Euskararen unibertsoa lekurik gabe unibertsitatean
Aurten ere euskara bazter utziaz ekingo diote ikasturte berriari Nafarroako Unibertsitateek: euskaraz aritzeko aukerak hutsaren hurrengo dira oraindik ere.
Unibertsitateak gizarteko hainbat arlotan duen eragina inor gutxik jar dezake zalantzan: heziketa, lan prestakuntza gizarte dinamizazioa, ikerkuntza, garapen ekonomikoa… Hortaz, Unibertsitate publikoaren autonomia alboratuz euskara behin betiko mugatzeko asmotan Gobernuak ezarri nahi duen aldaketa legala beren heziketa euskaraz osatu nahi duten gazteen etorkizunaren aurkakoa izateaz gain, gizarte osoaren garapenaren kontrako erasoa ere bada, besteak beste euskara eta euskaldungoaren ekarpenak saihestea baitu helburu.
Baina Unibertsitateak ezin dio muzin egin erronka handi honi euskara etorkizuneko hizkuntza delakoan beren seme-alabentzat D eredua hobesten duten gurasoak gero eta gehiago baitira. Ildo honetatik, oinarrizko hezkuntzan euskararen presentzia toleratu baina goi mailakoan arbuiatzen dutenen itxurazko kontraesana areagotzen omen da. Ez genuke ahaztu behar, ordea, euskararen presentzia gizartean indargabetzen saiatuz, unibertsitate eredu elebakar gaztelaniaduna babesten
dutenen helburuetariko bat hain zuzen ere aurreko zikloetan euskarazko hezkuntzaren eskaera geldiaraztea izan daitekeela.
Horrexegatik Nafarroa Oinez bezalako euskal hezkuntzaren aldeko ekitaldietan parte hartzen dugun guztientzat –eta gizarte osoarentzat ere- euskararen debeku objektiboa unibertsitateen munduan halabeharrezkoa da saihestezina balitz bezala ikustea arriskutsua da oso. Ez ditzagun etsipenez onartu beren hizkuntz ibilbidea garatzeko eta euskarazko ikasketa-prozesua osatzeko euskal ikasleen eskubideak urratzen dituzten erabaki maltzurrak.
Bizitzako arlo guztietan euskaraz bizi nahi baldin badugu ezin dugu ahaztu eremu hau. Izan ere, gizartean gai honen inguruan axolagabekeria nagusituko balitz gazteen eta euskal komunitatearen etorkizuna are egoera larriagoan geratuko litzateke.
Zeregin garrantzitsuak ditugu aurrean, beraz. Unibertsitateetan bertan euskararen alde etengabe lanean diharduten pertsonak eta taldeak badaude, eta askotan ez ditugu behar bezain ongi ezagutzen. Egoera latzean ari dira, baina azken batean, ziur gaude denon kontzientziaren eta lanaren fruituak ezjakintasuna baino erakusten ez duten jarrerak desagertarazi ahal izango dituela.