III. hamabostaldia_trazatuta

Hiru saiorekin berrinauguratu genuen euskal denda eta oso erantzun polita izan dugu saio bakoitzean. Gainera, jaso ditugun hitzak, iradokizunak eta iritziak lanean jarraitzeko motibazioa izan dira. Mila esker, lanean jarraituko dugu!! Hurrengo egunetan, Maialen Lujanbio eta Julio Sotoren bertso saioaren bideotxo bat zintzilikatuko dugu.

Badator 2017ko Haur eta Gazte literatura hamabostaldia! Klasikoei eskainitako hamabostaldia antolatu dugu, bi hizlari apartarekin: Xabier Etxaniz (EHUko irakaslea) eta Josu Ihabar (HLPP-PCPI eta Lehen hezkuntzako irakaslea). Xabier Etxanizek azaroaren 15ean “Obra klasikoak WhatsApparen garaian” gaia jorratuko du eta handik astebetera, 22an, Josu Ihabar “Solasaldi dialogikoak: klasikoetatik metodologiara” gaiaz ariko da. Biak, arratsaldeko 19:00etan.

Hitzaldiez aparte azoka-erakusketa azaroaren 13tik aurrera prest egonen da.

Eta beste bi liburu aurkezpen azaroan zehar: bata, Julen Garateren “Argi estalia”, azaroaren 11n, larunbata, 12:00etan; eta bestea, Asisko Urmenetaren “EuSKLABO ALAIAK” komiki berria, azaroaren 16an, 19:30ean.

“Merkataritzan Euskaraz 2018” liburuxka prest dugu.  1995. urtean hasitako proiektuak 22 urte betetzen ditu, eta ohi den bezala, poliki poliki goraka doa erregistratutako establezimendu/zerbitzu kopurua.  Aurten, adibidez, 235 establezimendu eta zerbitzu erregistratu ditugu. Liburuxka gurean jaso dezakezu, baina bertan agertzen diren saltokietan eta Civivoxetan ere banatuko ditugu. Gainera, Issuu formatuan zintzilikatuko dugu eta www.karrikiri.eus webgunean kontsultatu ahalko duzu.

Entzun duzu Getxon, Miarritzen, eta beste hainbat lekutan egiten ari dena? Belarriprest eta ahobizi zer den ezagutzen duzu? Euskarak 365 Egun ekimenari loturik dauden figurak dira eta Karrikiri Iruñeko Euskaldunon Topagunea, Euskaltzaleen Topagunearekin batera, Iruñean ekimenaren bultzatzaile izanen da.  Datozen hilabeteetan Euskarak 365 Egun ekimenari bultzada emanen diogu, eta hasteko, heldu den abenduan ekitaldi batekin ospatuko dugu 2017ko Euskararen Eguna. Honen informazioa ematen jarraituko dugu.