«Ilargiaren adarrak.
Handik zintzilik abarrak.
Gogoangarriak dira
zure bi begi nabarrak»

Gabriel Aresti

Izanak Aitor Etxarte Berezibar hil zen egunean Berriako akziodun txiki bat zen, Karrikiriko bazkidea, Katakrakeko mailegatzailea, La Deskomunaleko lehenengo kidea, Euskalerria Irratiko eta Argiako harpidea, ELAko afiliatua. Merced karrikako etxean jaso eta irakurtzen zituen Jakin, Viento Sur, Goiena, Alda, La Directa, Le Monde Diplomatique, Gara eta Berria. Behatzen zuen ezagutzen ez zuen hizkuntza bateko fanzine libertario bat ala bere antipodetan zegoen publikazio erlijioso bat.

Guk Iruñeko Alde Zaharreko bi karrika ikusten genituen tokian Aitorrek Dekumanoa eta Kardoa zegoela erakutsi zigun. Jende xehea xehatu duen hiri grisean Aitorrek aurkeztu zizkigun jada bizi ez diren ijitoak eta beren bizitzak, pilotariak, gaseosa fabrikatxoak, arrandegiak eta heroinaren sarraskia. Guk eraikin bat ikusten genuen eta Aitorrek New Yorkeko eraikin baten kopia aurkezten zigun Orreaga etorbidean.

Adreilu gorri batzuk zeuden tokian Aitorrek Victor Eusa faxista seinalatzen zuen: okerbideak badakielako izenez eta oinordez, nahiz eta seme eta bilobek atorrak aldatu. Ez zuen bere bizitzaren kronika idatzi. Baina badakigu Eusko Basterrako kide izan zela, euskarazko mezetara zeramala Pilarrek Emilianorekin haurtzaroan, Lanbide eskolan eskulturan eta pinturan ibili zela Kokerekin,

izan zela Liga Komunista Iraultzaileko militantea, izan zela langile klaseko ikaslea Iruñean eta Bartzelonan, sortu zituztela Iruñeko udal ikastolak, sortu eta mantendu zuela Karrikiri (bere bigarren etxea), badakigu Richardekin joan zela Lizarraldera astearte buruzuri batean eskola txiki bat D eredura pasa zedin gurasoekin biltzera, badakigu egon zela NIZEn, gentrifikazioaren kontrako Alde Zaharrean Bizin, Nafarroako Eskola Kontseiluan eta azken hilabeteetan Eusko Ikaskuntzan. Tobaritx bat baino tobaritxago bizitza baten fideltasuna ahulen duintasunaren bila. Kideak bilatzen zituen eta bere eskuekin ahal zuenean laguntzen zuen: inbentario bat ala txokolatea egiten Xabier karrikan, horma bat pintatzen kale Nagusian, liburu bat zuzentzen, dokumentu bat lortzen.

Esnobismoaren kontra. Jakituria mespretxatzen dutenen kontra. Elkartzeko tokiak eraikitzen dituztenen aldamenean. Parte hartzen zuen talde eta erakundeen mugekin kritiko. Oso kritiko izan eta ezer gutxi egiten dutenen intimoki etsai. Urrun zuenaz ere ikasteko prest. Bere buruaren eta ingurukoen sektakeriaren aurka, posibilismoaren pesimismotik eta ezinezkoa den iraultzaren optimismoarekin. Kristauak miresten zituen ateoa, publikoaren eraikitzailea eta kontzertatuetatik ikasi behar zenari adi.

Izenak Rodtxenko, Gloria Anzaldua, Lisa Randall, Ramón Andrés, Gabriel Aresti, Rosa Luxemburg, Arrasate, Gatzaga, Atarrabia, Bartzelonan Sants, Torres, Eskozia, Berlin, Venezia, Baiona, Paris, Bilbo, Hendaia, Garazi: izenei lotutako gizon bat zen. Bizitza bat fidel jakintzari, lanari, elkarlanari, parte hartu zuen erakundeei. Eskuak, bihotzak eta buruak bat egiten duten tokian: sentitu, pentsatu, ekin. Aitor gidari Oñatiko gaztetxeak antolatutako hitzaldi batera laguntzen, Aitor gidari ordu txikitan lowcost konpainia baten hegaldiak uzten zaituen ezleku batera bila, Aitor presente eta gogoz ia inor joan ez den liburu aurkezpen batean, Aitor Anoetako Belodromoan Negu Gorriaken azken kontzertuan, Aitor Euskadiko orkestraren atsedenaldian, Aitor Lesakan Manu Chao entzuten Euskaldunon egunkaria itxi berritan. Bizitza ospatzen diskrezioz. Arbasoak beti ahoan.

Bere eskola ez zen lau hormatan kabitzen: museoetara oporretan, parkeetara botanikan, Iruñeko galeria batera ostiral iluntzean, lau katu batzen diren manifestazio batera euripean, bere amandreen bixitara Arrasate eta Hendaiara.

Aitor: Ziargiren fan handiena. Aitor: Begoñaren defendazailerik suharrena. Pilar Berezibar Galdos eta Emiliano Etxarte Aginagaren semea. Esango dugu bestela. Baina ez. Aitor Etxarte Berezibar ez dago hemen. Ez dago gurekin eta ez dago inon. Hori zen hautatu zuen patua. Baina geratzen da egin zuena. Bere ikasle eta lankide ohietan, Iruñerriko euskaldunon kartografian, langile mugimenduaren saiakera eta porrotetan, josten saiatu zen hezkuntzako harremanetan, arazo bati soluzioa bilatu nahi zaion tokian. 36ko gerrako etxeko-andre galtzaile baten eta muntaia kateko prezisio mekanikari baten semea: Aitor Etxarte Berezibar.

Nor zen Aitor?
Ez zen kaosa
baizik eta ordena.
Egiten zaila den
zera erraza zen.

Zen Aitor Etxarte Berezibar.