Azaleko orrian aurten martxan jarritako ekimen berezi baten berri ematen dizuegu, Olentzeroren igoera eta, argazkian ikusiko duzuen moduan, hamaika lagun izan ziren horren lekuko. Esan bezala, lehenengo urtea izan da aurtengo, baina datorren urterako jada hitzordua lotu nahiko genuke zuekin, beraz heldu den urteko abendurarte.

Horrekin batera, heldu den urtarrilaren 18an izanen dugun Karrisolasa ekimenaren beste saio baten aipamena ere egiten dugu, Elkar aldizkarian argitaratutako Miel A. Elustondori eginiko elkarrizketa bat hizpide izanen dugularik. Hitzordua Karrikiri dendan izanen da, betiko moduan, 19:00etan. Gure webgunean jada elkarrizketa eskuratu ahal izanen duzue.

Agendaren baitan, adin eta gustu guztientzako ekitaldiak: antzerkia, Iruñea Kantuz (urtarrilaren 7an), dantza tailerrak, haurrentzako zinea, euskara ikastaroak, kontzertuak, e.a.

Elkarrizketen atalean, Gotzon Barandiaran Ahotsenea egitasmoaren koordinatzailearekin izandako solasaldi interesgarria Durangoko azoka egindako lanaren balantzeaz eta euskal sormenaren inguruan.

Artikulu ekarpenetan, berriz, Patxi Telletxea, Axular aldizkariko koordinatzailearen idazki hagitz interesgarria euren argitalpenaren 15. urteurrenaren karietara, Nafarroan euskarak pairatzen duen egoeraz.

Eta gure gomendieon atalean Elearen 5. alea eta Harkaitz Canoren Twist eleberria eta musika tartean Mikel Urdangarienen zuzeneko azken lana eta Erramun Martikorenaren “Gure lurretik” diskoa.

Eta laster inauteri sasoian sartuko garenez, gure dendan jada prestaketa lanetan hasi gara euskal mozorroak bertan erosteko aukeraz izan dezazuen. Eta ahaztu gabe, jakina, urtarrileko beherapenak ere.

Hori guztia bada, 2012ko gure lehenengo Karrikan. On egin deizuela!!!