Zuriñe Hidalgo (Abeslaria eta aurkezlea)

Zuriñe Hidalgo aurtengo urtarrilaren 16an egon zen Karrikiriko lokalean. Autoezagutza eta ziklo menstrualari lotutako tailerrak egiteko leku goxo baten bila zebilen, gure Xabier karrikako dendan egin zezakeen galdetu zigun. Biziki poztu gintuen horrek, proposamen berrien topagune eta abiapuntu izatea maite dugu. Negu beteko larunbat arratsalde bat goxo eman zuten Karrikiri dendan. Bisita probestuz galdera batzuk egin genizkion eta datozen lerroetara ekarri dizkizuegu.

Zein da zure historia pertsonala euskararekin?

Nik eskolan ikasi nuen euskara, gurasoek ez baitakite euskara mintzatzen. Baina haiek nahi izan zuten anaiak eta biok euskara ikastea. Zizur Nagusian hasi eta hezi nintzen, eta euskararen erabilera eskolara mugatzen zen batez ere. Lagunen artean ez genuen euskaraz egiteko ohiturarik.

Unibertsitate garaia iritsi arte ez nuen txip aldaketa egin. Ordura arte
erabiltzen ez genuenez hitz egiten hasten ginenean zailtasunak sumatzen
genituen, eta zerbait kosta egiten bazaizu joera izaten da ez erabiltzea
eta erdarara pasatzea. Adin horretan, 17-18 urterekin, esan nuen: agian
hasi beharko genuke erabiltzen. Orduan hasi zen txip aldaketa hori,
unibertsitatea hasi baino pixka bat lehenago, gaztetxean, nagusiago
zirenekin.

Aurtengo urtarrilaren 26an tailer bat eman zenuen Karrikiriren lokalean. Zertarako, zer helbururekin?

Autoezagutza eta ziklo menstrualari buruzko tailerrak martxan jarri ditut.
Uste dudalako inportantea dela emakumeen artean gai hauen inguruan
hitz egitea eta ezagutza zabaltzea, are gehiago oraindik ere ikusgarritasun
txikia duen gaia izanik. Helburua da gaia proposatzea eta horren inguruan
mintzatzea: mitoak desmitifikatu eta, batez ere, hitz egiteko tarte bat
hartu eta gai honetan interesa duten emakumeekin esperientziak eta
ezagutzak partekatu.

Azken batean, gaiari behar den garrantzia eman eta horren inguruan mintzatu.

Hesian taldearen amaiera irakurri dugu. Zer izan da ibilbide horretan aberasgarriena?

Aberasgarrienak izan dira bizipenak eta ikasitakoak. Batez ere ematen
eta jasotzen duzun hori. Zuk kantak sortzen dituzu eta ondoren
jendearekin partekatzen dituzu. Ondoren publikoaren aldetik jasotzen duzun guztia hain da handia… Hainbeste betetzen zaitu… Oso oso polita den sentsazioa da. Ni geratuko nintzateke esperientziekin. Modu batera eta bestera Hesian familia osatu dutenekin. Baina baita bidean ezagututako pertsona guztiekin ere, kontzertuekin, publikoarekin… eta jasotakoarekin.

Eskuartean baduzu proiektu berririk?

Nik uste beti nagoela proiektu berriak eta gauzak berriak egiten. Nire burua
sortzailetzat dut. Buruan beti badago bueltaka dabilen zer edo zer. Une
honetan, etorkizun hurbilean, martxo aldera Enraizadas proiektua jarriko dut berriz martxan. Emakumeen erretiroak burutuko ditut Ibizan datozen hiru hilabeteetan. Poliki-poliki, eta gero gerokoak.

Musikalki gustatuko litzaidake zerbait egitea, baina esan bezala, poliki-poliki, pazientziarekin eta denborarekin. Orain gaur egunekoan bizi naiz, fokoa orainaldian daukat jarrita.

Azkenik, liburu edota disko gomendiorik baduzu gure irakurleendako?

Euskarazko liburu batzuk irakurri ditut, baina asko gustatu zitziaidan Lucia
Baskaranen Gorputz Madarikatuak eta hori gomendatu nahiko nuke.
Musikari dagokionez, beti animatuko dut jendea euskal musika entzutera
eta kontsumitzera. Gure musika da, eta bultzada behar du. Baina ez bakarrik bultzadagatik, baizik eta musikari eta musika talde onak ditugulako, orokorrean, euskal musika gomendatuko nuke.