Hainbat postu izango dituen liburu azoka ere antolatu dute astebururako. Lege Zaharraren plazan jarriko dituzte argitaletxe eta liburu dendek beren erakusmahaiak. Larunbatean, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da gunea zabalik. Irunñeko Karrikiri elkarteari aitortza egingo diote egun horretan; antolatzaileen hitzetan, «euskal literaturaren eta euskal kulturaren alde egindako eta egiten duen lan guztiagatik». Igandean, berriz, 11:00etatik 14:00etara egongo da zabalik azoka. Saltoki izateaz gainera, hedapen gune ere izango da plaza, liburu aurkezpenak ere egingo baitituzte bertan. Datozen egunetan zehaztuko dituzte lanen izenak eta ordutegiak.
Ekitaldi guztietarako sarrerak jaialdiaren webgunean jarriko dituzte eskuragarri, eta Modeloko leihatilan ere erosi ahalko dira.