Urteko batzarra eta Olentzeroren III Karrikaratzea

Gure bazkideek ongi jakinen dutenez, azaroko bigarren larunbatean urteko batzarra egin eta elkartearen plangintza onartu genuen. Hainbat bazkidek egindako ekarpenak jaso eta horiek guztiak prestaturiko plangintzara txertatuz, datozen hilabeteotan markatutako lan ildoak jarraitzeari ekinen diogu. Dena dela, betiko moduan, jakizue Karrikiri elkarteko ateak zabalik direla eta edozein ekarpen egin nahi izanez gero, gurera hurbildu edota email edo telefono bidez jartzen ahal zaretela gurekin harremanetan.

Eta plangintza berria onartzearekin batera, Eguberriak laster etorriko zaizkigu, eta aurten Olentzeroren III. Karrikaratzea eginen dugu ziurrenik heldu den abenduaren 2an edo. Apika batzuentzat ekimen ezezaguna izanen da oraindik, baina dagoeneko hirugarren urtea izanen da Gabonei ongi etorria egiteko dendaren atarian paratzen dugun Olentzero panpina Txantreako bere etxolatik Karrikiri dendara igoko dugula. Eta horretarako festa berezia prestatuko dugu, izan ere Dugunako txistularien laguntzaz kalejira eginen baitugu Olentzeroren irudiarekin Txantrea auzotik aterata Xabier karrikako Karrikiri dendaraino. Bernat Etxepare ikastetxearen paretik abiatuko da eta, Frantziako ataritik pasa ondoren, Iruñeko alde zaharreko karriketan barna ibiliko gara poteren bat hartzen eta abesten, eta ekitaldia behar bezala amaitzeko Karrikiri dendan otamentxoa eginen dugu bertaratutako lagun guztiekin. Beraz, badakizue, animatu zaitezte eta bat egin Olentzeroren III Karrikaratzearekin. Gabonak jada hementxe dira!

Eta Olentzero gurera iristearekin batera, elkarrizketaren tartean ikusiko duzuen moduan, Karrikiri dendan produktu eskaintza oparoa aurkituko duzue Gabon festei begira. Eta Euskalerria irratiarekin dugun maitasun-“affaire” goxoa dela eta, gurean erosketa eginez gero, irratiari laguntza emateko parada izanen duzue. Gure saltzaile finek azalduko dizuete nola.

Eta ahaztu baino lehen, aurreko Karrikan aurreratu genizuen moduan, gogoratu azaroaren 30ean “Euskarak 365 egun” kanpainaren aurkezpena izanen dela Iruñeko Burgoen plazan. Topaguneak bultzatutako ekimen hau, Euskal Herri mailan eginen da abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Egunaren harira, baina Nafarroan aipatu datan eginen dugu. Animatu parte hartzera!
Ongi ibili eta ongi pasa Gabonetan!


Silbia Alonso. Karrikiri euskal dendaren arduraduna

Karrikiri Euskaldunon Topagunea sortu zenetik, duela jada 18 urte inguru, garrantzitsua izan da oso elkartearentzat bere autonomia ekonomia ahalik eta gehien bermatzea. Gure bazkideek ematen diguten sostengu ezin bestekoaz gain, Karrikiri euskal denda indenpendentzia ekonomiko hori lortzeko baliabide garrantzitsua bilakatu zaigu, bereziki azken urteotan. Karrika jasotzen duzuenerako, Gabonetako kanpaina berezian murgilduta egonen gara, urtean zehar egiten ditugunen artean emankorrena, eta hori dela eta, Silbia Alonso dendako arduradunarekin solastu gara.

Karrikiri elkarteak hasieratik garbi izan du diru laguntzen menpe izan gabe, elkarteak autonomia ekonomikoa bultzatu behar zuela diru iturri propioak bilatuz. Hori izan zen Karrikiri denda sortzeko xedea, ezta?
Halaxe da. Hasieran diru iturri propioak izateko ” Denda Mugikorra” jarri genuen martxan. Herriz herri joaten ginen Euskal Herrian barna euskal produktuak  saltzen eta erakusten. Euskal Herrian egiten diren hainbat festatan ibiltzen gara (Nafarroa Oinez, Kilometroak, Sortzen festa, Ibilaldia, Aezkoa eguna, Baigorriko Nafarroaren eguna…). Hainbat urtetan horrela ibili ondoren, salto bat eman genuen eta Donibane auzoan lokal bat alokatu eta bertan denda finkoa jarri genuen; HORRELA KARRIDENDA. Bertan 3 urte eman ondoren, prestatuagoak ginela pentsatu genuen eta Iruñeko alde zaharreko Xabier karrikan lokala erosi genuen, bertan denda eta bulegoak jarri genituelarik.

Zer moduzko martxa izan du Xabier karrikako saltokiak eta zer harrera Iruñerriko jendartearen artean?
Aldaketa handia dago Donibane auzotik alde zaharrera  etortzearekin. Alde batetik denda eta Karrikiriko bulegoa lokal berean daude eta horrek laguntzen digu gure proiektua ezagutarazten eta zabaltzen. Askotan jendea etortzen baita dendara jakin gabe atzean elkarte bat dagoela eta, alderantziz. Honekin, poliki poliki bezeroen fideltasuna lortuz joan gara eta, gaur egunean, bezero finko asko baditugu eta, neurri handi batean, horri esker segitzen dugu gure proiektuarekin. Ez dugu ahaztu behar dendak ematen dituen etekinak ehuneko ehunean elkartera doazela. Guk eskertzea besterik ez dugu egin behar eta zerbitzua ahalik eta hobekien ematen jarraitu.

Gabonak egun bereziak izanen dira.
Urtean zehar hainbat kanpaina berezi antolatzen ditugu; inauteriak, euskal dantza taldeekin, euskara ikasleekin egiten ditugun kanpainak… Eta urte bukaeran Olentzero kanpaina, salmenta aldetik egunik garrantzitsuenak guretako. Badaramagu hainbat urte eta eskarmentua gero eta handiagoa denez, ardura ere gero eta handiagoa da.
Bezeroari arreta ona emateaz gain, aholkuak eta konponbideak eman nahi izaten dizkiogu, batzutan jendeak ez baitaki zenbat gauza dagoen merkatuan euskaraz eta euskararekin ongi pasatzeko eta gozatzeko. Eta dendan ez duguna lortzen ere saiatzen gara. Online denda ere hor dago gurera hurbiltzerik ez duenarentzat.

Zer produktu nabarmenduko zenituzke?
Alde batetik euskal literatura, musika, jostailuak..umeentzat eta helduentzat aukera handia eta paregabea (Euskara jendea DVDak, Jon Sarasuaren “Hiztunpolisa” liburua, Bernardo Atxagaren “Nevadako egunak”, Ruper Ordorikaren azken diska, Balerdi-Balerdi, Bide ertzean.. Pirritx eta Porrotx panpinak, kamisetak, partxisa, DVDak, CDak…
Bestalde, euskal jantzietan Irunean dagoen aukerarik handienetarikoa aurkituko duzue eta oparia egiteko unean adin eta poltsiko guztientzat pentsatutako gauzak aurkitzen ahalko dituzue.

Euskalerria irratiko bazkideek ekarpena egin ahal izanen diote irratiari Karrikiri dendan erosiz gero. Zer egin behar dute horretarako?
Aurten ere, iaz bezala, berrindartu nahi izan dugu Euskalerria irratiarekin egindako hartuemana. Gogoratu nahi dizuegu dendara hurbildu eta erosketa egiten duzuenean bi elkarteen laguntzaile izateko aukera paregabea duzuela. Izan ere, irratiko bazkidea bazara, deskontu bereziak lortzen ahalko dituzu irratiari ekonomikoki laguntzeko. Dendako langileei galde iezaiezu eta haiek azalduko dizuete.


365 egun bizitzeko, aldarrikatzeko,  plazaratzeko, izateko, ospatzeko

Abenduaren 3a hurbil dugu, 1949an Eusko Ikaskuntzaren ekimenez sortutako Euskararen nazioarteko eguna.  Eta abenduaren 3a ere bizitzeko, aldarrikatzeko, plazaratzeko, ospatzeko eguna izango da euskaltzaleontzako.
Urte osoan zehar euskaraz bizi nahi dugunontzat eta euskaltzale garen guztiontzat egun garrantzitsua da abenduaren 3a, geurea delako. Baina hurrengo egunak, asteak eta hilabeteak ere garrantzitsuak direla ez dugu ahazten, horiek ere geure-geureak ditugulako. Euskaltzaleak biltzen hasi ginela urte asko joan dira jadanik eta herriz herri antolatuta gauden euskaltzaleok badakigu urte osoko ahaleginak ematen dituela bere fruituak. Euskarazko kulturgintza gozatzeko guneak sortu ditugu; euskaldunontzako harreman sareak ehuntzen dihardugu; sortu ditugun herri aldizkari eta hedabide ugariei esker euskarazko informazio iturri hurbilak ditugu; aisialdi taldeen bidez haur eta gazteek aisialdia euskaraz gozatzeko guneak ditugu; era guztietako entitate eta erakundeetan euskaraz aritzeko eragile lana egiten dugu, eta; herriko euskal hiztunon komunitatea martxan jartzen dugu.
Euskaraz bizitzeko baldintzak sortu nahi ditugu eta horretarako euskaltzaleon ekarpena behar beharrezkoa da: espazioak sortzen eta geureganatzen, harreman sareak ehuntzen, ardurak eskatzen eta hartzen, botereguneetan eta inguru hurbilenetan eragiten. Euskaldun bizi gara eta euskaltzale gara urte osoan eta hori aldarrikatu nahi dugu, 365 egunetan.
Euskararen egunak kalean bizitzeko gonbitea da hau, euskarak eta euskaldunok kalea hartzeko gonbitea. Urte osoa euskararen egun bihurtzeko eta aldarrikatzeko deia da hau, plaza euskaraz betetzeko deia. Biltzeko eta eragiteko proposamena da hau, geu izateko euskararen herrian.

Euskaltzaleen Topagunea