Munduko hizkuntz aniztasuna


Abenduaren lehenbiziko hiru egunean Eremu urriko Hizkuntzei buruzko VII. Nazioarteko Biltzarra egin zuten Bilbon. Euskararen normalizazioaren aldeko lanean dihardugun anitz lagun, Euskal Herriko bazter ezberdinetatik etorriak, bildu ginen, bai eta kanpoko hizkuntzen (gehien-gehienak europarrak: Katalanera, Alsaziera, Okzitaniera, Eskoziako Gaelera, Galesera, Kanadako Frantsesa, Antilletako Papiamento…) planifikatzaile andana bat ere. Denetara 400dik goiti hizkuntzazale.
Biltzarraren lehen egunean Patxi Juaristi munduko hizkuntza aniztasunaz solastu zitzaigun, UNESCO erakundeak munduan solasten diren 5.000 eta 6.000 hizkuntzen gaineko ahalik eta informaziorik gehiena biltzeko egitasmoan ekin baitio. Adituen
aurreikuspenek diotenez, duela zenbait hamarkada deskalabru ekolinguistikoa hasi da eta neurri-neurriko esku-hartzea egin ezean, hastear dugun XXI. Mendean munduko 5.000-6.000 hizkuntzen ondasunaren %90 desagertuko da, erran nahi baita: hondamendi kultural globala gertatuko da.
Hasmenta. on horren segidan, berriz, gaiari ez zioten behar bezala heldu: saio interesgarriak izan ziren baina Europako edo jatorri europarreko hizkuntzen egoera aztertu zuten nagusiki. Biltzarraren eurozentrismoa nabaria izan zen, bai eta ikuspegi instituzionala ere.
Munduan dugun hizkuntza errealitatea jakinik biltzarrak Eremu (ez hain) Urriko (eta bitarteko anitzeko) Hizkuntzeena izan zen. Benetan hil ala biziko kinkan dauden hizkuntza gehien-gehienen bidegarritasuna ez zuten aitatu ere egin, ordea. Hizkuntza plangintzak izan dezakeen efektu homogeneizatzailea eta ondoko
hizkuntzetan izan dezakeen eragin kaltegarria (Quebeceko Frantsesaren plangintzak Cree hizkuntzan duena, adibidez) ez zuten kuestionatu. Bestalde, planifikatzaileen oinarri etikoa izan beharko lukeen munduko hizkuntza aniztasuna ere ez zen irizpide nagusitzat hartu. Gure ustez. munduko hizkuntza aniztasuna bermatzea da, hain zuzen, edozein hizkuntzaren aldeko planifikazioak oinarrian beharko lukeena, jarduera lokala aniztasun globalaren osagarri gisa hartuta.