Nafarrok beharko ote dugu pin-a?

Badira urte batzuk ideia bueltaka dabilkidala. Villasantek gogoratzen zuen 1988ko Euskararen auziaz liburuan (32-3): «…, Euskaltzaindiko batzarrera proposamen bat aurkeztu zela -Francoren denboran zen-: euskaldunek eraman beharko luketela paparrean ezaugarri bat euskaldun direla esanez, eta orduan, elkarrekin topo egitean, beti euskaraz hitzegingo luketela. Baina ez zen aintzat hartu. Euskaldunak garen baino urriago garela uste izateko bidea bihur zitekeen ezaugarri hori, konplejoei atea zabalduz, etab. / Ez dakit -dio bukatzeko-. Baina euskaraz mintzatzera bultzatzeko zerbait beharko litzateke asmatu, zeren hil edo biziko gauza baita hizkuntzarentzat, eta hori gabe beste erremedio guztiek jai daukate.»

Badakit Nafarroa Garaian, Iparraldean bezala, baditugula arazo nagusiagoak “demokrazia” honek ukatzen digun hizkuntzaren ofizialitatearekin, eta hori eskuratzea dugu lehen helburu. Kontua da ofizialitatea eskuratua dugun EAEn ere arazoa ez zaigula falta. Franco hil eta 32 urtera erdaldun huts dugu oraindik biztanleen erdia. Administrazioa, zerbitzuak eta lan mundua euskaldundu gabe, eta hizkuntz ereduekin-eta irakaskuntzaren parte handi bat ere bai, lanbide hezkuntza eta unibertsitatea tarteko. EAEko Euskararen Legeak agerian eta harro aldarrikatzen duen informazioa euskaraz jasotzeko eskubideaz berriz, ez dugu kioskora begiratu besterik, irrati dialari, tb kanalei. Eta hori ondoen gauden tokian.

Nolanahi euskarak irabazi ditu 30 urteotan 200.000 hiztun (600.000tik 800.000ra), eta gainera gure inguruan ditugu beste 600.000 inguru ia-euskalduntzat dutenak bere burua. Batzuk eta besteak batuta Euskal Herriko biztanleen erdia ere baginateke jada. Euskarak gainera asko irabazi du urteotan dignitatean ere, EAEn batez ere. Irakaskuntza eta kultura hizkuntza duin bihurtu dugu, eta ez da gutxi, ondo gogoratzen badugu nondik abiatzen ginen orain dela 30 urte.
Nolanahi, euskararen erabilera maila ez da proportzio berean igo, eta hegoaldean, hizkuntza galdu ere egin ez badugu iparraldean bezala, gero eta gehiago gara hiztunak, eta (ia) gazte guztiak, euskararen ordez euskañola darabilgunak gure mintzoan. Arazoa ez da kanpotiko hitzak erabiltzea, gutxiago kultuak. Arazoa da hizkuntza aldaketa, code switching-a. Eta gero eta hiztun gutxiago dugu gauza dena mintzo saio bat egiteko non-nahi tartekatu gabe espainolezko esaldi eta diskurtso zati osoak.

Eta halako arazoei aurre egiteko, beharrezko neurri estruktural guztiez gainera, derrigorrezkoa dugu norberaren, eta bereziki gazteen konpromiso pertsonala bultzatzea euskararekin, euskaldun izatearen eta euskaraz hitz egitearen harrotasuna: Ni euskaldun naiz, eta nik behintzat, euskaraz egin nahi dut euskaraz dakien guztiarekin. Eta nik beti pentsatu dut Villasantek proposatzen zuen paparrerako pin-a edo logotipoa ezin ideia hobea zela konpromiso hori erakusteko eta zabaltzeko, euskaldun izatearen harrotasuna indartzeko, pertsonai euskaldun nagusienetatik xumeenetara, edadekoenetatik gazteenetara. Orain 17 urte berritu nion Euskaltzaindiari, euskaldunon bilgune nagusi, neutroen eta kontsentsuatuena legez, Villasantek aipatu eskaera, Francoren garaiko bera, eta ez zuen egoki jo bultzatzea. Geroztik egin ditut saiakera gehiago antzeko erakundeekin (Egunkaria …), baita distribuzio sare komertzial euskaldunekin ere. Orain gutxi Kontseiluarekin, zeinek estudiatuko omen duen. Ideia gainera, nik uste, ekonomikoki ere errentagarri dela. Eta beste inork heltzen ez badio, azkenean nafarrok egin beharko dugu lehendabizi. Fundamentuzko gauza guztiak bezala. Ea nor animatzen garen. Ondo izan.

Bittor Hidalgo. Irakaslea eta euskaltzalea



ZENBAT BURU… Alberto Irazu

Duela zazpi urte Donostiako Irutxulo aldizkariaren itzalpean sortu zen gazteei zuzenduriko Gaztetxulo aldizkaria. Urteek aurrera egin ahala, erreferentzia bilakatu da Euskal Herriko gazteen artean eta orain, izen aldaketarekin batera -Gaztezulo-, hainbat berrikuntza dakartzate, Alberto Irazu Gaztezuloko zuzendariak aipatu digun moduan. Webgune berria -www.gaztezulo.com- martxan dute jada.

Nola izan ziren hastapenak? Zer xede zenituzten martxan jarri zenutenean?
Irutxulo Donostiako astekarian ikusi genuen gazteak euskarazko prentsara hurbiltzea oso garrantzitsua zela, eta horregatik, Irutxulo aldizkarian Gaztezulo atala sortu genuen. Atalak arrakasta itzela izan zuen Donostiako gazteen artean, eta 1999ko otsailean atal izateari utzi eta aldizkari bihurtu zen. 2000ko urrian, aldizkariak Donostiatik Euskal Herrira egin zuen salto. Donostiako gazteek gustuko zutenez, pentsatzekoa zen Euskal Herrikoek ere gogoko izango zutela, eta hala izan da.

Guztira 6.700 harpide dituzue eta 10.000 aletik gora karrikaratzen dituzue? Zer nolako balantzea egiten duzue eginiko bideaz?
Orain arteko ibilbideaz oso irakurketa baikorra egiten dugu. Gazteentzako euskarazko produktu batek 6.700 harpidedun izatea ez da datu makala. Oso pozik gaude irakurleek oso ongi erantzun dutelako, eta inolako zalantzarik gabe, gure altxorrik preziatuena dira.

Urte hauetan guztietan zuen tokitxoa aurkitu duzu zalantzarik gabe. Zaila izan al da horreraino iristea?
Ez da erraza izan honaino iristea, baina uste dut Gaztezulok asmatu duela gazteei bestelako zerbait eskaintzen. Oso produktu fresko eta atsegina da, gazteen hizkerara egokitu da, eta estetikoki ere joera berriekin bat dator.

Urtemugarekin batera hainbat aldaketa planteatu dituzue. Hasteko izenaren aldaketatxoa; Gaztezulo. Zer dela eta? Zer berrikuntza gehiago aurkituko ditugu?

Gaztetxulotik Gaztezulora salto egin dugu uste genuelako produktuak berrikuntza behar zuela. Sortu zenetik diseinua aldatu gabe genuen, eta arlo horretan aldaketa beharrezkoa zen. Irudiak lehen baino garrantzia handiagoa du; orrialde gehiago ditu; atal berriak…
Izenari dagokionez, bi arrazoirengatik aldatu dugu. Batetik, izatez Irutxulorekin lotzen gintuen zilbor-hestea aspaldi eten genuen, orain izenez ere eteteko ordua zela uste dugu. Bestetik, Gaztezulok irakurleekin lehen baino harreman estuagoa izan nahi du aurrerantzean, eta horregatik, gazteen zulo bihurtu nahi dugu, zuloak gustuko baititugu (taberna zuloak, kontzertuetako zuloak…). Zulozaleak garelako.

Webgunea ere berritu duzue; hemeroteka, eguneroko albisteen jarraipena, jendeak parte hartzeko txokoa…
Gaztezulo.com webguneak bi atal nagusi ditu. Bata, eguneroko albisteei eta orain arteko Gaztezulori lotuta dago. Bertan, Gaztezulok zazpi urtetan kaleratutako artikulu guzti-guztiak daude, bilatzeko modu errazean, gainera. Baita Gaztezulok argitaratutako disko eta liburu kritika guztiak: 800dik gora. Azken zazpi urteetan zinema aretoetan estreinatu diren eta gaur egun DVD formatuan ikus daitezkeen film garrantzitsuenen kritika eta puntuazioa dakartza: 500dik gora kritika, euskaraz idatzitako kritika bildumarik handiena eta eguneratuena da! Eta horrez gain, karteldegiko filmen puntuazioa, estreinatzear direnei buruzko informazioa, aktore ezagunenen profila…
Bestetik, jendeak parte har dezan gune garrantzitsua dugu. Bertan, jendeak sexuari edo interneti buruzko kontsultak egin ditzake eta gure adituek erantzuten dituzte, jendeak hitzorduak egin ditzake parrandara joateko edo nahi dutenerako, salerosketarako gunea ere badago, unibertsitateko apunteak trukatzeko, argazkiak zintzilikatzeko…

Aurrera begira zer erronka dituzue?
Une honetan webgunearekin ari gara lanean, izan ere, gure webgunearen barruan jendearentzat beste webgune oso berezi bat sortuko dugu laster. Berezia eta berritzailea izango da, euskaraz orain arte ez dago halakorik.
Horrez gain, hainbat festa egiten ari gara Gaztezulo ezagutarazteko, eta gure irakurleei ongi pasatzeko aukera emateko.
Beste hainbat kontu ere baditugu buruan, baina tira, oraingoz aldaketekin eta badugu nahiko lan.


HERRIEN ELEAK
Errusia

   
Nenetsera
Nentsyak Errusiar Federakundeko iparraldean bizi dira, Europak eta Siberiak muga egiten duten lurraldean, Kola eta Taymyr penintsulen artean, Kara eta Lapteu itsas ertzean, eta Kulgaeu eta Navaya Zemlya irleetan.
XX. mendean nenetsarren kopuruak izugarri egin du gorantz: 10.000 mila doi-doi izatetik 40.000 izatera ailegatu dira. Bere aintzinako bizi modua elur-oreinen abeltzaintzan oinarritzen zen eta tundran zehar egiten zituzten emigrazioak. Ehiztariak eta arrantzaleak ere izan ziren baina gaur egun gutxi dira bizi modu hori mantentzen dutenak. Meategiak zabaldu dituzte Moskuko agintariek eta haietan aritzen dira. Errusiatik etorritako etorkinek minorizatu dituzte eta nenetstarrak ez dira beren lurraldeko biztanleriaren %10 ere.

Nenetseraz n’enyts (gizona) eta n’entsja (gizonak) deitzen zaie nenentsarrei; hizkuntzari, n’entsia vada esaten zaio. Nenetsera hizkuntza Uraldarra da, Samoyero azpifamiliakoa. Hizkun
tza uraldarrak indoeuropar eta altaitarren ahizpa-hizkuntzak dira, euroasiarra izeneko familiaren alaba-hizkuntzak, hain zuzen .Hizkuntza uraldarren jatorria Errusiako Uraletan dago; gero, Euroasian zabaldu ziren. Hiru azpifamilia nagusi ditu uraldar familiak: Yukaghir hizkuntzak, Siberian erabiltzen direnak; Fino-ugriarrak (Hungariera, Estoniera, Samiera… zerrenda luzea da); eta, Samoyedo ( Nenets ).

Aipatu dugu XX. mendearen zehar nenetsarren kopuruak gora egin duela. Nenetsaren ezagutzak, berriz, beherantz egin du. 1959an nenetsarren %84,7k zekien nenetseraz; hogeita hamar urte pasatu ondoren kopurua %77,1era jaitsi da.

Azken azterketen arabera nenetsera arrisku larrian dago ama-hizkuntzaren transmisioa moteldu delako eta, ondorioz, umeek oso gutxi erabiltzen dutelako. Samoyedo familiako hizkuntza horiek guztiak daude oso egoera larrian.