Gure ohiko zerbitzuek aurrera darraite sasoitsu eta Karrikiriko denda mugikorrarekin Euskal Herriko hainbat bazter bisitatu ditugu azken hilabeteotan; Artaxoa, Baigorri (Nafarroaren eguna), Portugalete (Folk Azoka), Sondika (Bizkaiko Dantzarien Biltzarra), Sortzen festa Iruñean, Larrabetzu (Literaturia, euskal liburuaren azoka). Eta berriki, gainera, lagun gehiagoren laguntza ekarriko digun bazkidetza kanpaina bati heldu diogu.

Hori guztia, bada, azken hilabeteotan gure elkarteak eginiko lanaren erakusgarri. Eta lan erritmo horri eutsi ondoren, atsedena hartzeko ordua heldu zaigula uste dugu, merezita, gainera. Horregatik, zuetako hainbaten modura, oporretan eta festa giroan murgilduko gara datozen egunetan, atsedena hartu eta pilak kargatzeko asmoz. Baina, hori bai, euskaratik eta euskaraz; izan ere, oporretan eta festetan ere euskaraz bizi eta gozatu nahi baitugu lagunekin eta familia artean. Eta horregatik, gure hirian barna Sanferminetan eginen diren euskarazko ekitaldi guztietara joateko gonbitea luzatzen dizuegu (agendan emanen dizuegu horren berri zehatza) eta, horien artean bereziki, uztailaren 9an eginen dugun atun janaren 15. ediziora. Urtero legez, Ondarruko gure lagunek ekarriko diguten hegaluze goxoa dastatzeaz gain, bazkalostean euskal musika eta dantzez gozatzeko aukera izanen da; beraz, elkarrekin ongi pasatzeko parada ederra. Zaldiko Maldiko elkartean izanen da, animatu bada!

 

Ongi pasa festetan eta oporretan eta gogoratu abuztuan gure Karrika oporretan egonen dela. Iraila arte!!!