Koherentzia


Hiztegiek diotenaren arabera, koherentzia gauzen arteko erlazioa, lotura edo atxikipena da; ideien artean, esaten eta egiten diren gauzen artean, edota jende multzo baten partaideek darabiltzaten asmoen artean. Izan ere, gure inguruan sarritan aipatu izan da koherentzia, edo koherentzia falta hobeki esan, esate baterako, Nafarroa Oinez bezalako ekitaldietan plazaratzen diren ideia, nahi eta asmoen artean eta eguneroko praxiaren artean izaten dugun hutsune handia azaltzeko, edota euskaldunok –gazteek, batez ere- Nafarroa Oinezera joan bai, baina urtean zehar Euskaraz egiten ez dugula salatzeko ere.
Tira, ez dugu ukatuko askotan huts egiten dugula esaten eta egiten ditugunak bateratzeko unean, baina ez dugu uste geure burua -ez eta inorena ere- erruduntzat joaz deus askorik konponduko dugunik.
Ideiak, asmoak, helburuak. hamaika moduren bidez agerrarazten ditugu sarritan: Nafarroa Oinez eta gisako ekitaldiak, Toka Noka ekimena, Bai Euskarari kanpaina eta XXI. Mendeko Akordioa, Korrika,AEK, EHE, Oinarriak eta bestek deituriko manifestazioak…, ekitaldi handiak zein txikiak, luzeak zein laburrak,
iraunkorrak zein aldi batekoak, beste asko ere aipa genitzake, eta horietan guztietan adierazi ohi dugu euskaldunok Euskaraz bizitzeko desioa.
Hona, bada, hurrengo pausua, koherente jokatuko badugu: desio eta behar hori betetzeko ahaleginak egin. Tresnak eta baliabideak sortu eta haiek baliatzeko elkartu. Azken batez, horren inguruko ideiak ekarri besterik ez dugu egin nahi izan, Karrikaren hasieratik zuen etxera igorri ditugun artikuluska hauen guztien bidez. Errudunik eta koherentzia faltarik bilatu gabe, esaten duguna egin ahal izateko bideak ireki.
Horixe bakoitza era koherentean aritzea beharrezkoa dugula baina, egiatan diogu, guztion artean koherente izatea -koherentziaren adiera kolektiboari jarraiki-, norbera ere koherente izateko erarik eraginkorrena dela. Erruak bilatu beharrean, ikas dezagun besteekiko lotura edo atxikipena dela bakoitza koherente izateko bide laburrena.