Euskara, udako eta eguneroko gozamena


Urte osoan zehar hizkuntza ikasten buru-belarri aritzen diren zenbait pertsonari ez omen zaie iruditzen euskara gozamenerako aukera ere izan daitekeela eta uda ailegatzen denean nahiago izaten dute euskara kontuak alboratzea. “Baina nola demontre jarraituko dut nik euskaraz noiz eta udan! Holakorik ere!”.
Neguan landalan, udaran firin-faran, bai, baina zergatik ez euskaraz? Zorionez, aipatutako jarrera ez dago erabat zabalduta, baina kontua da euskara sufrimenduarekin edo eskolako bizipenekin lotu ohi duenari askotan ez zaiola burutik pasa ere egiten plazeraren eta dibertimenduaren munduak euskaraz ere existitzen direnik. Bai ba, badaude, eta gure sentimenduak bezain zabalak dira gainera. Eta horren eremu handiak arakatu gabe utziko ditugu? Hain esploratzaile koldarrak al gara? Ba al dakigu benetan zer galtzen ari garen?
Motibazio kontuak daude tartean, noski, baina edozein kasutan ere lurralde miresgarriotako ateak ireki ditzakeen giltza, euskara, hor nonbait denbora luzez gordetzeak ezin digu onurarik ekarri: denboraren poderioz herdoilduko zaigu eta galtzeko arriskuarekin gainera… Eta orduantxe bai hasten direla komeriak!
“Euskal Herrian euskaraz nahi dugu hitz eta jolas…” kantua denok ezagutzen dugu, baina askotan, euskaraz eta euskarari buruz ari garenean, seriotasun puntuak gainditzen gaitu. Kostatzen zaigu “jolas” hitzak duen esanhi joriari eustea: jolasa, solasa, txantxa, dibertimendua…
Ba, hau guztia aldatzen joateko garai ezin hobea da ailegatu zaiguna. Hilabeteotan gure izerdia bero sargoriak eragin beharko du, eta ez hizkuntzak, azken horrek jolaserako bideak irekiko baitizkigu. Izan ere, aisialdiko aukerak anitzak dira gurean: txangoak, bidaiak, herrietako festak, kanpinak –txalotzekoa da zenbait kanpinetan begirale euskaldunak baliatuz familien aisialdia euskaraz garatzea helburu duen ekimena, Zenbat Gara elkarteak sortua–, kontzertuak, ikastaroak, barnetegiak, literatura… Baina bidea ez da amaitu. Lagunarteko giroan edo bakarrik, etxean zein kanpoan, aisia bizitzeko aukera berriak sortzen jarraitu behar dugu, gazte eta helduen bizitzak aberastuko dituzten aukerak hain zuzen.
Ez dezagun ahaztu bizitzaz ari garela, eta ez urtaroez bakarrik. Hizkuntza sormen eremua ere bada eta eguneroko ilunaldi eta pozaldi guztiak euskaraz bizi eta adieraz daitezke. Uda bukatutakoan, normaltasuna eta aisialdiko tarte laburragoak izango dira eta euskaraz bizitzeko erronkak hor jarraituko du.
Badakizu, aurten ez galdu aukera: uda, euskara eta bizitza gozatu!



ZENBAT BURU… Xabier Mendiguren

Xabier Mendiguren Elizegi (Beasain, 1964), filologo, idazle eta editorea, euskal literaturan egindako lan oparoarengatik da ezaguna. Haur literatura eta antzerkiko lanez gain, gazteentzako kontakizunak idatzi izan ditu. Helduentzako narratibari dagokionez, besteak beste “Berriro igo nauzu” eta “Nerabearen biluzia” liburuen egilea da eta berriki argitaratutako “Errekarteko koadernoa” da bere azken lana. Bertan, oroitzapen eta gogoeta interesgarriak modu mamitsuan bildu ditu.

Euskal komunitatearen -euskaldungoaren- egoerak kezkatzen al zaitu?
Bai esatea da errazena, noski, eta baietz da nire erantzuna, baina aitortzen dut topikoegi izan daitekeela hori, besterik gabe, eta zerbait gehitu dudala uste dut: arazo pertsonalak dira gu denok gehien kezkatzen gaituztenak, gure edo familiakoen osasuna, laneko edo diru problemak, amodiozko disgusturen bat akaso… Beste hitzetan esanda, ia inor ez da bereziki kezkatzen arazo kolektiboekin, eta anormala litzateke gainera.
Hala ere, neure eta neure ingurukoen arazo horretaz gain, problemaren bat baldin badago benetan kezkatzen nauena, munduko gosearekin eta horrelako katastrofeekin batera, gure herriarena da. Eta gure herria diodanean euskaraz bizi den herria esan nahi dut bereziki. Arrazoi egoistak izan litezke, baina azken batean nire aitona-amonen hizkuntza da, beraz oso neurea eta oso barrukoa sentitzen dudana.

Nola baloratzen duzu egungo egoera?
Nire ustez itzal-argiak daude. Egia da ezagutza handitu dela, handitu da kontzientzia ere, baina era berean okerragoa da hizkuntz kalitatea, eskasa da dakitenen arteko erabilera, eta bestalde, ikusten da gero eta amorratuagoa dela hizkuntzaren etsaien jarrera.

Zer egingo zenuke jendearen euskararekiko motibazioa areagotzeko, hau da, elebakar erdaldunek euskaraz ikas dezaten eta elebidunek euskara erabil dezaten?
Formula magiko bat izango banu aspaldi oparituko nien elkarte euskaltzale guztiei. Hori bai, munduko dohain guztiak beharko ditugu: amodioa, lana, zuhurtzia, ausardia… eta horiek denak konbinatzen jakin.

Zure azken liburuan “Errekarteko koadernoa”n, literaturaren helburuetako bat irakurla ukitzea eta hunkitzea dela diozu; honekin batera, zure ustez, pertsonak eta gizarteak eraldatzeko ere balio lezake?
Erralista izanda, nik uste oso ahula eta mugatua dela literaturaren ahala. Batzuetan eraginen bat dugula iruditu arren, irakurlea zerbait sentitzera eraman dugula, aurrez horretarako jarrera zeukalako izan ohi da. Hala ere, ez dago jakiterik…

Euskal Herrian zaila omen da literaturatik bizitzea. Zeintzuk izan daitezke arrazoiak? Irakurle kopurua? Sormena edo kalitatearen eskasa?
Nik uste oso kalitate oneko liburuak sortzen ari direla euskaraz. Bene-benetan esaten dizut. Hala eta guztiz, idazlearen profesionalizazioak ez du horrekin loturarik: gurea herri txikiegia da, ez oso irakurzalea, komunikabide gutxikoa, eta baldintza horietan idazleak ezin du bere sorkuntza-lanetik bizi, non eta ez zaion laguntza publiko handi bat ematen, baina ez dakit bide hori oso komenigarria ote den ere.

Zure ustez, teknologiak eta merkatuaren lege berriek liburugintzaren etorkizuna kolokan jarri al dute?
Gaur arte behintzat ez da halakorik gertatu. Bihar zer gertatuko den, ikusiko…


SOZIOLINGUISTIKA.
Diglosia

Elebitasuna kontzeptuarekin gertatu den bezala, DIGLOSIA ere mito bihurtu da. Elebitasunaren diskurtso ofizialaren aurrean diglosia aipatzeak indar aldarrikatzailea izan zuen garai batean. Benborarekin edozein egoeratan erabili izan da eta bere indarra galdu du. Gaur egun DIGLOSIA hitza erabiliz gero, ongi zehaztu bahar dugu zer esan nahi dugun eta zein testuingurutan erabiltzen dugun.
FERGUSONek diglosia terminoa erabili zuen lehenbiziko aldiz 1959an hizkuntza bakar baten erregistroen arteko egoera azaltzeko: batetik “goiko aldaera” (formala, prestigioduna, eskolaren bidez ikasten dena) eta bestetik, “beheko aldaera” (ez formala, prestigio gutxikoa eta familian ikasten dena). Berak jarritako adibideak arabiera, grekera, Suizako alemanera eta Haitiko kriolera izan ziren. Arabieraren kasuan adibidez, goiko aldaera erabiltzen zen eskolan eta erlijioan -arabiera klasikoa- eta beheko aldaera etxean eta harreman ez formaletan -arabiera kolokiala- (gaur egun arabiera estandarra gehitu beharko genuke, egorea triglosikoa, beraz). Aldaerek ezpezializazio funtzionala daukate, hots: bata testuinguru batzuetan erabiltzen da eta bestea beste batzuetan. Hori izan zen izugarri arrakastatsua suertatu zen ideia.
Hortik aurrera diglosia kontzeptua hizkuntza ezberdinen arteko harremanetara zabaldu zen Fergusonen kontzeptu dialektalista gaindituz (Fishmanenk, adibidez, aurreko Karrikan azaldu genuen elebitasun soziala diglosia kontzeptuaz ordezkatu zuen). Kontzeptuaren bigarren etapa honetako lanak oso kritikatuak izan dira beranduago prestigioari garrantzi handiegia emateagatik (Txepetx, Mollà, Palanca…). Kritika horien arabera, prestigioa desorekaren arrazoitzat jotzen bada oso zaila da egoera aldatzeko eragitea. Aldiz, hizkuntza nagusiaren prestigioa funtzioen banaketaren ondorioz ulertzen badugu, prestigiorik gabeko hizkuntzen egoera alda dezakegu, funtzioen banaketan eraginez.

Gaur egun bi dira DIGLOSIA kontzeptua definitzeko dauden joera nagusiak:

1. Fergusonen konzeptura itzultzea. Solé i Camardonsek horixe proposatzen du. Beste egoera (hizkuntza batek funtzio guztiak eta bigarrenak bakan batzuk) hizkuntz ordezkapena da, bere ustez. Fergusonen diglosia hierarkikoa izan arren orekatua eta egonkorra izan daiteke. Hizkuntz ordezkapena, aldiz, ezegonkorra eta desorekatua da.

2. Diglosia kontzeptuaren berdefinizio osoa egitea. Bigarren aukera hau da Txepetxek hautatu duena, hiru diglosia mota ezberdinduz:
a. Sasi-diglosia. Hizkuntza baten erregistroen artekoa. Fergusonena da. Diglosia hiztun mailakoa da.
b. Diglosia funtzionala edo partziala. Europako zenbait hizkuntzarekin gertatzen dena. Diglosia komunitatearen mailakoa da.
c. Erabateko diglosia. Glotofagikoa. Euskararen kasua da. Euskarak inon ez ditu funtzio guztiak betetzen. Diglosia hizkuntza mailakoa da: hiruretatik larriena.

Diglosiari buruzko bibliografia:
Ferguson Charles, A. “Diglosia” Bat 27, 35-50 orr., 1998.
Sanchez Carrión, J.M. “Un futuro para nuestro pasado. Claves de la recuperación del Euskara y teoría social de las Lenguas”. Donostia, 1987.