Euskara eta biok

Ez dakit xuxen zergatik hasi nintzen euskara ikasten, hots, zein izan zen garai hartan (hamalau-mabost urteetan) nire barnean izeki zen suaren pizgarria. Beharbada frankismoaren azken sasoian somatzen zen askatasun giroak eraman ninduen euskara ikastera, baina uste dut hori bakarra ez zela aski izan ni holako abenturan sartzeko. Iruditzen zait nire deiturak eta inguruan etengabe aditzen nituen herriko hainbat aurkintzaren izen ilun eta enigmatiko haiek ere erabakigarri suertatu zirela euskara ikasten has nendin: Anzandieta, Aliaga, Ardui, Lakilazabal, Mantxin-txurreta, Mugazuria, Rusiana, Turtun-bera, Zapaiz, Zonbolozoko eta beste ziren etxean, familian, txitean-pitean entzuten nituen toponimoetako batzuk, izendatzen zituzten aurkintzak Uxueko gure etxearen aitzinean edo hurbil zeudelako, edo bertan ardantze zaharren bat, soro utzitako alorren bat genuelako. Honetaz landara, pentsatzen dut orain, nerabezaroak berekin ekarri ohi duen izaeraren gainazpikatze eta hankazgoratzeak ere zerikusia izan zukeen nire euskaltzaletze hartan.

Trantsizio garaian euskara-irakasle behar handia egon zen bat-batean, diktadorea hiltzearekin ordura arte debekaturik zeuden gauza anitz, goizetik arratsera, baimendurik gelditu zirelako, euskararen irakaskuntza, erraterako. Irakasle asko behar ziren eskaera izugarriari aurre egiteko, baina gutxi ziren eskolak emateko moduan zirenak. Horregatik, Arturo Campionen (Arturo Kanpion zen orduan) ikasten hasi eta hurrengo urtean irakasteari lotu behar izan nintzaion, euskara nahi eta behar baino aise okerrago nekiela eta hizkuntzak irakasteko metodoez, glotodidaktikaz, deus ere ez nekiela. Interes handia bai, gogo ikaragarria, baina eskolak nola eman behar ziren ideia zipitzik ere ez nuen!

Euskarazaintzako Oña-tibia jaunaren Método radiofónico izena zuen liburuarekin hasi nintzen euskara ikasten salestarrek Iruñeko ikastetxeko sotoan zuten urte haietako “gaztetxe” deskafeinatuan, eta gero, Kanpionen, Patxi Altunaren Euskera hire laguna baino gehiago Imanol Berriatuaren Euskalduntzen ibili genuen. Garai hartantsu, bestalde, J. M. Iriondok astean behin telebistan aurkezten zuen ordu erdiko euskarazko saioa zirkinik egin gabe segitzen nuen etxean, urrea balitz bezala.

Geroztik beti euskara ikasten ibili naiz, modu batera edo bestera; hasiera-hasieratik gauzak kontatzeko gai nintzen, baina etxeko euskaldunek ohi duten adierazkortasun eta erraztasun hori eskas nuen. Literatura lanak irakurtzeari ekin nion: lehenbizi Saizarbitoria, Etxaide, Txomin Agirre, Haranburu-Altuna eta Txillardegiren eleberriekin eta Mitxelenaren idazki trinkoekin egin nuen talka, eta literatura klasikoarekin ondoren, Bernat Etxepare lizun-debotarekin eta Axular mihizaluarekin hastean, Oihenart bihurriarekin geroxeago, Elkanoko Lizarraga xume itxurakoarekin berantago. Euskaraz ahal nuen guztietan hitz egiten nuen, euskaldun edo sasieuskaldun ziren guztiekin, helburua, azken batean eta absolutuki, euskara amarengandik jasoa zutenen pareko maila erdiestea baitzen, kosta ahala kosta, euskaldun oso-osoa izatea alegia.

Urte anitz igaro dira, euskara dut orain laneko eta etxeko hizkera, eta ahal dudan guztietan euskaraz mintzatzen jarraitzen dut. Gaztaroko sua itzalixea dago, izarkitua segurik bai; horren truke, urteek heldutasun pittin bat eman didate gauzak ikusteko tenorean. Oraingo nire borroka, batez ere, hiztegiarekikoa eta esamoldeekikoa da, hots, lehen urte haietako zekarkigun, gintzaizkion eta beste utzirik, bi sosen zentzurik ez du ‘no tiene dos dedos de frente’, haren lanari ez dio zorrik batere ‘no le tiene ninguna envidia al trabajo de aquel’, ez naute deabrua baino gehiago ikusi nahi ‘no me pueden ver ni en pintura’ eta antzekoekin ari naiz gatazkan egunotan, gaztelaniaz hain ohiko eta egunerokoak diren horiek euskaraz ere erabili behar baititugu barruan duguna kanporatuko badugu. Erda-raz errazkiago eta hobeki adierazten ditut gauza asko, eta etsia nago hola izanen dela beti; ohartzen naiz hala ere zenbait arlotan, laneko kontuetan eta, euskaraz gauzak aisekiago erraten ditudala, segur aski arlo horiek beti euskaraz ukitu eta landu ditudalako, eta etxean ere, hizkuntza erabiltzearen bortxaz, franko eroso nabilela, aldian behingo behaztopatze eta hanka-sartze saihetsezinak alde batera utzita. Hau da bada, laburbilduz, euskaldun berri saiatu baten hizkuntza-historia ttipia.

Patxi Salaberri. Filologoa eta euskalzaina



ZENBAT BURU… Castillo Suarez
   

Altsasun jaioa da Castillo Suarez eta berriki “Souvenir” bere azken poesia liburua karrikaratu du. Haren irudikoz, idatzi duen lanik borobilena da eta horren gainean solasean aritu zaigu, baita orain arte eginiko jardunbideaz ere.

Nola hasi zinen poesia idazten? Zerk erakarri zintuen genero “zail” honetan murgiltzera?
Egian esan, poesia irakurtzen hasi nintzen. Garai hartan Mondadori argitaletxeak poema liburu txikiak argitaratzen hasi zen -oso merkeak zirenak- eta irakurtzen nuen bitartean ni ere poemak idazten hasi nintzen, udako opor batzuetan, orri solteetan eta esperimentu gisa. Iruñeko egile berriendako lehiaketak eman zidan poeta “labela”. Niretako ez da genero zaila, desordenatua agian, baina mundua desordenatua baita… Seguruena nire izaerarekin lotua dago, bat-bateko gauzak gustatzen zaizkidalako, eta ez dut neure burua ikusten nobela bat idazten. Arreta handiegia eskatuko lidake. Poemak, ordea, nonahi eta noiznahi idatz daitezke.

Berriki “Souvenir” zure laugarren poesia liburua karrikaratu duzu. Zergatik izenburu berezi hori?

Iruditzen zait souvenirrekin poesiarekin geratzen den fenomeno bera gertatzen dela: jendeak ez die aparteko balioa ematen, baina, aldi berean, balio sinboliko handiko gauzak dira. Kontsu-mo turistikoaren parafernalian, oroigarria da alferrikako gasturik agerikoena. Turismoaren euskarri sinboliko nagusia baita, pilan egiten den gomutaki txiki honek ezin du bere hutsalkeria ezkutatu, baina bidaiako esperientzia ukigaitzak ukigarri bihurtzen ditu, hein batean. Ezin da ukatu oroigarriek ukigarri egiten dituztela bidaiako esperientzia ukigaitzak. Oroigarriaren materialtasunak ohiko denboran eta tokian (etxean, lantokian) definitu eta kokatzen du denbora berezi-berezi batean bizi izandako esperientzia iheskorra.

Aurretik eginiko lanekin alderatuta, eten bat egin nahi izan duzula esan duzu. Zer aurkituko du irakurleak lan berri honetan?
Orain arte adieraziari begiratu diot. Esan nahi nuena garbi -poesiak duen berezko “nahas-mahasa” ahaztu gabe betiere- geratzea nahi nuen. Orain, ordea, esan nahi dudan hori nola esan nahi dudan horri begiratu diot. Adierazpena zaindu dut bereziki eta hitzekin jolasten saiatu naiz. Ez dakit nik esan beharko nukeen, baina orain arte idatzi dudan lanik borobilena dela iruditzen zait. Ariketa poetiko kontzientea egiten saiatu naiz inoiz baino gehiago.

Teknologia berriak direla eta, egunetik egunera gutxiago irakurtzen omen da, eta euskaraz are guttiago edo. Egileak, berriz, ez dira falta eta azkeneko urteotan horietako zenbaitek Estatu mailan emaniko sari garrantzitsuak jaso dituzte. Nola dakusazu euskal literatura? Eta poesia?

Gauza osos onak egiten dira, baina beti irakurtzen da gutxiegi, eta beti saltzen da gutxiegi… Hala ere, nik uste txiki izateak -eta areago, poesia alorrean- badakartzala zenbait abantaila, eta ozeano handiaren ordez osina dela gurea. Paregabea da irakurleekin harreman zuzena izateko daukagun aukera.

Azken urteotan Bertsolaritzari esker eta horrekin lotutako zenbait musika proieturi esker (“Zaharregia, txikiegia agian”, Karidadeko Bentak, Gu eta gutarrak…) poesia jendearengana errazago heltzen ari dela ematen du. Zer deritzozu?
Irakurketa hutsarekin jendearen arreta piztea oso zaila da. Beraz, ongi daude jendea poesiara hurbiltzeko balio duten aldetik. Nik uste, dena den, batzuetan ikuskizunak baleko poemak ezkutatzen dituela. Ikuskizuna erakargarria bai, baina ez testuak ez dira apartekoak.
Zutabegilea ere bazara, bestelako proiekturen bat ba al duzu esku artean?
Egun ez dut egitasmorik esku artean. Beti esan izan dut zutabe bat poema bat gutxiago dela. Zutabeak astero idazteak gai posibleak “kendu” egiten dizkizula poemak egiteko, agortu egiten zaituela nolabait.


HERRIEN ELEAK   
Sardiera

Sardinia Mediterraneoko uharteak 24090 km koadro eta 2.000.000 biztanle dauzka. 1948an Italiak eskualde autonomo izendatu zuen eta lau probintziak osaturik dago.
Irla honetatik herri asko pasatu dira, feniziarrak, kartagotarrak, erromatarrak, bizantziarrak, arabiarrak, normandiarrak…eta Aragoiko koroaren menpe ere egon zen. Normala denez, herri bakoitzak utzi zituen bere aztarnak eta eragina, bizitzaren arlo guztietan, kulturan, hizkuntzan, arkitekturan…

Sardinia ospetsua da mafiagatik ere.”La Cosa Nostra” delakoak baldintzatu du uharteren bizitza, bere morroi izan dira, eta izaten omen dira, politikari, epaile, polizia, funtzionari asko. Italiako estatuaren barruan, itzalean dagoen sasi estatu gaiztoa da, beti prest faboreak egiteko, baina gero ongi kobratuko ditu emandako mesedeak.

Sardiera hizkuntza erromanikoa da, askoren ustez latinetik gutxien urrundu den hizkuntza erromanikoa. Batzuek Italieraren aldaeratzat hartzen dute hizkuntza hau, baina asko dira italierarekiko dituen desberdintasunak.

Egun, uharteko %70ek Sardieraz hitz egiten dute, 1.600.000 lagun inguru. Lau aldaera edo dialekto dauzka: iparraldean Logudorese, Campidanese deritzona hegoaldean, Nourese edo Gallurse ipar-ekialdean, eta mendebaldean Arborense edo Sassarese deiturikoa. Lau dialektoen arteko desberdintasunak nahiko handiak dira, eta bi dira jaso dituzten eragin nabarmenenak, Italierarena eta Katalana-rena. Uhartea historiaren isla da. Ezin dugu ahaztu zenbat inbasio jasan dituen eta bakoitzak bere arrastoa utzi duela.

Italia osoan, hizkuntza ofizial bakarra Italiera da, eta honek eragin txarra izan du Italiako gainerako hizkuntzentzat. Munduko II. Gerlaren ondoren, Sardinia irlaren industrializazioarekin batera, Italiera hirietako hizkuntza bilakatu zen, hezkuntzan ere guztiz hedatu zen eta, horren ondorioz, Sardieraren ordezkapena zabaltzen hasi zen. Sardiera senitarte eta lagun artean gorde da batez ere. 1992an egindako ikerketaren arabera biztanleen %31k Italiera baino ez darabil senitartean, eta %54k batez ere Italiera darabil lagunen artean ari direnean. Azken urteotan egoerak okerrera egin du, gazte askok etxean jasotako ama-hizkuntza alboratzen dute, goiko hezkuntzara heldutakoan Italiera erabiltzera pasatzen direlako.

Sardiniaren iritzi publikoa, hizkuntza koofizialtasunaren alde lerrotuta dago, baina Italiako botere politikoak ez du aintzat hartu nahi. Bitartean bertako agintari batzuk Sardiera hasi dira erabiltzen, bai administrazioan, bai hezkuntzan.

Sardiera estandarra oraindik ez dute sortu.Académi Campidanesa de sa Língua Sarda dagoen arren, ez da aski Sardieraren aldaerak batzeko eta hizkuntza estandarra sorrarazteko.
Bestalde, “Sa Repubblica Sarda” izeneko egunkaria argitaratzen da eta irrati eta telebista saio batzuk ere egiten ari dira.