Guk zeresana badaukagu


Azken hilabete hauetan hurrengoak garai gogorrak izango direla aipatu da hemendik eta handik. Dirudienez, Iruñeko (eta Nafarroako) euskaldunak euskaraz bizitzeko aukera izan dezagun lan egiten ari garenok bide aldapatsuagoa daukagu aurrean. Egia esanda, normalizazio prozesuetan horren garrantzitsua den eragileetariko bat: administrazioa eta berarekin lotuta dagoen boterea horren nabarmenki euskaldunen eskubideen kontra agertzeak ez du ezer onik aurreikustarazten. Dena den, aurreko garaiak ere ez dira lauak izan: azken mendeetan administrazioak ez du inoiz benetako borondaterik izan euskal komunitateko hiztunek jasan dugun bazterkeriarekin bukatzeko. Beraz, garai gogorrak bai, baina tamalez ez berriak.Hala ere, euskara mintzatzen, irakurtzen, idazten eta ikasten jarraitzen dugu, Iruñean, Garraldan, Tuteran, Baigorrin eta Goizuetan. Garai gogorrak iragan arren, irauteko indarrak izan ditugu.
Administrazioa ez da normalizazio prozesuan zeresana daukan eragile bakarra. Gizarte ekimena funtsezkoa da (ez dugu gure burua goraipatzeagatik esaten, teoria soziolinguistiko nagusiek horrela diotelako baizik) eta ekimen horrek ekonomia, munduan den hirugarren eragilea, pizteko ahalmena izan dezake.
Askoz erosoago biziko ginateke administrazioak bere lana egingo balu, baina ez du egiten. Eta ezin gara noiz eginen duen itxoiten egon.

Iruñerrian, Nafarroan eta Euskal Herrian gero eta gehiago ari gara lanean, temati, euskararen minorizazio historiari buelta eman nahi diogulako. Talde eta erakunde bakoitzak, bere esparrutik, bere funtzioa betetzen du. Elkarlana, noski, ezinbestekoa daukagu, baita koordinazioa eta lanen banaketa ere, gure bitartekoei etekin handiena atera diezaiegun.
Gaurko euskaldunok erantzukizun handia daukagu. Karrikirik zure lana, ideiak, ilusioa, ekarpen ekonomikoa…, eman dezakezun hori guztia, beste euskaldunen ekarpenekin batzeko eta bideratzeko lan egiten du. Orain hasten ari garen ikasturtea oso emankorra izatea nahi dugu. Behar dugu.