Atera berri da Nøgen taldearen Under Alt diskoa. Donostiako boskoteak argitaratu duen bigarren lan luzea da eta lehenengoan bezala (Liv Til Døden, 2018), honetan ere danierara jo dut izenburua jartzeko. Izan ere, Under Alt-ek itxuraren azpian dagoenari egiten dio erreferentzia, azalaratzen zailagoa denari. Diskoaren azalean agertzen den irudiak ere ildo hori jarraitzen du, Thomas Ibarrolaren argazkiaren eskutik. “Azkenean, azalean irudikatzen direlako ondoen denboraren orbanak”, dio taldeko kide den Markelek. Nahiz eta diskoaren sormen bidean pandemiak oztopoak jarri dizkien, beti argi izan omen dute diskoa 2020. urtean aterako zutela, taldearen oraingo egoeraren argazki baten antzera ikusten baitute. Nahiz eta kanta gehienak indie-folkaren barnean kokatzen diren, badira ere pop-rock indartsu baten influentzia dituztenak (Mila Aldiz kanta, adibidez).

Hala ere, entzuleari abestera bultzatzen dion melodiaz josita dago Under Alt, hori izanik taldeak duen ezaugarri berezienetako bat. Atzera begiratuz eta aurreko lanekin konparatuz, ez dute uste euren musikak bat-bateko aldaketarik izan duenik, eboluzio natural bat baizik. Abestietan agertzen diren hitzak idazterako garaian nahiago izan dute letra esplizituak alde batera utzi entzuleak bere interpretazioa egin dezan.

Usurbilen grabatu dute diskoa Haritz Harregiren eskutik, eta ondoren Bartzelonan Ultramarinosen masterizatu. Gainera, ez dira bakarrik egon grabaketetan, Borja Anton biolin jolearen, Maria Busto biolontxelo jolearen eta Julen Idigorasen sintetizatzaileen kolaborazioa izan baitute. Airaka zigilupean atera da diskoa.

Hemen eskuragai.