Udako afaria

Afari bat, joan den udan. Aspaldiko adiskideak, bikote bi, bikoteetako baten bigarren etxebizitzan, baserri erreformatu bat. Txuleta erreak, entsalada, Errioxako ardoa, Tolosako Gorrotxategi gozodendako gutiziak. Batzuen eta besteen seme-alabak ohera joan dira ETB1eko Dragoi Bola Z telesaila ikusi ondoren. Aletzen joan dira mintzagaiak: EURIBORaren gorabeherak, Libanoko gerra, Rocío Juradoren heredentzia, meniaren egoera –oso laburki–, Cars filma –guztiek ikusi dutena, haurrekin batera–. Mikel hasi da, ustekabean, hurrengo gaira eraman duen haritik tiraka.
–Grazia egin dit zure alabak lehen bota duena gaztelaniaz, super-heroien panpinekin jolasten ari zirela: “Thor tiene muchos boteres”.
–Bai, kar, kar; Ataungoa dirudi -–esan du Xabik, neskaren aitak.
–Bai, alabaren gaztelania flojo samarra dela esan zigun andereñoak, ikasturte amaierako bileran -–gehitu du Amaiak, Xabiren emazteak.
–Tira, ez dago zertan arduratzerik; ikasiko du, hori gauza ziurra da. Testuinguruak… –Xabik erantzun.
–Ni beste kontu batek kezkatzen nau, izan ere –sartu da Pilar, Mikelen neskalaguna–. Fijatu zarete, ezta? Euskaratik gaztelaniara pasatzen dira inolako arazorik gabe, kontzientziarik gabe. Natural.
–Eta gaztelaniatik euskarara, emakumea –dio Xabik–. Ez dut uste problema denik.
–Zuenak oraindik gazteak dira –jarraitu du Pilarrek–, baina gureak konturatu dira honezkero euskarak ez diela askorako balio, etxetik eta ikasgelatik kanpo diot.
–Bai, kontu horretaz hitz egin dugu behin baino gehiago guk biok -–gehitu du Mikelek.
–Eta arazoa da: zerk ziurtatzen digu etorkizunean euskarari eutsiko diotela gure seme-alabek? –intsistitu du Pilarrek–. Ezertxok ere ez, edo ia ezerk ez.
–Ba, neska, esan dizut inoiz, guri bezala gertatuko zaie, gutxi gora-behera -–erantzun dio Mikelek–. Batzuek euskaraz egingo dute, beste batzuek ez. Gogora ezazu zenbat euskara hitz egiten genuen guk batxilergoan, klasetik kanpo esan nahi dut: tutik ere ez.
–Bai, eta gero, hor noizbait, koadrilan buelta eman genion asuntoari, eta euskaraz hitz egiten hasi ginen –lagundu dio Xabik.
–Hala da, ados, baina zergatik? Zerk eraman gintuen bide hori hartzera? -–bota die arrapostua Pilarrek–. Nik erantzungo dizuet: abertzaletasunak.
–Bai eta zera ere. Ez dira nahastu behar politika eta…
–Bai, badakit zer pentsatzen duzuen -–jarraitu du Pilarrek-–, eta funtsean ados nago zuekin: asko irakurri dugu, munduko biztanleak gara, oso postmodernoak gara…
–Hasi gara betiko ironiekin… –saiatu da mozten Mikel.
–…eta, utzi segitzen, abertzaletasunean sinesteari utzi genion uneren batean edo bestean. Batzuek lehenago eta beste batzuek beranduago. Baina hor dago hori, hondar bat utzi du.
–Ez dakit nik ba.
–Ba ni ados nago Pilarrekin –parte hartu du Amaiak-–. Are gehiago esango dizuet: gure seme-alabak giro postabertzale eta kosmopolita horretan hazi ditugu, eta ez dute guk nolabait bizi izan genuen pizgarri hori izango.
–Kontua muturrera eramanda -–ekin dio berriro ere Pilarrek–. Euskararen irakaskuntza bermatuta dagoen gurea bezalako erkidego batean, zeinetan administrazioa, hitzez bada ere, euskalduntze prozesuaren alde baitago, euskara, gero eta gehiago, aukera bat da, eta hala ikusiko dute gure seme-alabek. Eta, ondorioz, ezin jakin zein izango den haien hautua. Eta hori da kezkatzen gaituena hain zuzen.
-–Joder, Pilar, eta orain esango didazu Nafarroan, alde horretatik, hobeto daukatela familia euskaldunek: azken batean, bertako gobernua euskararen aurka horren modu injustuan eta nabarmenean ari denez, han badute “pizgarria”, ez dakidana zein puntutaraino izango litzatekeen edo ez “abertzalea”, baina hautu hori finkatzen lagundu diezaieketena, hurrengo belaunaldiei…
–Ba ez dizut ezetz esango, badaezpada…
–Edozein modutan, zertarako arduratu? –saiatu da Xabi–. Egin dezatela nahi dutena, ezta? Guk gurea egin dugu, eta kito.
–Hori bai ez dizudala sinesten, Xabi- –erantzun dio Pilarrek–. Ez dizu berdin. Eta hori inoiz abertzalea izan zarelako da.
–Zer proposatzen duzu, beraz? Independentismoa? Esentzia nazionaletara itzultzea…?
–Ez, jakina ezetz: ez dugu jada parafernalia horretan sinesten; azkeneko hogeita bost urteak ez dira debalde pasatu. Baina kontua da ez daukagula errekanbiorik. Hori da esan nahi dudana.
Eta, isilune labur baten ondoren, gaiak aletzen jarraitu dute mahai-lagunek: dopping-a Tourrean, Donostialdeko errausketa-planta, Madonnaren azkeneko diskoa, Bob Dylanen kontzertua Zurriolan, Queer as folk teleasaila, pentsio planen fisko-abantailak.

Iban Zaldua. Idazlea.
“Etorkizuna” bere azken lanarekin Euskadi saria jaso du


ZENBAT BURU… Javier Iarnoz

Iruñeko kartzelan euskarazko klaseak ematea proposatu ziotenean, gutako hainbaten modura, Javier Iarnozek ezer gutxi zekien bertako errealitateaz. Dagoeneko sei urte daramazki sarreratik klaseak ematen dituen tokiraino dauden 9 ateak egunero igarotzen, baina, baldintza gogorrak albo batera utziz, gustura dabil. Barrukoak oso esker onekoak dira.

2001ean hasi zinen Iruñeko kartzelan euskarazko klaseak ematen, ezta?
Bai, duela sei urte inguru hasi nintzen. Nafarroako Gobernutik deitu zidaten, ikasturtea jada hasita zegoela, irakasleak alde egin behar izan zuelako eta eskaintza egin zidaten. Oso interesgarria iruditu zitzaidan eta baietza eman ondoren, kontratua egin zidaten. Azaroaren 20an hasi nintzen lanean.

Orduan, hasi zinenean, hogei bat ikasle zenituen. Zein da gaur egungo egoera?
Hasieran egun erdiko lana eskaini zidaten eta hamar bat ordu sartzen nituen gutxi gora behera. Bi talde besterik ez nuen, baina segituan ohartu nintzen bi talde horien barrenean beste talde batzuk sortu behar zirela, maila ezberdinak zirelako haien artean. Aurten lau talde egin dira. Izan ere, kartzelan hiru modulu daude: gazteena, helduena eta emakumeena. Gazte modulukoak helduen modulura pasatzen dira baimen berezi baten bidez eta aurten hiru talde atera dira helduen modulutik eta beste bat emakumezkoenatik. Dena den, kopuru aldakorra da, jendea sartu eta atera ibiltzen delako. Egun 10 lagun dira hasierako mailan, bigarren mailan 2 ikasle –eskoletan lehendik zer edo zer ikasi dutenak- eta goi mailan18 inguru edo. Kontuan hartuta kartzelan dagoen preso kopurua 200ekoa dela, kopuru polita dela esan dezakegu.

Zergatik hautatzen dute euskara ikastea?
Duela sei urte talderik handiena preso politikoena zen eta haiek motibazio berezi batzuk zituzten, hizkuntza askoz gehiago menperatzen zuten. Gaurko egunean bi preso politiko besterik ez dira eta gainontzekoen motibazioak bestelakoak dira, oso ezberdinak. Norberak bere interesa du, baina kartzela barruan egonda, denbora betetzea da haien ardura nagusietakoa. Euren burua zerbaitetan izan behar dute okupatuta, bestenaz eguna oso luzea egiten baitzaie. Hortaz aparte, dena den, badira preso zenbait seme-alabak euskaraz ikasten dituztenak eta orain arte akaso ez dutenak aukerarik izan. Kartzelan egonda, aukera probesten dute kanpoan egin ez dituzten hainbat gauza egiteko, eta horien artean, euskara ikasi. Ez dute kanpoan dugun epe luzeko ikuspegirik.

Ze jatorria dute?
Denetik izaten da. Egun, esaterako, Kolonbiarrak ditut, portugaldarrak, afrikarrak, bretoi bat, belgikar bat…

Kartzela barruan euskaraz hitz egiteko ohiturarik al dute?
Bai, batzuk saiatu egiten dira, sikiera dakiten gutxi hori erabiltzen, eguneroko esaldiak; egun on, arratsalde on, gabon, e.a. Eta beste batzuk, mailaren arabera, saiatu egiten dira patioan edo bestelako tokietan egiten ere. Dena dela, arazo eta kontu pila bat dituzte barrenean eta ezin dira horretan soilik zentratu.

Hizkuntzaz gain, euskal kultura ezagutzeko parada al dute? Lantzen al duzue ezer? Interesik al dute?
Bai, klaseak ematerakoan saiatzen naiz gaiek euskal kulturarekin zerikusia izatea, gaurkotasunarekin lotutakoak izan daitezela. Gainera, urtero saiatzen gara hainbat ekintza osagarri prestatzen kanpoko jendea kartzelara ekarriz; musika dela, hitzaldiak, liburuen aurkezpenak, eskultoreak eramanez, e.a. Horien bidez, hizkuntza lantzeaz gain, saiatzen naiz irakurketa sustatzen, kultur grina sortzen, ikuspegi orokorragoa ematen. Egia esateko, kanpotik heldutako kontuak oso esker onez hartzen dituzte.

Kanpoan ere aritu zara irakasle lanetan. Ba al dago desberdintasun nabarmenik?
Pentsa daitekeen moduan, ez du deus ikustekorik, beste dimentsio bat da kartzelan egotea oso egoera berezia baita. Hor dagoen jendea mota guztietakoa da; batzuk jantziago daude kultur kontuetan eta beste batzuk, berriz, larri dabiltza idatzi edo irakurtzeko, beraz taldeak oso desberdinak dira. Kanpoan akaso uniformeagoa da. Ezin dira nahi adina talde sortu eta elkarrekin egon behar dute, beraz ahalegin berezia egin behar izaten da oreka bat lortzeko. Saiatzen naiz bi pertsona mota horientzako baliagarriak izanen diren ariketak prestatzen, baina hainbatetan pixka bat mugatuta izaten naiz material asko idatzizkoa delako soilik. Haien egoera pertsonalak ere zerikusi handia du klaseen martxarekin. Izan ere batzutan gerta baitaiteke norbait epaitegietara eramatea eta ondoren epaileak esandako zigorraren zamarekin itzultzea edo, alderantziz, berri on bat, urteetan kartzelan eman duen pertsonari, ateratzeko baimena ematea. Une txar eta onek eragina izaten dute.

Klase hauekin aurrera jarraitzeko asmorik ba al dago?

Aurten saiatu ziren egun erdiko beste irakasle bat jartzen, baina azkenean utzi egin dute esan dutelako ez dela beharrezkoa. Ez da horrela, baina momentuz ez dute inor gehiago ekarri.


HERRIEN ELEAK.
Paraguai

Paraguai eta guaraniera
Espainolak Paraguaira heldu zirenean guaraniak milioi eta erdi lagun ziren. Bi mende beranduago 130.000 eskas ziren. Gaur egun 70.000 besterik ez dira . Esklabotza onartzen ez zuen herri honek jesuiteen erredukzioneak zirela medio Espainiako morrontza jasan izan zuen baina, hala ere, inoiz ez zion bere herri nortasunari muzin egin. Gaur egun, hainbat herri indigenak bezala, jarraitzen dute euren eskubideak aldarrikatzen.
Paraguai ez ezik , Bolivia ,Brasil , eta Argentinan ere aurkitu ahal ditugu guarani komunitate txiki batzuk.
Talde indigena hau etnia batzuek osatzen dute, besteak beste, Tupi-Guarani , Kaiwa ,Mbua ,Nandeva…
Guaraniera hizkuntzari dagokionez, 1992tik Paraguaiko hizkuntza ofíziala da, Argentinako Corrientes probintzian ere errekonozituta dago, baina ofizialtasunak ez du hizkuntzaren normalizazioa ekarri. Honen inguruan datu batzuk emango ditugu .
Paraguaiko biztanleen %95 mestizoak dira; % 90ek badakite guaranieraz. Horietarik %40 elebakarrak dira baina ez dute benetako botererik erabakigune politiko , ekonomiko eta kulturaletan parte hartzeko. Askoren ustez, etxeko hizkuntza da eta hortik kanpo gaztelaniak dauka nagusitasuna, diglosiaren adibide ezin argiagorik.
Guaranieraren akademia sortzeak premia handia dauka, hizkuntzaren modernizatzea , gaurkotzea eta bizitzaren arlo guztietan garatzea bideratuko duelako .
Bitxia izan da politikari eta goiko kargudun asko hobeki moldatzen direla guaranieraz gaztelaniaz baino. Hala ere gehienetan gaztelaniari ematen diote lehentasuna.
Paraguaiko gizartea hasi da ohartzen guaranieraren balioaz eta bi dira orain ikusten diren lehentasunak. Alde batetik konstituzioak onartzen duena, hau da, guaranieraren ofizialtasuna garatzea eta bestetik hezkuntza sistema propioa sortzea .
1994an egin ziren lehengo saiakerak guaranieraren hezkuntza eredua garatzeko. 6000 eskolatatik 118tan sartu zen, baina berehala jabetu ziren irakasleak, ez baitziren sekula guaraniera hizkuntzan alfabetatuak izan, oso zaila egiten zitzaiela guaranieraz irakastea . Arazoz arazo aurrera egin zuten. 1997an 400 eskolatan sartuta zegoen guaraniera eredua. Urte horretan hezkuntza ministerioan aritzen zirenek euren kargua utzi zuten eta orain hamarren bat eskolatan baino ez da irakasten. Horrez gain gaurko arduradunek guaraniera estandarraren alde egin ordez, guarani- yopararen alde azaldu dira. Yoparak gaztelaniazko mailegu asko hartzen ditu eta honek izugarrizko mina egiten dio guaraniera hizkuntza berari.
Guaranieraren drama da pobreen hizkuntza dela. Paraguain oso zabalduta daude Espainiako kolonizazioak utzitako konplexuak, hots, gaztelaniarekiko menpekotasuna . Guaraniera normalizatuko den heinean konplexu horiek gaindituko dira eta Paraguaiko herria, indigenak, mestizoak …libreagoak izango dira.