Euskaldun pasiboak: loti ederrak ere esnatzen dira
Batzuetan. badirudi datu soziolinguistikoek pozteko motiboak ematen dizkigutela. Esate baterako, Gauza jakina da azken hamarkada hauetan euskara dakitenen kopurua igo dela. Tamalez, egoera islatzen saiatzen diren datu horiek ere erabilera ez dela igo egiaztatu ahal izan digute. I
Beste hitzetan esanda: euskararen ezagutza jaso dutenen kopurua inoiz baino handiagoa da, baina horietako askok, arrazoi desberdinengatik, beste hizkuntza bat hobesten dute eguneroko zereginetan murgiltzeko orduan.
Arrazoi horien artean, denetarik dago: lotsa, konplexuak, euskara-maila eskasa lortu izana, gizarte-ingurunean dagoen giroaren eragina… Hala ere, badira errealitate itxaropentsuak: denok ezagutzen ditugu erdararen menpeko utzikeria alboratu eta erdi ahaztuta zeukaten euskara hori bizigai bilakatu duten pertsonak.
Izenetik izanerainoko bidea egin duten horiek askotan zubi bat erabili dute: gogoa, kontzientzia. Egia da bide hori zeharkatzea norberak egin beharreko lana dela, baina denok lagundu dezakegu zubi horien eraikuntzan lan eginez eta oztopoak kenduz.
Hasteko, euskara bere burmuinetako txokoren batean lo sakonean utzi duen hori ez dugu hizkuntzaren egoeraren erruduntzat jo behar, erantzukizunen arazoa askoz ere korapilatsuagoa baita; eta bestalde, hizkuntz kontzientzia berpizteko deiek ezer gutxirako balioko dute bere euskara herdoildu zaien horiek bizitzako arlo guztiak euskaraz bizi daitezkeela ikusten ez badute.
Horretantxe sakondu beharra dago: gainerako euskaldunok zerbait baliotsua galtzen ari direla erakutsi behar diegu euskaldun pasibo horiei. Eta horretarako, jarrera koherenteak eta dinamika bizkorgarriak garatu behar ditugu gure artean eta inguruan.
Ikus dezatela euskaltzaletasuna ez dela diskurtso soil bat eta askoz haratago doala. Gure sormena, gure pozak, gure oinazeak eta afektibitateak ere euskaraz bizi ditugula ikus dezatela. Errealitate guztiak euskaraz bizi ditugula, naturaltasunez. Baliteke modu horretan, hizkuntzarekiko, bizitzarekiko sentiberatasunak pertsona horiengan ere eragina izatea eta barruan daukaten loti
eder hori, euskara, betiko esnatzea.
Hauxe dugu mende eta milurteko berrian dugun erronketariko bat, eraiki nahi dugun etorkizun horretan kide hauek bidaide ere nahi ditugulako.