Dakienak badaki…
Halaxe hasi zen poeta behin batean, eta hark bazekien, jakin, zer esan nahi zuen, bai eta nora joan nahi zuen ere. Hark bezala, guk ere badakigu behar dugula jakin, nondik heldu garen eta nora goazen, non -edo zertan- gauden jakingo badugu.
Zeren eta hitz jokoaren atzean jakingarri zenbait ezkutatzen baita; eta jakin beharraren aurrean beste hainbat agertzen.
KARRIKIRI Soziolinguistika ikastaroa egin berri dugu hain zuzen ere, ez dakigunari bide egiteko eta dakiguna gogoratzeko, edota baztertzeko ere, behar denean.
Gutxi-asko, euskaldunok ez dakigu oso zehazki nora goazen, bai ordea nora joan nahi dugun.
Baina norbere bidean gabiltza sarri askotan, auzoaren norabideari erreparatu gabe. Guk gune hau -KARRIKIRI Elkartea- sortu dugu, guztion bideek bat egin dezaketen gunea.
Orain, elkarren bideak ezagutzea on litzateke; bakoitzak, euskaldun gisa, bere historia propioa duelako.
Soziolinguistika diogunean, hain juxtu ere, hizkuntzaren, Euskararen bideen -hots, geure bideen nondik-norakoak eta bide posible guztiak ezagutzea esan nahi dugu.
Horiek dira, gure ustez, aurrean dugun bideari ekiteko eman beharreko lehen pausuak: geure urratsen berri jakin, eta elkarrenak ikasi, non garen eta nora goazen jakingo badugu. Alegia, zenbat eta gehiago jakin emandako urratsez eta eman gabekoez, hainbat eta finkiago ibiliko gara elkarren ondoko bideetan barrena.
KARRIKIRIn zure berri jakiteko eta gurea -ikastaroko materiala…- zuri emateko irrikan gaude. Orain badakizu.