Karrikan Korrika
Han nenbilen ni lehengo egunean karrikan korrika, euskararen alde, baina baita eguzkiaren alde ere, jotzen baitzuen aurretik, karrika hura sortaldetik sartaldera zihoan eta. Egoera horretan egokitu nintzen lekukoa eskutan neramala, eta, gutxitan bezala, eguzkiaren argi izpiek jo ninduten begietan, eta inspirazio halako baten moduan, sentitu nuen, bat-batean, lekukotasun hura bazela zerbait sakonagoa korrika 1+1 horretan parte hartzea baino.
Eta, korrikaren ibilbidearen lekukoa eskuz-esku ibiltzen den eran, jakin ere ez dakigula hurrengo txandan nor egonen den zain, edota ibilaldia akitu arte nork hartuko duen lekukoa gure ondoren, euskaldunberri, euskaldunzahar, unibertsitateko irakasle, auzoko euskaltegiko ikasle, baserritarraren D ereduko iloba, herriko apaiz, dendari ezezagun, futbolari ezagun, Asturiesko bablearen defendatzaile gonbidatu,euskaldun kontzientziadunen…, gisa orotako partehartzaileak baitira.
Eta, horrela, euskal komunitatearen bilakaeran, euskaraz darabilgun bizi-komunitate honen bilakaeran, lekukotasuna berdin pasatzen da batzurengandik besteengana. Eta hona gure betebeharra: euskal komunitatera datozen lagun guztiei lekukoa baldintza onetan eta era egokian pasatzea. Euskara ikasi eta euskaldun izatera hurbiltzen direnak eroso eta goxo-goxo senti daitezen gure artean; Euskara lehendik bazekitenak, zama ez baina besteoi eskaintzeko duten ondarea gustuz ekar diezaguten; eta hemendik urte batzuetara gure lekukotasunaren jabe izanen direnak -eta matrikulazio datuak ikusirik ez dira gutxi izanen-, normaltasun osoz bizi daitezen, bidean etenik egon ez dadin.
Orain prestatu behar dugu, beraz, lagun berri horien etorrerako. Harrera ezin hobea egin behar baitiegu. Bestek falta izan dutena, oraingoek behar dutena, biharkoek naturaltasunez izango eta biziko dutena.
Honela pentsatzen nuen eguzkiari begira karrikan korrika nenbilelarik, hamabi urte izango ez zituen neskato batek lekukoa eskuetatik kendu eta bizi-bizi lasterrari ekin zionean, ni berehala atzean utziz.