Alderantzizko kontzientziatze prozesuak
Lehenengo unea: kontzientzia euskalduna
Anabeli ez zaio bere izena gustatzen. Euskal izena ez den kontu horregatik. Bihotzean sartuta daraman arantzatxoa da, euskaldun oso ez sentitzearen kontu berberagatik. Alabari, horregatik guztiagatik, Garazi izena jarri zion.
Bigarren unea: errealitate erdalduna
D ereduan dabil Garazi. Ekainaren bukaeran, oharra dakar etxera: patioan erdaraz aritzen dela. Gurasoek, arras minduta, lagunei euskaraz irakastearen lana eta erronka euskaldunena dela azaldu diote.
Uztailean euskara lantzen den udalekuetara doa. Handik, guztiz erdaratuta dator: txantxak, jokoak, baita abestiak ere… dena erdaraz ikasita. Anabelek ohar zital bat idatzi du balorazio orrian.
Abuztuaren lehenengo astean, astebeteko beste udaleku batera doa. Handik, jada, erdara hutsean dator.
Abuztuaren bigarren hamabostaldian familia osoa doa oporretan, Euskal Herritik kanpo. Garazi, leku eta momentu guztietan erdaraz.
– Zertarako euskaraz egin, ama, hemen inork ez badigu ulertzen? –alabaren ateraldia.
– Hain zuzen ere ba! –amak-. Inork ez ulertze horrek ez al dizu berebiziko askatasuna ematen?
– Askatasuna bakarrik eta txikia sentitzeak? –alabak.
– Bakarrik ez, neska, bakarra baino! –amak, berriro-. Gainera, gure artean jokoak egiteko eta ondo pasatzeko balio diezaguke! Adibidez, hor aurrean doan emakume horri buruz geuk nahi duguna esan dezakegu, ez digu ulertuko eta!
– Horretarako nahi duzu zure hizkuntza ederra? Burla egiteko? –alabak, pipertuta-. Nik munduan zehar ibiltzeko hizkuntza bat nahi dut, lagunak egiteko balioko didana! Ez alderantziz!
Ama, aho bete hortzekin gelditu da.
2008ko udan, Garazi London-era bidaltzea erabaki dute gurasoek. Zorte pixka batekin, gaztelerak baino areago liluratuko al du ingelerak!
Hirugarren unea: errealitate erdalduna II
Anabel paseatzen ari da. Arratsalde pasa. Emakume talde bati paparrean ikusi dion pegatinak arreta deitu dio. Euskaltegi baten izen-emate kanpainakoak dira. Deigarriak. Emakumeak, ostera, erdara garbian ari dira. Anabelek, euskaraz jakin ez arren, euskara ikastea bultzatzen dutenetarikoak izango direla pentsatu du. Edo eta euskaltegian izena eman berriak.
Paparretik aurpegietara joan zaizkio, ordea, begiak, esaten ari zirenaz ohartu denean. Batak, irakasle baten euskara bestearena baino hobea dela zioen. Aberatsagoa. Bigarrenak, bere irakaslea bizkaitarra zela eta berari Goierri ingurukoak gustatzen zitzaizkiola. Euskaltegian sartu zen lehenengo urtean egokitu zitzaiona, kasu. Hirugarrenak, arrazoia ematen zion bigarrenari, aipatu irakasleak hika ere egiten zuela gogoraraziz. Laugarren emakumeak, euskararen arazo nagusia kalitatea dela azaldu du. Euskaraz oso gaizki hitz egiten dela eta arazo hori zuzentzen ez den bitartean, ez dagoela zer eginik.
Anabel jo eta ma gelditu da. Alabak hizkuntza nazioartekoa nahi du, irekia eta globala, denek ulertuko dutena. Eta euskaltegiko ikasleek, euskara ona, kalitatekoa eta bikaina. Norentzako, ordea?
Laugarren unea: kontzientzia euskalduna II
Anabelek bere izena errepikatu du ahots goran eta “bueno, después de todo, no suena tan mal” aitortu dio bere buruari, “belarriak irekitze kontua baino ez zen”.
Ana Urkiza. Idazlea
ZENBAT BURU… Aritz Lizarraga
Hilaren 21ean Vianako Erentzun ikastolak Nafarroa Oinez festa ospatuko du. Aritz Lizarraga Lertxundi ikastolaren zuzendariarekin solasean aritu gara xehetasun guztien berri izateko.
Erentzun ikastola 1978an sortu zen. Nola izan ziren hastapenak?
17 ikaslerekin hasi zen eta zalantzaz beteriko urteak ziren; baliabide gutxikoak eta eguneroko borrokaz aurrera egin behar izatekoak. 1992an antolatutako Oinez arrakastatsuari esker, gure proiektuak behar zuen bultzada jaso eta ezinbestekoa zuen eraikina lortu genuen. Gaur egun 133 ikasle ditugu eta gure Ikastola zonaldeko erreferente bihurtu da gure hizkuntza, euskara, zabaltzeko lanetan. Kooperatibaren parte diren guraso, ikasle, ikasle ohi, irakasle eta proiektuarekin bat egin duten herritarren elkarlana benetan garrantzitsua izan da.
2005-2006 ikasturterarte legez kanpo aritu zarete. Zein da egungo egoera?
Ordurarte ez zegoen Nafarroako beste ikastetxe bat bezala onartua, baina, halere, aurrera egin dugu. Legalizazioarekin batera, aspaldi merezi genuen errekonozimendua lortu dugu eta, horrekin batera, beste ikastola eta ikastetxeek dauzkaten eskubide berdinak; diru-laguntza ezberdinak eskatzeko aukera, irakaslegoaren formakuntza eskaintza…
Zer moduz herriko eta inguruko jendearekin dituzuen harremanak? Eta euskararen egoera zonaldean?
Hasieran batzuentzat arrotza izanen zen herrian ikastola bat izatea, baina denborarekin jendea ohitu egin da. Harremana guztiz normala da, baina kasu zehatz batzuetan gizarte presioa edo familia presioa jasan dute batzuek ikastolan matrikulatzeko asmoa zutelako eta horrek egoera guztiz normalizatuta ez dagoela erakusten du. Normalkuntza horretan udaletxearen babesa eskertuko genuke, ditugun beharretan gehiago laguntzeko eta gure proiektuan parte hartzeko.
Hizkuntzari dagokionez, egoera txarra dela esatera jotzen dugu nahiko erraz, hots, Vianan euskara gutxi entzuten dela edo gaztelania nagusi den leku batean gaudela. Ikuspegi historiko batetik, ordea, egoera inoiz baino hobea dela esanen nuke. Vianan euskara ez hitz egitetik, 200 biztanle inguru euskara ezagutzera eta bizitzera pasatu gara 30 urtetan eta horrek urrats txikia badirudi ere, izugarria da. Aurrerapauso hau ikastolaren lanaren fruitua izan da nagusiki. Oraindik bide luzea geratzen da, eta egin beharrekoak ez daude gure eskuetan soilik: udaletxea, familiak, ikastetxe publikoa eta bianarrak orokorrean euskararen presentzia areagotzeko ezinbestekoak dira.
Zer moduz Nafarroa Oinez festaren prestaketa lanak? Eta urtean zehar egindako ekitaldiak? Zeintzuk dira xedeak?
Urtean zehar egindako ekintzak eta Oinez festa prestatzea izugarri kostatu zaigu. Jende askok uste du Nafarroa Oinez-a bizpahiru hilabetetan antolatzen den jaia dela, baina atzetik prestaketa lan handia dago. Gainera, eguna ospatu aurretik ekintza eta argitalpen ugari aurrera eraman ditugu: moda desfilea, argazki liburua, arte erakusketa, hitzaldiak, rock jaialdia… Ikastola txikia garela eta gauden tokian gaudela kontuan harturik, egundoko esfortzua suposatu digu. Aurtengo ekitaldiaren xedea, aldiz, azpiegitura beharrak asetzea da. Urtetik urtera gure ikasle kopurua poliki-poliki hazten joan da aurreikuspenak hautsiz. Honekin batera, gizartearen eskaerari erantzunez, 0-3 zikloa ezarri genuen eta izan duen arrakastak leku arazo berriak sortu dizkigu. Beraz, lehenbailehen erantzun beharreko beharrak ditugu: liburutegia eta jangela gela berdinean daude, bideo-gela eta ordenagailu gelarekin berdina gertatzen zaigu, ez daukagu jolastoki estalirik…Eraikuntza txiki gelditu zaigunez, Nafarroa Oinez 2007aren helburua, eraikuntza berri bat egitea da Haur Eskola eta Haur Hezkuntza hartzeko. Oraingo eraikuntzaren Lehen Hezkuntzako gelak zabaltzeaz gain, laborategiak, jangelak, sukaldeak eta abarrek beraien kokalekua izango lukete. Azkenik gaur egungo jolastoki irekia estali egingo genuke haurrak babestuago egoteko.
“Giltza daukagu” leloarekin zer adierazi nahi izan duzue?
Erentzun Ikastolak Vianako eskualdean euskararen atea irekitzeko giltza daukala esan nahi dugu, gure seme-alabek euskaraz ikasteko beharrezkoa daukaten giltza, kalitatezko euskara hezkuntza eskaintzeko giltza eta… azken finean, euskaldun guztiok, geurea dugun hizkuntza zabaltzeko giltza.
Laguntza emateko prest dagoenak zer egiten ahal du?
Ikastolara deitu eta langile batzordeko arduradunarekin harremanetan jarri. Besoak zabalik hartuko ditugu laguntzeko prest dauden guztiak, izan ere Nafarroa Oinez egunean 2.000 pertsonaren laguntza beharko baitugu. Bereziki ibilbideko zainketa eta argibidean (500 pertsona inguru) eta ostalaritzan (1.000 pertsona inguru) behar dugu jende gehien. Jar daitezela gurekin harremanetan: 948 44 62 65
HERRIEN ELEAK
Yiddisha
Erdi aroan, Alemaniara emigratutako juduek haien bizian, eguneroko zer eginak egiteko,
erosketak, ikasketak, giza hartu-emanak, alemana hautatu zuten bainan judu erlijioan hebreoa eta arameoa erabiltzen zituzten. Hiru hizkuntza nahasketa horretatik sortu zen yiddish elea.
Judu haiek “askenaziak” izenarekin ezagutzen ziren; erdi aldeko eta ekialdeko Europan bizi ziren, “askenaz” izeneko kultura garatzen. Hemen, Iberiar penintsula eta Mediterraneo inguruan, juduek “sefardiz” kultura garatu zuten: beste kultura, beste hizkuntza eta erlijioa baina arameo eta hebreo mantenduz.
XVI. mendean, hiddisha juduen artean hizkuntza nagusia bilakatu zen. Holanda eta Italiatik Errusiaraino zabaldu zen garapen prozesu honetan. Tokiz tokiko hizkuntzen hitzak, esamoldeak, ahoskerak ….bereganatu zituen, jiddish dialekto berriak sortuz eta bi adar handitan zatitu zen: ekialdekoa eta mendebaldekoa. Azken hau XVIII. mendean hasi zen indarra galtzen ia ia desagertu arte. Ekialdekoaren barruan hiru dialekto daude: erdi-aldekoa, Poloniakoa ere deituta, iparraldekoa edo lituaniarra izenekoa, (Bielorrusian ere oso zabalduta dago aldaera hau) eta hegoaldekoa edo ukraniarra.
XIX. mendean juduen pizkundeak izugarrizko prestigio eta bultzada ekarri zizkion jiddishi, izan ere, sozialistek, ezkerreko militanteek, kultur eta erlijio gizonek judu herriaren mintzaeratzat onetsi baitzuten euren eguneko zereginetan.
1908an, Czernowitzen (Ukrania) judu hizkuntza nazionaltzat onartu zen bainan nazien holokaustoak 6 miloi jiddish hiztun, juduak, garbitu zituen eta horren ondorioz “askenaz” kulturazko gizon-emakumeak munduan barna barreiatu ziren. Batzuk SSEBra joan ziren errusiera aukeratuz; asko AEBra eta han ingelesa, normala denez, hautatu zuten. Azkenean multzo handi bat Palestinara joan zen, Israelgo hizkuntza ofiziala, hebreoa, onartuz.
Gaur egun datu zehatzik ez badago ere 1 eta 3 milioi bitartean omen dago hiztunen kopurua, erdiak AEBetan. 1995ean EBko kontseiluak yiddish aldeko ebazpena hartu zuen. Ikusi ahal dugunez, jiddishak badu nolabaiteko berme instituzionala baina benetako sostengua beste alde batetik jasotzen du, erlijio talde ortodoxoetatik, hain zuzen ere, bereziki “hasidi” izeneko taldeetatik (muturreko ortodoxoak ). Talde hauek kementsu lan egiten dute “askanaz” kultura eta mintzaerari eusteko. Horri gehitzen badiogu izugarri handia duten jaiotze tasa pentsa dezakegu hizkuntza honen bizi iraupena ziurtaturik dagoela.