bukaeran Amerika osoko herri indigenen III. gailurra egingo da eta bertan Kolonbiako ONIC erakundeak hartuko du parte.

Kolonbiarrak gurean
Aurtengo urtarrilaren 1ean 1.996 kolonbiar zeuden Iruñeko erroldan (etorkin guztien % 9,14). Osotara 4.813 ziren Nafarroan. Bestalde, maiatzaren 7an bukatu zen prozesuan ehunka kolonbiarrek izan dute beren egoera errugularizatzeko aukera. Iruñean bizi direnen artean oso gutxi dira indigenak, eta esan daiteke ia guztiak gaztelania hutsean bizi direla. Hiru elkarte dituzte hiri honetan: Asocolom elkarte nagusiaz gain, Casa de Cultura de Colombia eta Colombia Ritmo y Cultura ere sortu dira. Txapitela kalean dagoen Etorkinen Elkarteen Federazioan (FAIN) kolonbiarren presentzia garrantzitsua da. FAINek orain dela hilabete gutxi latindar jatorriko etorkinen elkargune berri bat abiarazi zuen: “Sin Fronteras” doako hilabetekaria.