Sinboloen alde, sinboloen beldur
Ederra, Xabier Silveiraren erdarazko nobelaren inguruan sortu den eztabaida! Bertan sartu gabe, aitortu behar ariketa performatibo bitxia dela, abertzale kale-borrokalariek ohi duten euskararen sinbolizapena agerian jartzeko. «Sinbolizapena», hau da, «zerbait sinbolo bihurtzearen ekintza edo ondorioa», hiztegi batean bila hasiko banintz aurkituko nukeen bezala.
Ezer ere ez daukat sinboloen kontra. Haien inguruan eratzen dugu, ezinbertzez, geure bizitza gizakiok. Sinboloei esker hitz egin dezakegu, idazten dugu, komunikatzen diogu elkarri, pentsatu eta irudikatzen dugu mundua. Sinboloen bidez antzematen dugu errealitatea, haien bidez atxikitzen diegu gauzei, aldatuko baditugu. Baina badaude, egon, arazo batzuk: alegia, sinboloak eta errealitatea nahasi, identifikatzen ditugunean; hala nola, sinboloa, berak sinbolizatzen duen errealitatetzat jotzen dugunean; eta hala nola, errealitate zehatz bat sinbolo huts bihurtzen dugunean, ez preseski errealitate hori aldatzeko, bertze amets batzuk lortze aldera baizik. Honelakoetan, begi bistakoa da arriskua: egoera batera hel gaitezkeela, non ez baitzaigu interesatzen sinbolo bihurturiko errealitate horren konpontzerik, bertze ametsen atzetik erabiltzen dugun sinbolo eroso bat ez ote dugun galduko beldur. Horratx, euskara sinbolo bihurtu, ez euskararen arazoa konpontzeko, baizik eta batek daki zer bertze amets batzuk lortze aldera.
Zein amorruak hartzen digun gogoa irakasleoi-eta, gure gazte euskaldunak ikusten ditugunean euskararen aldeko ekimenak, manifestazioak, grebak, jaiak, etab., antolatzen… erdara ederrean! Gogoratzen naiz, urte dezente duela, Iruñerriko ikastetxe batean, kontraerran hori itsusten saiatu nintzaiela. Martiztar bati bezala begiratu eta, arrazonatu, arrazonatu ere egin zidaten serio, zerikusirik ez zutelakoan bi gauzek elkarrekin. Aitortu behar dut kontu batean behinik behin bazutela arrazoi: instituzioei eta aginte publikoari eskubide bat eta haren bermeak eskatzeak ez duelako zertan erran nahi horrelako eskubidea betebehar pertsonal bihurtu behar dugunik. Dibortzio edo abortu eskubideak kasu. Berdintsu, bada, euskararenean, nola ez?
Halaz ere, begi bistan zegoen haien okerra: haiei zegokien curriculuma ahalik eta hobekien eginen bazuten, ikastetxean bai zutela euskaraz aritzeko betebeharra. Nork eta euskararen etsai omen zen administrazio batek ezarritako betebeharra, gazte euskaltzale haiek baino urrunago joanez euskararen alde. Eta begi bistan zegoen ikasle maitagarri haien joera: sinbolo huts bihurtzen zutela euskararen errealitate kaskarra, bertze amets batzuei begira.
Kontuz, Bixente, ez gogortu bihotza aingerutxo horien kontra!
Bale! Baina lekurik gabe gelditu naiz benetan nahi nuena errateko: alegia, nerabeen antzekoa izan dela batzuetan helduon jarrera. Sinbolo bihurtu dugula euskararen errealitate kaskarra, bertze amets batzuen atzetik ibiltzeko.
Gora euskararen aldeko sinboloak; utikan, zenbat ere bidezkoa den zera hori, auskalo zeren alde sinbolo bihurturiko euskara.
Bixente Serrano Izko. Historialaria.
ZENBAT BURU… Lionel Joly
2006an Euskal Herri mailako azkeneko kale neurketa bideratu zuen Soziolinguistika Klusterrak. Emaitzak pasa den abenduan eman ziren ezagutzera eta Lionel Joly horien inguruan aritu zaigu.
Noiz sortu ziren neurketa hauek eta zer helbururekin?
Herrietako kale neurketak aspalditik egiten dira, metodologia berritzaile hau SIADECOk sortu zuen eta Euskal Herri mailan 1989an burutu zen lehengo kale erabileraren neurketa. Urte hartan Euskal Kultur Batzordeak (EKB) Euskal Herriko udalerri handienetan (10.000 biztanletik gorakoak) erabilera neurketa egitea erabaki zuen. Geroztik Soziolinguistika Klusterrak antolatzen du Euskal Herriko kale erabileraren neurketa eta 1993an, 1997an, 2001ean eta 2006an egin dira. Metodologia egokitu egin da eta orain ez dira bakarrik udalerri handienak neurtzen, adierazgarria den lagin bat baizik, Euskal Herri osoan euskararen erabileraren tasa zein den jakiteko adierazgarria den lagina alegia.
Kale neurketaren datua oso adierazgarria da euskararen inguruan lan egiten dugunontzat eta euskararen egoerari argazki bat ateratzeko. Izan ere, soziolinguistikaren adierazleen artean ohikoenak inkesten bitartez lortzen direnak dira, baina kasu horietan lortzen diren emaitzak aitortuak dira, ez zuzenean behatuak.
Zer emaitzak eman ditu azkeneko neurketak?
Euskal Herriko errealitatea anitza da eta laburpenak egitea zaila eta arriskutsua da datuen irakurketa egokia egiteko. Laburbiltzeko, Euskal Herrian Euskara gero eta gehiago erabiltzen dela esan dezakegu. 2006an Euskal Herriko elkarrizketen % 14,2 euskaraz izan baitira. Dena den, gehiago erabiltzen bada ere, oraindik minoritarioa da euskal gizartearen zonalde gehienetan. Gainera, erabileraren hazkundea nahi eta espero baino motelagoa da, izan ere, hamazazpi urtetan 3,4 puntu igo da.
Elebidun eta elebakarren proportzioak kontuan hartuta, espero dena baino gehiago hitz egiten da, baina, euskararen erabilera indarra galtzen ari da. Hau da, erabilera ez da ezagutzaren erritmo berean hazi, eta gainera, ezagutzaren hazkundearen erritmoa erabilerarena baino bizkorragoa da; beraz, bien arteko aldea, geroz eta handiagoa da.
Herrialdeen arabera ezberdintasun handiak daude: Gipuzkoak euskararen erabileraren etengabeko hobekuntzarekin jarraitu du, eta erabilera % 33ra heldu da. Araba, Bizkaia eta Nafarroan ere euskararen kale erabilerak goranzko joera adierazten du aztergai izan dugun 17 urteko tartean; nahiz eta, hiru herrialde horietan, erabileraren igoera trabatuagoa egon eta Gipuzkoakoa baino apalagoa izan. Iparraldean aldiz, euskararen erabileraren galerak ez du etenik.
Nafarroari dagokionez, euskararen erabilera tasa %6,6 da, 2001eko erabilera tasaren berdin berdina, 1989tik 0,1 igo da euskararen erabilera, igoera baino tasa urte guzti horietan zehar mantendu egin dela esan genezake.
Gizarte aldaketekin batera, eboluziorik izan al da aurreko neurketekin alderatuta?
Bai, zalantzarik gabe gizartea aldatuz doa, eta euskararen transmisioko bideak ere aldatzen ari dira. Gazteenen garrantzia euskararen erabilerari dagokionez gero eta handiagoa da eta adin taldeen sailkapena euskararen erabilera tasari dagokionez asko aldatu da 17 urte horietan zehar; alegia, zenbat eta gazteago izan orduan eta euskararen erabilera altuagoa dugu. Haurrek gazteek baino euskara gehiago erabiltzen dute, gazteek helduek baino gehiago erabiltzen dute eta talde erdaldunena euskararen erabilerari dagokionez adinekoen taldea da.
Aurreko neurketatik haurren artean handitu da gehien erabilera (% 20,8), helduek ere puntu batean hobetu dute (% 12,3), eta zaharrek etengabeko jaitsieran jarraitzen dute (% 10,6). Gazteen artean, berriz, ez da hobekuntza nabarmenik gertatu, aurreko neurketetako proportzio antzekoa jaso dugu (% 13,8).
Neurketan hainbat elkartek eta taldek parte hartzen dute. Haien laguntza ezinbestekoa da, ezta?
Bai zalantzarik gabe, Soziolinguis-tika Klusterrak neurketa antolatu eta koordinatzen du, datuak ere zabaltzen ditu, baina behaketak egiteko 400 bat neurtzaile ibiltzen dira eta neurtzaile horien lanari esker lortzen dira neurketaren datuak, beraiek gabe neurketa egitea ezinezkoa izango litzateke. Neurtzaileek eta laguntzen duten elkarteek ez dute ezer kobratzen eta haien lana benetan eskertzen dugu.
Hurrengo neurketetan parte hartzeko lionel@soziolinguistika.org helbidera mezua bidaltzen ahal digute. helbidera mezu bat bidaliz. Zabal eta pozik hartuko ditugu denak.
HERRIEN ELEAK
Etiopia
Afrika ekialdeko estatu honek 54 miloi biztanle ditu eta hainbat talde etnolinguistiko ( %37,7 amhara, % 35,3 galla, % 8,6 tigrinya, % 3,3 gurage, % 5,1 bestelakoak) Erlijio ofizialik ez badago ere, Etiopiako eliza kristaua da nagusiena. Dena dela, badaude beste sinesmen batzuk: musulmanak, animistak …
Aipatu behar da analfabetismo maila % 75,7 dela, oso altua, eta honek agerian uzten ditu irakaskuntzaren gabeziak, gizarte barruko desorekak eta konfliktoak.
1993an Eritrea Etiopiatik bereiztu, independizatu zen. Hori dela eta, talde etnikoak, tribuak, kulturak eta hizkuntzak konpartitzen dituzte.
Eritrean zortzi hizkuntza dira ofizialak: afaera, arabiera, bleanera, hadabera, kunamera, sahoera, tigreera eta tigrinera. Etiopian, berriz, bi besterik ez dira ofizialak:amharera eta tigrinera.
Etiopiako eleak familia semitikokoak dira arabiera, arameoa, hebraiera… bezala. KA 1.000. urtean Arabiako penintsulatik sartu ziren eta hortik aurrera euren garapen propioa izan zuten.
Hemen dituzue datu batzuk Etiopiako hizkuntzez.
GE´EZ: hizkuntza zahar hau duela 1.000 urte desagertu zen. Testuak idazteko XIX. mende arte erabili zen arren. Egun Etiopiako eliza ortodoxoak jarraitzen du erabiltzen bere liturgian.
AMHARERA: Ge´ez galdu zenean bere lekua hatu zuen. Etiopia osoan hitz egiten da eta 15 miloi hiztun ditu. Askorentzat bigarren hizkuntza izaki, haren nagusitasuna erabatekoa da. Afrikako ekialdean hizkuntza franka gisa erabiltzen da.
XIV. mendetik testu idatziak ezagutzen zaizkio. Egun, mota guztietako aldizkarietan eta liburuetan aurkitu ahal dugu, bai eta irratian eta telebistan ere. 1972an Etiopiako hizkuntza akademia sortu zen Amharera estandarra bultzatzeko; idazteko 33 karakter erabiltzen ditu eta silabiko amharikotzat da ezaguna. Amarinya, Amharinya edo Koahumba izenak ere erabiltzen dira Amharerari deitzeko.
TIGRIÑERA: Afrikako hizkuntza handienetariko bat da. 6 miloi pertsonak erabiltzen dute, horietatik 1.300.000 Eritrean.
GAFAT: Galdutzat ematen da eta bere ezaugarriei buruz bildutako informazioa oso urria da.
HARARIERA: Etiopiako ego-ekialdean kokatzen den Marar izeneko hiriko hizkuntza da. 1974an 30.000 tik gora ziren hiztunak bainan Etiopiako barruko istiluak zirela-eta populazioa barreiatu zen eta gaur egun 20.000 mila inguru Adís Abeban bizi dira. Hauek musulmanak dira, beraz arabiera erabiltzen dute idazteko eta Harariera hizkuntzan oso nabarmena da arabieraren eragina.
GURAGERA: Riftren sakanan bizi diren tribuen elea da. Hizkuntza bat baino hizkuntza multzo bat da. Azken erroldaren arabera 200.000 hiztun inguru ditu.
SILTERA: Hau ere hizkuntza familia bat da. Silte, Innegor, Wolane eta Zway hizkuntzek, besteak beste, osatzen dute familia hau. Milioi erdi hiztun zenbatuta omen dago.