Bai euskarari akordioaren plan estrategikoa Nafarroan


Martxoaren 18an, Udako Euskal Unibertsitateko soziolinguistika sailak deituta, Nafarroako euskalgintzako zenbait agenteren lan bilera burutu zen. Bertan Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak abian duen Plan Estrategikoaren nondik norakoak azaldu ziren. Entzutetsua izan zen bost estadioak betetzearen ekitaldia pasa eta gero, lan handia egin da, “Bai euskarari” akordioa sinatu zuten eragileek (Club Atietico Osasuna, Iruñeko Gotzaingoa, Iruñeko Peñen Federazioa, Diario de Noticias eta San Juan de Dios ospitala, besteak beste eta adibide gisa) euskararen erabilpenean aurrerapausoak emateko “konpromisoak” zehatz ditzaten. Diseinuaren fasea bukatuta, orain lehenengo erabakiak hartzeko unea heldu da. Ondoren, konpromisoak hartzeko prest daudenek aurre egin beharko diete… Euskararen normalizazioarekiko “konpromisoak” hartzerako eta betearazteko momentuan Plan Estrategikoaren barnean dauden eragileek euskaldunen babesa eta bultzada sentitu beharko lukete.
Alabaina, martxoko bileraren ondorioen artean, Kontseiluaren orain arteko lana Nafarroako lan dinamikan behar bezala ez dela errotu azpimarratu zen. Asko dira Kontseiluko bazkideak diren erakunde eta elkarteak baina gutxi informazio lan sakona bideratu ahal izateko Nafarroan azpiegitura nahikorik dutenak (haurren eta helduen irakaskuntzakoak salbuespentzat jo genitzake).
Orain arteko lanaren informazioa arlo batzuetara mugatu bada ere, hemendik aurrera planaren berri emateko sarea sendotzea eta handitzea izan zen UEUk antolatutako bileran egin zen proposamenetariko bat. Batetik, Kontseiluko bazkideei Nafarroan duten azpiegitura azkar dezaten eskatuz eta, bestetik, Kontseilutik kanpoko beste erakunde eta taldeekin elkarlanean arituz.Karrikirik ez du parterik hartu orain arteko prozesuan, jakingo duzuenez. Izan ere, gure buruari galdetzen diogu ea prest gauden, ea euskaldunon komunitatea prestaturik dagoen, gogoz eta baldintzak betez, horrelako erabakiei heltzeko. Geroak erranen; bitartean denbora hori prestakuntza horretan eman dezagun.