Euria egin behar du

Aurten denbora gehiago izango duela ikusita, Martak euskaltegian izena eman berri du, zekien apurra ahantzia baitzuen aspaldiko partez. Oraingoan gelatik kanpo ere hiztunik aurkituko duelakoan, euskaltegitik atera eta etxerako bidean da. Gorantz begiratu behar izan du. Baina ez al zegoen ateri?
Euri-tanta bat erori da.
Ez, ez du gogoratzen Miguelek noiz leitu zuen azkena. Daraman bizitza katramilatsuan ez dago liburuentzako tokirik. Baina lehengo egunean lagun batek aholku bat eman eta, zergatik ez dakiela, gaur arte ezin izan du burutik aldendu. Saltzaileari eman dion papertxo zimurtua soinujole batez ari da.
Kanpoko erakusleihoan tanta bat pausatu da.
Bazekien Iñakik Arantza euskalduna zela. Kontua da neska hori begiko izan duela beti eta, komunikazioa lortze aldera, erraietan bizi diren hitzez aritu izan zaiola. Auskalo zergatik eginen zion atzo euskaraz Arantzari kalean ikusi zuenean. Barrua mugituxea izanen zuen akaso…
Tanta lodi batek musua eman dio lurrari.
Etxeko leihotik haur bat tantei begira dago. Eta hasi da pentsatzen kristalean irrist egiten duten horiek, tantak diren aldetik, zerbait gehiago ere badirela. Zera oihukatu die orduan: Esan nahi duzuena, baina ez zarete txortak bakarrik, euria zarete!
Eta txortak euri bihurtu dira haurraren begietan.
Baina leiho horren azpitik pasatu den neskak antzematen du euskaldunok tanta bakartitzat jotzen gaituztela oraindik eta zenbaitek, aterkiak erabiltzen dituzten bitartean, euria ez da existitzen eta beraz ez du eskubiderik esateko atrebentzia dutela. “Uste dut hori baino zitalagoa litzatekeela guk geuk euriaren kontzientzia galtzea”, erantzun dio bere ondoko lagunak. “Gizarteak bultzatzen duen isolamendu itsaskorretik ezer gutxi aurreratuko dugu. Gogoratu beharko genuek ez garela negar malkoak eta ezerk ezin gaituela xurgatu; ez al gara ohartzen gure ura euskara dela eta, tanta egiten gaituena, euria?”.
Zuk ere bakoitzaren ahalegin bakanei zentzua eman nahi dien jardunean lagundu nahi baduzu, zatoz euria egitera, zatoz denon komunitatea eraikitzera. Nahi dugun zaparradan tanta guztiak izanen ditugu.



ZENBAT BURU… Josu Reparaz

2000. urteaz geroztik Lizarra ikastolako zuzendaria da Josu Reparaz Uiza Arbizuarra. Gaur egun 720 ikasle hartzen dituen ikastola honek Nafarroa Oinez festa ospatuko du hilaren 17an eta bertan lortuko dituzten sosekin ikastetxeko hainbat berritze lanak egitea espero dute. Horretaz guztietaz hizlari aritu zaigu festaren prestaketek utzi dioten tarte txiki batean.

Nafarroa Oinez prestatzen aritu zarete urte osoan zehar. Zer moduz joan dira antolatutako ekintzak?
2003ko urrian hasi ginen lanean, batzorde ezberdinetan banatuta: Pertsonala, ekintzak, ibilbidea, muntaiak, ostalaritza, segurtasuna, zerbitzuak, ekonomia, komunikazioa, babesleak, materiala eta osasuna.

Ekintzei dagokienez, urte osoan zehar izan dira: Kontzertuak (Oskorri eta Rock kontzertua), artea (artea’04 erakusketa ibiltaria Bilbo, Iruñea, Donostia eta Lizarran 86 euskal artisten lanekin), maiatzeko feriak (Lizarra aldeko janari, edari, artisau eta abar aurkeztuz eta azalduz), folklorea (Lizarra Gurea izeneko emanaldia), kirolak (pilota partida).
Ekintzak ilusio handiz prestatu eta jasoak izan dira, oso arrakastatsuak gertatu direlarik, euskararen presentzia bermatuz eta euskararen aldeko atxikimenduak aurkeztuz.

Hirugarren aldia da Lizarran Nafarroa Oinez ospatzen dela. Nolakoa izan da ikastolaren bilakaera? Zein da gaur egungo egoera? Zenbat ikasle dago?
Lizarra Ikastola 1970. urtean sortu zen Lizarra eta Lizarraldeko guraso taldetxo baten ilusioari esker. Ikasturte hartan 26 ikaslek hasi zuten kurtsoa haur eskolan.
1985. urtean ospatu zen lehenengo Nafarroa Oinez eta jasotako diruarekin Eskolapioek zuten ikastetxe zaharra eta solairua erosi zituzten. EUSKARA BATZEN GAITU izan zen orduko leloa.
1990. urtean, bigarrena izan zen EZINA EKINEZ EGINA eta lortutako dirua ikastola berria eraikitzeko lehen urratsak emateko erabili zen.
2004ko Oinez hau ikastolak 720 ikasle dituen unean heltzen da eta ikastetxean ezinbestekoak diren eraikuntzak berritu eta sortzeko erabiliko da lortutako dirua (haur eskolako eraikuntza, igogailua, biltegia, jolastokia, eta abar.)
Aurtengo Leloa lizarran@euskaraz.bai izanen da. Gure ikastolaren historia talde lanaren eta ilusioaren historia da.

Nafarroa Oinezen helburu nagusietako bat gure hizkuntzari bultzada ematea da. Zer moduzko egoeran dago euskara Lizarra inguruan?
Lizarran euskararen egoerak hobera egin du nabarmen azken 30 urte hauetan, nahiz eta euskara geletatik atera eta kalera, bizitza arruntera, eramatea den oraindik ere jorratzen dugun helburua, egun asko dira gure geletatik pasa eta euskaldundu zirenak eta euskalduntzen jarraitzen dutenak, bertan familia euskaldunak sortuz baina inguruaren presioz, gaztelaniarena, itogarria gertatzen da. Udalak eginiko azken zentsuan jendearen %10ek daki euskaraz mintzatzen eta dakitenetatik asko dira euskaraz mintzatzen direnak.

Urriaren 17ra bitarte hainbat ekimen prestatu dituzue. Azkeneko prestaketak zer moduz doaz? Ibilbidea nondik nora joanen da? Zer ekitaldi azpimarratuko zenituzke?
Esan dezakegu, gauza gehienak lortzen ari garela ekintzei, guneei eta abarri dagokienez eta azken asteotan hainbat ekintza burutu ditugu. Irailean zehar, esaterako, Kepa Junkeraren kontzertua, Euskaltzaindiak Lizarran eginiko saioa eta hitzaldi bereziak, Lizarra Gurea ikuskizuna, Miarritzeko baleta eta krosa izan genituen. Orain hilaren 17ko festako prestakizunekin gabiltza bete betean, baina urriaren 8an, euskal artisten erakusketa zabalduko dugu Gustavo de Maeztu Museoan. Euskal Herrian barna ibili ondoren, euskal artista onenetarikoak biltzen dituen erakusketa Lizarran inauguratuko dugu. Bertzeak bertze Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Jose Luis Zumeta, Txomin Badiola, Dora Salazar, Carlos Ciriza, eta Koldo Jauregiren artelanak izanen dira ikusgai.


HERRIEN ELEAK.
Kamerun

Afrika txikia
12 milioi biztanle dituen estatua dugu Kamerun. Afrikako aniztasuna islatzen duen eremu honetan herri asko bizi dira: Bamileke mendebaldean, Fang eta Bassa-Bakoko herriak hegoan, Fulani eta Kirdi taldeak iparrean, Duala kostaldean eta Mbum eta Baya ekialdean. Dena den, britainiarren eta frantsesen eragina begi-bistakoa da hezkuntzan, merkataritzan, legerian eta beste hainbat kontutan.
Bere garaian Alemaniaren kolonia izandako lurralde honetan hizkuntza ofizial bakarrak frantsesa eta ingelesa dira, baina mintzatuenak beti-pahouinera eta bamilekera dira. Hango Konstituzioak dio elebitasuna bultzatuko dela, baina gainerako hizkuntzen inguruan egiten duen aipamen bakarra da estatuak “nazio hizkuntzak” babesten eta sustatzen lagunduko duela.
Kamerungo hizkuntza politika “norbanakoen hizkuntza eskubideetan” oinarritzen omen da, baina betiere norbanakoek frantsesez edo ingelesez egiten badute. Gainerako hiztunei ez zaie eskubiderik aitortzen.

Kamerundarrak gurean
Iruñeko kamerundarren Elkartea orain dela zenbait urte sortu zen. Kide askok -horien artean Iruñean euskara ikasi zuen mutil bat- Katalunia aldera jo zuten lan bila orain dela bi urte, baina badirudi azkeneko hilabeteotan hona etorritako kide berriak elkartea berpizteko ahaleginetan dabiltzala.
Elkarte horretako kideek diotenez, afrikarrek berebiziko zailtasunak dituzte hemen aurrera egiteko orduan. Esate baterako, ohikoak diren lan arazoez gain, afrikar gehienek ezin dituzte gida baimenak homologatu. Kamerundik iritsitako bizilagun berri askok karrera unibertsitarioak dakartzate, baina titulu horiek ezer gutxirako balio omen dute hemen eta eraikuntzan eta bestelako lanetan jarduteko beharturik egoten dira. Baina osatzen ari garen gizarte berrian denon artean saiatuko gara bidegabekeriak ezabatzen, ezta?