Bai euskarari, ez euskarari

Bai Euskarari; hala esan zuen jendetza batek bost futbol estadiotan bildurik. Baina beste asko kanpo geratu zen. Sartu ezinik batzuk, sartu nahi ez eta hurbildu nahi ere nahi ez zutelarik beste asko. Euskarari ez esan nahi diotelako. Eta euskara agertzearekin batera, inposaketa, diskriminazioa eta horrelakoak aipatzen hasi ohi dira. Ikusi nahi ere ez baitute; ez unibertsitatean, ez irratietan, ez telefono gidan, ez agendan, eta ez inon…


Euskarari begira, euskararekiko, hartzen bide ditugu jarrera horiek. Batzuk baietz eta bestetzuk ezetz. Euskara bide da jarrera hartu beharreko gaia, hots, hizkuntza. Erderei dagokienez ez dago zalantzarik. Bai paradigmatikoa, duda izpirik gabekoa, alimalekoa. Ez dago erderaren aldeko edo aurkako izaterik. Erderari bai itzelgarri hori ematen diotenen artean nabarmendu ohi da “euskarari ez-a” kasualitate handi batez, kausalitatez alegia.
Bai euskarari esandakoen artean, aldiz, nekez aditzen ahal da ez erderari esaterik. Eta euskaldunon artean zer esanik ez. Izan ere, gu euskaldunok, are elebidunok garelarik ere, ez dugu, Euskaraz bizi izanik ere, beste hizkuntzen aurkako jarrerarik hartzen, ez baitugu jarrerarik hartu beharrik. Agian bi edo hiru hizkuntzaren pertzepzioa badugulako, eta bakoitzean izateko modu desberdinak baina berdinak -berdintasunezkoak-, ezagutzen ditugulako.
Euskaraz bizi nahi dugu, baina euskaraz BIZI ere nahi dugu. Izan nahi dugu, euskaldun izan, eta horretarako ez dago jarrera hartzerik; jarrera hartu behar izan gabe bizi nahi dugu, normaltasunez. Badakigu, hortaz, gu izateko bidean izanik, jarrera hartzen dutenak hor inguruan egonen direla, besteon hizkuntzari ezetz esaka, baina, jarrera desegokian jarririk, nekatuko dira, gu aitzina bizi bitartean. Haiek jarrita, gu bizirik. Haiek jarreran, gu izaeran. Izan ala ez izan, Shakespearek zioenez…