Vasca, pues

Ez dakit oso ondo gutako bakoitzaren identitatea nola eraikitzen den, baina bideak anitzak izanik ere –identitatearen beraren aldeak beste-, dudarik ez dago ispilu-jokoa dela haren sortzaile nagusietako bat. Hau da, hein handi batean besteek esaten digute nor garen eta haien begiradak egiten gaitu.
Niri, adibidez, euskalduna (edo “baskoa” hobeto esanda) nintzela Kantabriako jendeak jakinarazi zidan haurtzaroan. Uda batez Santanderren izan zen, eta inpresio handia egingo zidan, nire memoriak oso ondo gorde baitu. Maite nuen pertsona heldu batek buruan laztan eginez eta txantxetako tonuaz, “vasca, gudari, separatista” segidarekin edota “vasca, pues” esanez, maitekiro agurtzen ninduen beti. Nik hitz horien esanahia ez nuen ulertzen, baina nire ile gorria astintzean “panojuca” esatean egia esaten zuten bezala, huraxe ere egia zela sentitzen zuen.
Gudari eta separatista hitzen esanahia jakiten saiatu nintzen, eta nahiz eta seguruenez ume bati adierazteko ez ziren oso errazak, lortu nuen etxean azal ziezazkidaten. Baina “vasca, pues” pareak urteetan iraun zuen nire buruan, ilun. Euskaraz ikasi nuen arte, hain zuzen.
Bigarren hizkuntzak ikastean maiz gertatzen den bezala, berriki ikasitakoak edo ikaste bidean dabilenak aukera ematen dizu lehendik dakizuna berriro aztertzeko, beste ikuspegitik begiratzeko. Horrela, bigarren hizkuntza ikasteaz gain, lehena ere, hobetzen da. Halaxe gertatu zen nire gaztelerazko aurkikuntzarekin. Egun batean konturatu nintzen euskaraz nonahi agertzen zen “ba” hura zela nire herriko jendeak –ni barne- gazteleraz egitean, behar ez zen lekuetan jartzen genuen “pues” hura: “¡No va a ser, pues!” (Izango ez da, ba!) “Sí, pues” (¡Bai, ba!), “pues eso” (Ba, hori) “¿Qué qué soy? pues vasca” (Zer naizen, diozu? euskalduna, ba).
Handik aurrera niretzat pues eta ba hizkuntza biren bereizkuntza ikur bihurtu ziren: ez bakarrik nire identitate euskaldunaren kontzientzia sorrerari lotutako zeinu, baizik eta, ba-ren kasuan, euskararen identitatearen ikur ere bai. Ba horren indarra hain zen handia zeren edonon agertzen baitzen euskaldunek hitz egiten genuen gaztelanian ere.
Duela hiruzpalau urtetik hona, ordea, euskarazko diskurtsoen erdi-erdian nire belarriak ari dira, ba-ren ordez erabilita, pues hitza modu obsesiboz jasotzen (“Pues gogorra izango da” “pues, hori” “pues esaiozu ez zaizula gustatzen”). Eta hori gertatzen da ez euskaldun berrien ahotan, baizik eta duela gutxi arte honelakorik sekulan erabili ez duen jendearenetan ere. Nafarroan entzun nuen lehenbizikoz eta harritu ninduen. Hango egoera soziopolitikoari egotzi nion kontua. Baina handik gutxira, konturatu nintzen pues hori Gipuzkoako aho euskaldun askotan agertzen zela. Azken honetan Bizkaian eta Araban bertan ere entzun dut maiz. Olio bezala zabaldu zaigu, antza.
Nahiz eta oso labaina den – tamalez, maistra, nire identitatearen beste marka saihestezina, beti hor, zirikatzen- inoiz ohar egin diot inori ba-ren ordez gaztelaniazko pues gelditu gabe erabiltzen zuela, baina ematen dit nire jokabide honek ez duela askorako balio izan. Gipuzkoan sarri entzuten den porque-rekin bezala, oso erraz automatizatzen omen da pues: esanahi urriko funtzio-hitza izanik biak, esangura handiagoko beste askotan baino zailagoa suertatzen ei da haiei erreparatzea. Hori bai, pena, izenetan baino hobeto, hizkuntzen espiritua funtzio-hitz horietan gordetzen baita.
Zer egin bada? Identitatearen muinean berriz ere zaurituak izan garela –edo, nahi baduzue, izan naizela- sentitzen dut eta horretarako bi irtenbide bakarrik bururatzen zaizkit: lehengoari eustea –izkribu hau horren ahalegintxo bat besterik ez da-, edota horrek ondorio onik ez balu, neure burua egokitzea: zer naizen galdetuko balidate, “Euskalduna, pues”, erantzun eta oso malgua naizela pentsatu.

Uri Ruiz Bikandi


ZENBAT BURU… Aitziber Sarasola

Iruñerriko AEKko egoitzaren telefonoei sua darie egunotan, hilaren 22an Karrantzatik irten eta apirilaren 1ean Iruñera iritsiko den 15. Korrikan parte hartu eta lagundu nahi duen jende andanaren erruz. Aitziber Sarasola Nafarroako AEKko koordinatzaileak tartetxo bat egin digu aurtengo edizioaren nondik norakoak azaltzeko.

Dena prest al duzue jada?
Hala da, bai. Oraintxe ari gara prestaketa lanetan buru belarri, baina otsailean hasi ginen ibilbidea finkatu, mezu eta omenduak adostu eta halakoak burutzen.
Karrantza Bizkaiko mendebaldean dagoen herri-bailara da eta lehen aldia izanen du Korrikak bertatik pasatzen. Karrantza Santanderrekin mugan dago eta handik ez garenez sekula pasa izan, nahiz eta AEKren euskaltegia izan baden, 15. honetan baietz erabaki dugu, handik pasa ez baino, bertan hasiko dugula Korrika. Aurtengoan Korrikak 2.100 Km eginen ditu Euskal Herri osoan barrena eta Iruñean amaituko da. Gure nahia da Korrika apirilaren 1ean Gazteluko Plazan sartzea indar eta ilusio handienarekin.

Omenaldia emakume guztiei eginen zaie. Zor historikoa zegoela aipatu duzue.
Bai, hala bizi dugu guk. Beti omendu izan dugu AEKk une horretan omendu behar zela uste izan duen pertsona edo gizataldea. Baina beti printza bat izan dugu eta printza hori ausaz kendu nahi dugu Korrika honetan; sekula ez dugu emakumezkorik omendu zaila egiten zitzaigulako omendu nahi genuen horri aurpegia eta izena jartzea. Zor historiko horrekin amaitzeko emakumeek egindako lan eskerga eta emakumeak berak omendu behar genituela ikusi genuen. Euskararen kontrako errepresio garairik makurrenetan hor izan da beti transmisioaren katea. Gure amonek, gure amek ez dute euskararen emarian etenik egin eta horrexegatik gaude seguruenera hemen. Aurreko edizioan euskara ikasi duen hori omendu nahi izan genuen eta oraingoan euskara etxean gorde eta gero ausardiaz kalera eramaten jakin izan duen euskal emakumea omendu nahi dugu. Emakumeondako oraindik ere garai gogorrak diren hauek gainditu eta parekidetzaren aldeko oihu bilakatu nahi dugu Korrika hau. Hala izan bedi eta Korrikak eraman beza euskara eta parekidetasunaren aldeko aldarria Euskal Herriko txoko guztietara!

Manifestua ere prestatu duzue nahi duen orok sinatzeko.
Gure nahia da euskal emakume guztiei gonbitea luzatzea lekukoa hartu eta konpromiso horrekin jarraitzeko. Gure ustez ezinbestekoa da orain arterakoan askotan ezkutuan egin behar izan den transmisio horrek bizirik jarraitzea, baina ahal dela kalean, etxean, epaitegian, osasun etxean… Lekukoa hartu dugu gure aurretik aritu izan diren emakume guztiengandik eta orain emakume eta gizonoi, guztioi dagokigu aurrera egitea. Horretarako dokumentu bat osatu dugu eta nahi duenak atxikimendua adierazi nahi badio eskuragarri du www.korrika.org web gunean edota AEKren edozein euskaltegitan.

Korrika kulturalaz gain, aurten Kulturbira izeneko ekimen berezi bat antolatu duzue, ezta?
Halaxe da. Autobus bat paratu dugu Euskal Herrian barrena martxan eta oholtza bat eskaini zaio bertaratutako herri edo auzoari. Oholtza horretan kale antzerkia (Miss HELDU!) izan da elementu bateragarria eta gainerako ekitaldiak herri edo auzo bakoitzak garatu dituenak izan dira. Hollywoodeko aktore bat etorri da lekuan lekura bideo klip bat grabatzeko asmoarekin eta saltsa horretan, jendearen artean nahastuaz osatu dute ekitaldiaren zati bat. Gainerakoa ezberdina izan da aipatu moduan lekuan leku. Korrika Kulturalak Iruñerriari ere hainbat ikuskizun ekarri dizkio, antzerkia, bertsogintza, kantugintza…baina ekitaldi gehienek berritasuna ekartzen dute eta zentzu horretan jendeak ere neurri berean erantzun du…

Korrika internetez jarraitzerik izanen al da?
Bada, egia esatera aukera izanen da bai aurten web orriaren bitartez Korrikaren eguneko jarraipena egiteko. Batetik, lehen egunetik hasita argazkiak paratuko ditugu sarean. Bestetik, termometro bat ere izanen da Tour-aren moduan egunez egun zein etapa zein ordutan eginen duen jarraitu ahal izateko. Aurten modu berrian aztertzen ari gara web-cam bat jartzerik ba ote dugun sarean, unean uneko imajinak jasoko dituena. Baina aipatu dudan moduan oraindik aztergai dago kontua. Dena dela komunikabideek jarraipen estua egiten diote Korrikari egunero eta ziurrenean izanen da ahalik eta gertuen jarraitzeko aukerarik modu batean ez bada bestean.

Sosak zertara bideratuko dituzue?
Batetik, Nafarroako Gobernuak azken bi urteetan ezarri digun dirulaguntza murrizketaren ondorioz eragindako zuloa estaltzea izanen da. Bai Nafarroako, bai Iparraldeko AEKko euskaltegiek duten dirulaguntza eskasa da oso eta zentzu honetan euskara eskolak Euskal Herriko txoko guztietara zabaltzeko Korrika 15.ak ekarriko digun laguntza handia izatea espero dugu. Bestetik bai Baionan, bai Iruñeko Donibane auzoan, euskaltegi berriak egiten ari gara eta berauek ordaintzeko behar dugu dirua.
Ez nuke elkarrizketa hau amaitu nahi jendeari parte hartzera animatzeko gonbitea egin gabe. Lasterka eginez, kilometroa erosiz, HELDU lekukoari eta denok batera egin dezagun KORRIKA 15.


HERRIEN ELEAK.
Krimea

   
Krimeako tatariarrak
XIIIgarren mendean Mongoliatik emigratutako tribuak mendebalderantz abiatuta, Rusian, Turkian, eta ekialdeko Europan sartu eta hango tribuekin (turkomanoak, mongol-aurrekoa, bulgaroak) nahastu ziren. Gaur egun mestizatu zirela esango genuke. “Urrezko horda” izenarekin ezagutu zen emigrazio hura eta errusiarrek tatariar izena eman zieten emigrazio haietatik sortutako tribuei. Tatariarrak barreiatu ziren. Errusian, Polonian, Afganistanen, Turkian, Txinako Xinjiang eskualdean, Bulgarian, Lituanian eta Krimean… Beraz bide luzea egin zuten. Bisitatutako herri guztiarekin nahastuz, haien ezaugarri kulturalak eta linguistikoak irentsiz eta berriak sortuz. Arrazoi hauetatik askoz ere zuzenagoa da tatariar tribuetaz hitz egitea tatariar herriaz baino.
XIII. mendean horietako tribu batzuk Krimeako penintsulan ezarri ziren , hango biztanleak (godoak, hunoak, bulgaroak) asimilatuz.
1430ean sortu zuten lehenengo “janato” (erreinua) bainan 1475ean otomanoen inperioaren menpe gelditu ziren, autonomia handia gozatu bazuten ere. 1774an Errusiak konkistatu zuen. Hurrengo mendean, (1853-1856) ematen da tatariarren lehenengo exodoa. Milaka tatariarrek euren jabetzak galdu zituzten; asko kanporatuta izan ziren, herri minorizaturik bilakatuz. Mende horren bukaeran tatariarren nortasunaren aldeko lehen mugimendu nazionala sortu zen. Ismael Gasprinski mugimendu horren buruak modernitatean oinarritutako nazionalismoa bultzatu zuen. Islam liberalaren alde eta hezkuntza herriaren tresna izatearen alde borrokatu zuen.
Munduko lehen gerraren bukaeran, Errusiaren inperioa malda behera zihoala aprobetxatuz, tatariarrek independentzia berreskuratu zuten. Estatu berri horrek gutxi iraun zuen. 1921ean boltxebikeek garaitu zituzten eta Krimeako errepublika sozialista sobietar autonomoa ezarri zuten. Tataroa hizkuntza ofiziala zen eta haien kulturak izugarrizko garapena ezagutu zuen. 1927an hasi ziren Stalinek bultzatutako purgak, hots, garbiketa politikak, eta horrekin batera tatariarren erakundeen debekua eta hizkuntzaren bazterketa. 1944ko maiatzean, gizonak gerrako frentean nazien kontra borrokatzen ari ziren bitartean, NKDV poliziak, gero KGB bilakatuko zenak, 200.000 tatariar (emakumeak, haurrak, agureak) Uzbekistanera eta Kazajistanera deportatu zituen. Gerra bukatu bezain laster gizonak gehitu zitzaizkien. Tatariarrek galdu zuten guztia. Haien etxeak, jabetzak … Errusiatik heldutako kolono eslaviarren eskuetara pasatu ziren.
1967an Moskuk birgaitu zituen baina ez zien etxera bueltatzeko baimenik eman. Perestroikarekin 250.000 tatariarrek aprobetxatu zuten Krimeara itzultzeko baina euren etxeak okupatuta aurkitu zituzten, lanik ez zegoen haientzat eta errusiar eta ukraniarren arteko istiluen erdian aurkitu ziren. Inork ez zituen auzokide nahi.
Krimeako tatariarrak sunitak dira, Hanafi eskolakoak. Euren hizkuntza turkomano hizkuntzaren qypchap taldekoa da. Hiru dialektok osatzen dute mintzaira: itsasertzekoa, barrutia eta estepakoa. Hizkuntza idatzita, jatorriz, turkoen somali klasikoaren antzekoa da, “turki” izenarekin ezagututa. Arabiar ikurrak 1929 arte erabili zituzten. 1929tik 1938 bitarte latinoak. Hortik aurrera, Stalinek inposatuta, zirilikoak hasi ziren erabiltzen. Gaur egun latinoak erabiltzen dituzte, zirilikoak baztertuz.
Tatariarrek ez dute botere politikorik. Hori dela eta, Ukraniatik jasotzen duten laguntza hutsaren hurrengoa da. Haiek bilatu eta kudeatu behar dituzte baliabideak. Hori hobeki egiteko 1991n sortu zuten bigarren “kurultai” (parlamentua) eta bere “mejlis” (talde kudeatzailea) zabaldu zuten.
Hezkuntzako arazoak larriak dira. Gazte askok hizkuntza galdu dute. Akulturizazioa oso nabarmena da. Tartaroz ikasten dutenak %15 dira soilik. Ikastetxeak zaharrak dira, ez dute libururik, irakasleen prestakuntza urria da oso….
Tataria TBan horren guztiaren berri ematen dute baina gaineko hedabideetan tatariarren berriek ez dute inolako lekurik aurkitzen.
Egoera ez da samurra. Hala ere Asian zehar (Uzbekistan eta Kazajistan) bizi diren 200.000 tatariarrek etxera itzuli nahi dute.Amets hau gauzatzen bada Krimeako arazoak areagotuko dira. Erronka berria Ukraniako gobernuarentzat eta tatariar erakundeentzat, adituen ustetan.