Karrikadantza

Ekin diezaiogun dantzari!!

Kostata baina heldu zaigu udaberria eta, tarteka-marteka euria akaso itzuliko den arren, eguzki printzak berotzen hasi dira gure kale bazterrak eta Lorentzo jauna ikustearekin batera Karrikiri Euskaldunon Topagunean irrikitan egoten gara dantzari ekiteko. Horregatik berri onak dakarzkizuegu gure aldizkaritxoaren ale honetan, izan ere zenbait hilabetetako etenaldiaren ondoren  berriro helduko baitiegu Karrikadantza saioei. Zaldiko Maldiko eta Euskal Dantzarien Biltzarrarekin elkarlanean bideratzen dugun ekimen arrakastatsua hilabeteko 3. larunbatean itzuliko da. Beraz, hasi jada beroketa ariketak egiten eta heldu den apirilaren 20ean Mercaderes karrikan ikusiko dugu elkar. Hitzordua, betiko moduan, arratsaldeko 18:30ean. Ongi etorri!!

Eta eguraldi onarekin batera, Nafarroan bereziki, baina Euskal Herriko beste hainbat txokotan sortutako euskal produktuak han eta hemen saltzeari ekinen diogu berriro ere gure denda mugikorrarekin. Euskal ekoizpena ezagutzera emateaz gain, gure elkarteak bideratzen dituen zerbitzu eta jarduerak gauzatzeko beharrezkoak ditugun sosak biltzen laguntzen digun denda mugikorraren lehenengo hitzordua Villatuertan, apirilaren 21ean, Sortzenek ospatuko duen euskal eskola publikoaren aldeko jaia izanen da. Eta astebete beranduago, urtero legez, Baigorrira joanen gara Karrikiri elkarteko kideok lanaz gain jarana pixka batez gozatzera. Animatzen? Gurekin batera salmentan eta festan aritu nahi izanez gero, jarri gurekin harremanetan bulegoa@karrikiri.org helbidean. Plazera izanen da.

Eta akitu baino lehen, gogoratu Karrisolasaren beste saio bat izanen dugula hilaren 17an. Euskalgintzaren inguruko gai dexente jorratu ditugu jada eta apirilean Arrasateko Txatxilipurdi Elkarteak egindako “Hesiak gainditzen” izeneko dokumental interesgarria hartuko dugu hizpide gure solastarte lasaia eta patxadatsua egiteko. Laster jarriko dugu horren informazioa gure webgunean, beraz gurekin batera dokumentalaz hitz eta pitz aritu nahi baduzue, kasu eman datari: apirilak 17, 19:00etan Karrikiriko dendan (Xabier karrika 4).

Gozatu udaberriaz!!


Milaka Argi

Sagrario Aleman
Milaka Argi Nafarroan

2012ko azaroan hasi eta Aste Saindua bitarte Nafarroan garen euskaldunon berri eman eta diru-funtsak biltzeko asmoz “Milaka argi Nafarroan” kanpainari heldu dio helduen euskalduntzean iaz 40 urte bete zituen IKA koordinakundeak. Sagrario Aleman Arturo Campion euskaltegiko arduradunak azaldu dizkigu amaitu berri den kanpaina honen inguruko xehetasun guztiak.

Zeintzuk izan dira “Milaka argi Nafarroan” kanpainaren xedeak eta nori zuzendua?
Bi helburu izan ditu kanpainak. Batetik Nafarroa Garaiko euskaldunen sarea zabaltzea. Hau da, Nafarroa guztian euskaldunak badirela erakutsi nahi izan dugu; euskaldun guztiok, izan eremu batekoak edo bestekoak, hangoak edo hemengoak, euskaldunen komunitatea osatzen dugula eta euskaraz bizi nahi dugula agerraraziz. Izan ere, euskaldunok pizten baitugu Nafarroa
Eta, bestetik, Iruñerriko IKAren euskaltegiak diruz laguntzea. Iruñerrian, Nafarroako populazioaren erdia bizi den eremu honetan, helduek gure euskaltegietan ikasten jarrai  dezaten euskaltegiak laguntzea izan da beste helburuetako bat, euskara ikasi nahi dutenei bidea erraztu.
Eta herritar guztiei zuzendua bada ere, kanpainak, bereziki Nafarroa Garaiko euskaldunengana iritsi nahi izan dugu. Euskaldunen komunitatea trinkotzeko eta Nafarroako mapa argiz betea erakusteko.   

Kanpainaren berri webgune berezi baten bidez eman duzue, ezta?
Bi helburuekin lotua egon da ataria. Nafarroa Garaiko mapa argiz betez, piztuak dauden herri horietan euskaldunak badirela erakutsi dugu; herri horietako argazkiak, ekarpena egiteko orria, euskaldunen mezuak.
Eta horrekin batera, hainbat material euskaldunei, ikasten ari direnei eta euskara ez dakitenei bideratua: euskaraz bizitzen saiatzeko aholkuak, euskara hobetzeko audioak, ikasleendako Ttantttaka entzungai eta ariketak, euskaran sartu elkarrizketa laburrak …
Lehiaketa.

Kanpaina, esan bezala, apirilean akituko da, baina parte hartzeko aukerarik izan ez duenak, ba al du betarik oraindik ere laguntza emateko?
Kanpaina oraintxe bukatu badugu ere, orria irekia izanen da nahi duena sartzeko. Heldu den urtean aktibatuko dugu  berriz kanpaina, euskaldun  gehiagorengana heltzeko asmoz eta  gure arteko harremanak trinkotzeko

Arestian aipatu bezala, kanpainako xedeetako bat IKA euskaltegiendako diru laguntza lortzea izan da. Zer moduzkoa da euskaltegiaren  egoera 40 urte berriki bete dituzuelarik?
Hasi ginenean bezala, gure lanean gogor segitzeko gogoz. Euskara irakasten segitzeko nahia, bizi-bizia. Eta beti bezala, lan horretan aritzeko zailtasunekin. Zailtasun ekonomikoak ez dira arindu, Gobernutik jasotzen dugun laguntza exkaxa zen oso eta orain ere horrelakoxea da. Gure ustez, euskara ikasi nahi duenak erraztasuna behar du ahalegin txalogarri horretan jarraitzeko. Euskara entzun, mintzatu eta  irakurri ahal izateko laguntza eta bitartekoak, eta  euskaltegiek ikasleei kobratu gabe irakatsi ahal izateko laguntza ekonomikoa.

Zeintzuk dira IKAko euskaltegien erronkak aurrera begira?
Ahalik eta jende gehienengana iristea, ulermena bederen izan dezaten, euskaldunak euskaraz ari daitezen. Pertsona  bakoitzaren beharretara egokitutako ikastaroak eskaini, norberak bere euskara mailan aurrera egiteko.

Baliteke oraindik balorazio orokor bat egina ez izatea, baina nola joan da kanpaina?
Nafarroan kanpaina ezagutarazten aritu gara, baina beste herrialdeetan ez dugu asko zabaldu. Euskararen legeak egiten dituen hiru eremuetan hainbat argi piztu da, Nafarroako erdiak inguru. Eremu mistoko udalerri gehienetako argiak piztuak daude.
Nafarroako herriak ezagutzeko eta euskaldunen arteko harremanak sendotzeko baliagarria izanen zaigu hau.



Galdera berriak
Nerea Fillat

Nafarroan azken asteetan ikusgai dugun antzezlanak sinesgaitza dirudi. Azken hamarkadan boterean egon diren politiko profesionalen azpijokoak publiko izaten ari dira. Egunkarietan ateratako informazio eta datuak, epaileak aurrera eramandako ikerketa judizialak eta arduradunen lotsagabekeria mugiezinak, hiru gauza horiek dira UPN eta PSNren abusuzko gobernuaren adierazle.

Euskalgintzan baita beste arlotan lanean egon garenok garai berriak hastear daudela ez dugu modu borobilean sinesten. Horrenbeste urte gure mundua antolatzeko modua alde batera utzi duen gobernua gainean izanda, zaila da aldaketa egonen dela imajinatzea. Irudimenak aukera hori ematen ez badigu ere, bolada berriak datoz, eta errealitatea gainetik pasako delako arriskua hor ere badago.

Garai berriekin erronka berriak eta ez da horren erraza izaten horiei azkar eta irmoki erantzuten, finean, azken hamarkadan gure antolamendua, funtzionatzeko era eta helburuak antzekoak izan direlako, beraz galdera berriak bururatzea ez da naturaltasunaren ondorio.

Arlo ezberdinetan bizi dugun krisiaren ondorioz garai berriekiko susmoak ditugu: pobrezia maila handituko da, hainbat konflikto berri azalduko dira, gatazka politikoaren konponketak egunerokotasun politikoaren mapa berria sortuko du eta boterea ulertzeko modu ezberdina sortuko da. Ez da desio edo nahi kontua, olatu erraldoien itzala ikusten ari gara jada.

Ezinbestekoa da pentsatzea zein eginkizun berri dugun hortxe, nondik pentsatuko eta parte hartuko dugun eta zertarako. Ezin ahaztu, era berean, nondik gatozen.
Horixe da, nire uste apalean, euskalgintzaren alderik indartsu eta baliagarriena etorkizunera begira. Euskalgintzak komunitate konkretu batetik lan egiten duelako, eta horrek datozen konflikto berrietara begira indartsu egiten du erabat. Hizkuntz txikiagotu baten komunitateko partaide izateak indar handia ematen baitu, borroka eta errebindikazioei zentzua emanez.
Hala ere, bide propioaren eraikuntza horretan eztabaida gogorrak ezinbestekoak dira, mapa politiko berrian azken boladan itxi gabe utzitako konfliktoek bizirik dirautelako. Zerbitzu publikoen murrizketen konfliktoan ahots propioa izatea garrantzitsua da, miseriaren banaketa horizontalaren lehia sor baitaiteke, diru-laguntza txikien aldeko borroketan gauzatu daitezkeena.

Hezkuntzan konflikto zailak sortzea ekidin beharko litzateke, D ereduaren zabalpena publikoa ez bada gizartearen zati handi batek ez baitu izanen ikasteko aukerarik, eta euskal hiztunen mapa soziologikoak klase eta etnia adierazgarriak izan ditzakeelako. Ezin etorkizun itsusiagoa imajinatu.

Azken urteetan jasotako kolaborazio ekonomikoak berriz pentsatzeko parada ederra da ere. Banku zein enpresa handien diru-laguntzak jaso izan dira diru guztiak balio duelako asmoarekin, baina ahaztu egin dugu gure esparru asko haien markekin bereganatu dituztela eta, ustelkeria kasuek argitu bezala, oso zaila dena enpresa handi onak egotea.
Euskalgintzak duen autonomia eta komunitatea tresna ikaragarri baliagarriak dira galdera berriei eusteko eta mahai gainean dauden gai nagusien inguruan iritzi bat izateko. Hori da esparru ezberdinetan parte hartzen dugunok pentsatu beharrekoa. Geure errealitatetik, geure desioetatik eta justua iruditzen zaiguna defendatzen. Euskalgintza oso indartsua da horretan, eutsi diezaiegun etorkizunaren euskarri izan daitezen.