Hizkuntzak, komunitateen izaeraren ardatz izateaz gain, dakigunez, komunikazio tresnak dira; edo, bestela esanda, gure mezuen eramaileak, ibilgailuen gisara. Eta ibilgailuek harrizko edo asfaltozko bideak behar dituzten bezala, hizkuntzek ere beren bideak behar dituzte komunikazioa lortzeko, komunikazio sozialerako.
Hots, gure hizkuntzan zerbait komunikatuko badugu, edo mezurik jasoko, bideak beharko ditugu, KOMUNIKABIDEAK, hain zuzen ere. Izan ere, badugu gure artean hainbat bide ezarririk; Euskaldunon Egunkaria, eskuartean duzun KARRIKA hau, edo Euskalerria Irratia, besteren artean.
Baina, Euskalerria Irratiaz ari garela, gogora dezagun oraindik lege-baimenik ez duela eskuratu, antza denez, botere ofizialek nahi lukete haiek markaturiko bidetik ibil dadin, “bideragarritzat” ez dutelako jotzen, hots, merkatu legeen arabera ibil ez litekeelakoan. Ez diote lizentzia eman nahi, ez dakigu emanen dioten ere, hamar urtez bere bidean ibili den, ibilarazi dugun, komunikazio tresna honi.
Ez da harritzekoa, botereek ez baitute gure hizkuntza erabiltzen komunikaziorako.
Eta, zer dela eta eman behar diote baimena erdal botereek gurea den komunikabideari? Legezko baimena eman ala ez, guk emana diogu gure baimena aspaldian, eta gure babes eta sostengua. Gure bidean bideragarria da, horixe baietz. Horra lizentzia emana, gure arteko komunikaziorako sortu irratia guk baimentzen baitugu, gure laguntzaz, 91,4 FM adituaz, bere bidea eta hortaz gure bideak ere zabalduz.