Distantzia eta abiadura ez dira fisika kontuak

Zenbat aldiz entzun duzu euskara zaila dela? Askotan entzuten dena egiatzat hartzeko joera dugu, besterik galdetu gabe. Baina, kasu honetan, gaiari buruz hausnartzen badugu, berehala ikus dezakegu euskararen zailtasuna mito bat dela.
Izan ere, bi hizkuntzen artean dagoen distantzia bera da (antzekotasun edo ezberdintasun linguistikoak edo semantikoak esaterako) norabide batean edo bestean joanda. Hau da, euskara eta gazteleraren kasuan, distantzia bera da euskaldun elebakarrek gaztelera ikasteko ibili behar dutena eta gazteleradun elebakarrek euskara ikasteko ibili behar dutena. Batzuen eta besteen kasuan aldatzen dena ez da distantzia, abiadura baizik. Eta abiadura hizkuntzarekin harremanetan egoteko aukeren araberakoa (erabilera) eta ikasteko daukagun gogoaren araberakoa (motibazioa) izaten da.
Ez da gauza bera Iruñetik Donostiara autoz edo bizikletaz joatea, ez gara abiadura beraz bidaiatuko, distantzia bera izanda ere. Autoz azkar eta esfortzu txikiarekin helduko gara; izan ere,gizartean dena dago prestatuta abiadura handiz joateko. Bizikletaz joatea, neketsuagoa eta mantsoagoa izateaz gain, gizarteak hobetsitako “ereduaren” kontra joatea litzateke.
Gure ingurunean gaztelera abiadura handiz ikas daiteke: esparru guztietan erabil daiteke, komunikabide eta eskaintza kultural zabala aurki daiteke eta,erabiltzen hasita, biztanle guztiek ulertuko dute. Horretaz gain, ikasteko presio soziala handia da. Euskara, aldiz, abiadura txikiagoz ikasi ohi da: esparru gutxitan erabili daiteke, komunikabideen eskaintza eta kultur produkzioa mugatuak dira, eta, erabiltzen hasita, biztanle askok ez dute ulertuko. Kasu horretan, ikasteko presio sozialik ez dago. Ikasteko abiadura ezin da bera izan baldintzak horren ezberdinak badira. Baina horrek ez du distantzia aldatzen. Euskara ez da berez zailagoa, ikasteko baldintzak dira aldatzen direnak.
Jesús Tusón eta Juan Carlos Moreno Cabrera idazleek, besteak beste, agerian utzi dituzte hizkuntzei buruzko mito asko. Biek salatu dute hizkuntza batzuk beste batzuk baino “zailagoak” edo “errazagoak” izatearen ustea, eta uste horrekin lotuta dauden bestelako iritzi gehiago. Esate baterako: euskaldunek errazago ikasten dute gaztelera erdaldunek euskara baino, euskaldunen ama hizkuntza konplexuagoa izatean abantaila dutelako hizkuntza “errazagoak” ikastean…
Hizkuntza batzuk aspektu batzuetan (fonologia, aditzaren paradigma…) zailagoak badira,beste aspektu batzuk errazagoak izaten dituzte, eta, hortaz, osotasunean hartuta, hizkuntza guztiek daukate konplexutasun maila bera. Azken finean, mendez mende komunikatzeko instrumentu onak izan direla frogatu duten hizkuntza, izan dira, batetik, modu natural batez haurrek ikasteko bezain errazak eta, bestetik, garaian garaiko gizartearen beharretara egokitzeko bezain konplexuak.


ZENBAT BURU…
Larreko saria 2005: euskararekiko leialtasuna


Inoiz ez da kontu erraza Iruñean euskaldun izatea. Mugak eta trabak ez dira gutxi oraingo euskaldunentzat. Gerra ondorengo frankismo gordinean, garaiko gizarte itxi eta autoritario hartan, zer zen euskaldun izatea?
Aurten Euskalerria Irratiak Larreko sariaren XI. edizioan garai haietan emakume eta ama euskaltzale izan zirenak oroitu eta omenduko ditu. Egoerarik gogorrenak bizi izan zituzten eta euskararekiko leialtasuna erakutsi zuten beraien seme-alabei gure hizkuntzaren oparia eginez. Belaunaldiz-belaunaldi kate luzea egiten du hizkuntzak bere transmisioan eta beraiek osatu duten kate-begia tinkotasunez eta maitasunez osatu dute ama batek egin dezaken moduan.

Sari ematea baino aste batzuk lehenago, garai hartako protagonista zenbait elkartu dira kafearen inguruan eta testigantza ugari, alaiak eta mingarriak, kontatu dizkigute. Donata Urriza Igoatik Iruñera etorri zen eta garai hartan bizitakoaz horrela aritu zaigu: “lotsa sentitzen nuen inguruan ez zelako euskaraz hitz egiten. Erdaraz ez genekien oso ongi, nahiz eta ikasketak erdaraz egin” . Gainerako emakumeekin bat egiten du : “Gogorra zen denbora hartan euskaldun izatea. Beldurra zegoen”.
Rosario Erro Lakuntzan sortu, baina bi urterekin gurera etorri zen, oporrak herrian egiten zituelarik. Bere ezkontza du gogoan bereziki: “euskaraz ezkondu ginen San Nikolaseko elizan, San Migueleko aldarean”. Ondoren etorri ziren hiru ume eta bederatzi bilobak euskaldunak dira.
Pilar Berezibar Arrasaten jaio eta Iruñera etorri zen. Berak esandakoaren arabera, “orduan denek erdaraz egiten zuten. Nik euskaraz egiten nuen harrapatzen nituen guztiekin. Ni euskararik gabe ez naiz pertsona: lo eta amets, dena euskaraz egiten dut”.
Kontxita Urionabarrenetxea Arrasatearra ere harro dago bere seme-alabak euskaldunak direlako. Garaiak , hori bai, aldatzen ari dira: “Orain lehen baino gehiago aditzen da kalean”.
Lesakan bizi izan zen sortzez Iruñekoa den Felisa Erroz. Herrian bai , euskaraz aise. Hirian, aldiz, ingurukoek mespretxua erakusten zioten: “horrek ez du ezertarako balio”. Baina berak garbi zeukan, “niri gustatzen zitzaidan eta lagunekin mintzatzen nintzen”.
Damiantxu Mitxelenak urte guztietako balantzea egiterakoan hauxe esan digu: “euskarak neke baino, poza gehiago eman dit. Familian denok egin dugu euskaraz”. Eta gaineratzen du arantzatar honek : “Orain, gainera, gustura jarraitzen dut Euskalerria irratia”.
Maria Jesús Etxeberria Etxalekutik Iruñera etorri zen eta aitortzen digunez, “gu elkarrekin beti euskaraz ari ginen, baina kanpoan ezin zen inorekin hitz egin. Ez genuen euskaraz norekin egin. Orain bai, badaude gazteak, baina gure adinakoak ez”.
Iruñean jaio zen Ceferina Fontellasek kementsu esaten du: “Aurrera egin behar dugu eta traba guztiak kendu behar ditugu”. Bere gaztaroa gogoratuz horrelaxe dio: “Ez nuen norekin hitz egin eta autobusetara eskapatzen nintzen herrietako jendearekin euskaraz egiteko”.
Maritxu Leonetek, Hernanin sortua, Iruñean gertatu zitzaiona ongi gogoratzen du oraindik: “Behin izeba batekin paseoan ginela, ondo jantzitako bi gizaseme pasa ziren gure ondotik eta horrela esan ziguten – seguid así, no perdáis el euskara-. Orduan atentzio ematen zuen kalean euskara entzuteak”.
Maria Josefa Otegi errenteriarrak gerra ondorengo oroimenak ditu “euskaldun asko zimurtu ziren orduan”. Ez, ordea, bere gurasoak eta gogoan hartuz eskerrak ematen dizkie. Iruñean pasadizo gogorrak bizi zituen: “ezkonberriak ginela, astakeriak entzun genituen kalean”.
Elorrioko Juli Igartza Zubiartek irmo aitortzen digu: “Inoiz ez diet aita-amari erdaraz hitz egin. Barre, haserretu, abestu… dena euskaraz egin dugu etxean”.
Miren Sasiainek, Gatzagan sortua, oroimen berezia egin dio senarra izan zenari: “eskerrak eman behar dizkiot orduko giroa ez zelako oso euskalduna. Gu etorri ginenetik hona alde handia dago”.
Kandide Berazadik ere senarra gogoan eduki du: “Senarrak euskara maite zuen eta ikasi zuen. Euskalduna hil zen” Eta jarraitzen du “Behin ere ez diot semeari etxean erdaraz hitz egin”.
Bizipen gogorrak agertzen dira haien guztien oroimenean baina, horien gainetik, seme-alabak eta bilobak euskaldunak dituztelako harro eta zoriontsu dira emakume ausart hauek. Lan gogorra eta isila, etxeko sukaldean egina, merezitako Larreko saria jasoko duena.
Ceferinak oraindik gogoratzen du Larreko bera, ospitaleko sendagile zenean, maitekiro euskaraz egiten ziola. Hura izan zen bere euskarazko lehenengo liburua oparitu ziona. Iruñean, 1941. urtean izan zen hori. Orain Larreko ezagutu zuen emakume honek, bere belaunaldiko beste emakume euskaldun batzuekin batera haren izena daraman saria jasoko du. Zorionak euskaldun guztion partetik eta zorionak ere Karrikiriko kide guztien partetik!!


HERRIEN ELEAK.
Mexiko

Indar indigena
100 milioi biztanle dituzten Mexikoko Estatu Batuetan (hauxe baita estatuaren izen ofiziala) 12 familiatan sailkatuta dauden 77 hizkuntza inguru hitz egiten dira. Zenbaiten ustez ia 300 hizkuntza daude, baina sailkapenotan hizkuntzak eta dialektoak nahasten dira askotan. Hizkuntza indigena asko estatu bakar batean aurki ditzakegu: Oaxacan. Chiapas, Veracruz, Guerrero eta Puebla estatuak ere aniztasun handikoak dira. Oro har, Mexikoko biztanleen %8k hizkuntza indigenen bat hitz egiten du.
XX. mendeko azken hamarkadan, neurri handi batean bertako herri mugimendu berriei esker, kultura indigenen inguruko hausnarketa hasi zen Mexikon. Orain arteko emaitzarik garrantzitsuena 2003ko martxoan argitaratutako Herri Indigenen Hizkuntza Eskubideen Lege Orokorra da. Dokumentu konplexua eta dirudienez praktikara eramateko zaila da.

Mexikarrak gurean
Iruñean bizi diren mexikar gutxi batzuek nolabaiteko euskal jatorria dute. Indigenak oso gutxi dira, eta gehienak gaztelaniaz egiten duten mestizoak dira. 2004ko abenduan 255 mexikar zeuden Iruñeko erroldan (2001ean 91 ziren). % 57 emakumeak dira. Auzo guztietan bizi dira, baina amerikarrekin gertatzen den moduan, Alde Zaharrean, Zabalgunean eta Donibanen beste auzo batzuetan baino gehixeago. Orain arte ez dute haien artean elkarterik sortu. .