Xan Aireren txanda ekaineko Karrikan

Xan Aireren txanda ekaineko Karrikan

Xan Aire

 

Ekaineko Karrika aldizkarira dakargun elkarrizketa pasa den hilabeteko jarraipena duzu. Lehenbizi, Paula Kasaren hitzak bildu genituen, eta  hilabete honetan Xan Airerenak ekarri ditugu.

Euskararen garapena eragiten duten zer nolako ekimen nabarmenduko zenuke?

Xan Aire (X.A.): Nik botean hartuko dut, erabilpena aipatu baituzu, erabilpen soziala, ekimen bat zinez azpimarratzekotan eginen nuke BAM ekimena. BAM ekimena, Baiona-Angelu-Miarritzen garatzen ari garen “Ahobizi belarriprest” dinamika da. Ez da berez asmakuntza bat, baina ezagutzen ari den ibilbideagatik eta ezagutzen ari den arrakastagatik, hori azpimarratuko nuke. Aski ikusgarria izan da, nola herritarrak lotzeko gaitasuna ukan duen horrelako dinamika batek, eta beraz, antolatu gira herritarrak bai komunikazio aldetik, bai prestakuntza aldetik, karrikara jaisteko euskara gehiago erabiliz.

Beste aldetik, azpimarratuko nuke arrakasta, erran baita, badirela 15 milako bat aukera euskara erabiltzeko Baiona-Angelu-Miarritzen, batetik hiztun aktiboak eta hiztun pasiboak kontutan hartzen badira. Guk kontutan hartu nahi ginuen 421 jenderekin honelako nukleo bat osatu, karrikara jaisteko, eta barra hori aski errazki gainditu da. Izena emateko epea amaitu baino lehen 600etik gora ziren eta segitzen zuen oraindik jendeak izena emaiten. Beraz, bada zerbait mugitzen ari dena, eta uste dut erabilpenaren paradigma horren gosez dela jendea.

Ekimen hauek nola laguntzen dute euskal komunitatearen garapenean?

X.A.: “Ahobizi belarriprest” horrelako dinamika batek jadanik baduela gauza baikor bat uste dut, eta jende heldua lanean jartzea litzateke, horrelako aktibismo sinple batean. Behingoan, ez ditugu gure asmo eta esperantza guztiak haur eta gazteengan emaiten, eta uste dut hori dela gauza biziki inportantea, bai orainari begira eta geroari begira ere bai. Hala ere, zehatzago mintzatzeko, bada hor martxan ezartzen den identifikazioa lan bat; identifikazio lan bat pertsonei buruz, identifikazioa lan bat geografikoki eta behar bada, denboran ere, progresiboki gauzak irabazteko izpiritu, zerbait biziki interesgarria dena.

Orokorkiago mintzatzeko, bada hor halako aktibazio bat, erran nezake, halako eskaner soziolinguistiko bat, biziki hurbilekoa, biziki egingarria, aktibatzen dela egunerokotasunari eta zure ohiko espazioari hizkuntzaren ikuspegi horretatik begiratzeko. Behar bada, hori genuen eskas orain arte, funtzio linguistiko batzuk eta sozial batzuk irabazteko.

Bada gero, nabarmen gauza bat, alde batetik, baloratzen dela erabilpen sozialaren alor hori, “Ahobizi” figurarekin, eta bada beste gauza bat, orain artio behar bada ez duguna kausitu, eta da zein inportantea den euskara ulertzea. Euskara ulertzea, alde batetik, jende hiztun aktiboak biderka ditzan bere erabilpen esparruak, eta horretan da “Belarriprest”aren figura, kasik luxu bat, erabilpenari bertze garapen bat emaiteko.

Zeintzuk dira ekimen horrek bilatzen dituen ametsak? (etorkizuneko ametsak edo nahiak) Zuk, nola ikusten duzu etorkizuna?

X.A.: Eta horri loturik, egia da BAM ekimenak duen gune geografikoa ez dela batere erreza, baina hala ere apustua egin da hortik hasteko. Baiona-Angelu-Miarritze erdaldun aunitz bada, Frantziatik leku horretara bizitzera urte guztiz aunitz jende heldu da, eta horretarako uste dut orain behar dugula hasi euskaldunen komunitate horren erdigunea osatzen. Inportantea izanen baita euskara ikusgarria egitea eta molde iraunkorrean ere bai. Horretarako dira, “Ahobizi belarriprest” bezalako dinamika batekin eraiki ditugun gotorleku baikor horiek: izan ikastola, gau eskola, gure hedabideak edo mintza praktika bezalako gune horiek. Baina, orain uste dut jendeak nahi duela hori baino zerbait gehiago, nahi duela gotorleku horietatik plazara jaitsi eta karrikara joan, natural, ahal bezain normal euskara erabiliz.

Hor bada lanketa biziki interesgarri bat egiteko eta uste dut pasatzen dela desakralizazio fase batetik. Uste dut tenorea gina dela orain euskararen erabilpena desakralizatzeko, eta hori pasatzen da jendea sentsibilizatzetik. Horrelako imajinario komun bat ukan dezagun euskaldun eta erdaldunen artean, eleanitza erran duzu, baina elkar bizitza bat hizkuntza minorizatuen erabilpena kontutan hartuko duena. Eta desakralizazio fase horrek, nik uste, pasatu behar duela TELP bezalako tresna batzuk ere desakralizatzetik. Kultura bat eman, kultura soziolinguistiko bat eman herritarrei, politikariei, enpresariei,… Egin dezatela urrats hori molde iraunkorrean, euskararen erabilpenaren aldeko urrats hori molde iraunkorrean, eta batez ere azpimarra genezake inportantea izanen dela hor ametsa, egia da, baina ibilbidea ere.

Hor ikusten dugu BAMen nola partekatzen ari giren gure lorpenak, gure nekeziak, gure porrotak ere bai, baina partekatzen ditugu eta entsatzen gera denak elkarrekin inteligentzia kolektibo horretan gauzak aitzinaraztera. Hori bada biziki inportatea, jakinez gainera BAM dela zinez belaunaldi baten ekarpena, gure belaunaldiaz ari naiz 25-40 urte arteko belaunaldi horrek, euskaltzale horrek, bazuela zerbait ekartzearen beharra, segida bat emaiteko eta uste dut ongi etorriak izan girela euskalgintzan horrelako urrats batekin.

Ekimen hauek bizkortuz gero, zertan eragin dezake? Zein izan daiteke bere eragin-ahalmena? Zein ‘palankak’ aktibatuko lituzkete?

X.A.: Badakit euskaltzaleen topaguneak baduela “Ahobizi belarriprest” dinamika hori koskortzeko xedea. 2018 urte hondarrean, hamaika egunez eginen da horrelako ekitaldi bat Euskal Herriko txoko desberdinetan, denek batera eginen dugu “Ahobizi belarriprest”aren inguruko dinamika hori. Uste dut, hor badugula aukera ekimen bateratu hori hartzeko Korrikak emaiten al daukun ilusio berdinarekin. Bada halako ardura bat hartzea, baina ardura ilusionagarria, gauza herrikoi bat eta herritarren esku izaiten al dena, nahiz eta erran duzun bezala erakundeek baduten hori babesteko eskumena. Uste dut, biziki inportantea dela herritarrek ukan dezatela horren esku, izan daitezela horren muinean, erabilpena karrikan irabaziko baita. Erabilpena irabaziko baita plazan eta irabaziko da azkenean oreka bat. Eta hori da interesgarria, eta uste dut hartu behar dela hori halako harrotasun martxa sano bat bezala. Aukera dugula orai artio, gure baitan isildu ditugun zati horiek adierazteko karrikan eta hori pasatzen dela sinpleki “egun on” bat ahal bezain normal erranez gaurko gizartean. Gizartera joan gaitezen eta konekta gaitezen gizartera euskaraz “egun on” sinple horrekin eta hortik has gaitezen delako imajinario komun hori eraikitzen.

Eusko Ikaskuntzaren e5 proiektuak, nola lagundu dezake? Proiektu honetatik, zer nabarmenduko zenuke?

X.A.: e5 interesgarria da. Orai artio bereziki azpimarratu dugu “Ahobizi belarriprest”, Euskaraldiaren baitan dagoen ekimen hori, eta ekimen hori —Maialen Lujanbioren hiztegira joaten bagara— aplikazio bat da, eta kontziente izan behar dugu hori “aplikazio” bat dela, “sistema eragile” baten “aplikazioa”. Uste dut e5ak “sistema eragilea” duela galdekatzen. Metaforekin geldituko naiz eta “sistema eragilea” erraiten dutalarik zer erraiten dut, euskalgintza. Euskalgintzari behar zaizkio galderak pausatu gaurko egunean, galderak pausarazi, zertan ote giren, galdekatu ea euskalgintzak gaurko egunean eta gaurko gizartean autoritate egiten duen. Enetako autoritate egitea ez du erran nahi beti zaunkaka hartzea, baizik eta ea gogoetatzea untsa antolatuak ote giren jadanik; gure arteko egiturek funtzionatzen ote duten; ea elkarren osagarri ote diren sistema eragile eraginkor bat konektatzeko euskal gizartean eta ea eragiten dugun herritar xumeetatik goi mailako ikerle eta polikariengana ere iristen ote giren. Uste dut garai ona dela e5ek EAEko euskalgintza bereziki galdekatu dezan, mintegi batzuren inguruan biltzeko jendea, aktoreak. Elkarren artean galderak pausa ditzatela sanoki, parez par, eta behin galdera pertinenteak pausatuta, elkarrekin aurki ditzagun erantzunak etorkizunari begira.

Solasaldi osoa irakurri nahi baduzu… http://www.euskonews.com/0725zbk/elkar_eu.html

 

Mila esker Maiatzaldian parte hartzeagatik!

Mila esker Maiatzaldian parte hartzeagatik!

Iruñea BaionaEgutegiak ez dio gezurrik, eta hilabete honetako orrialdean argi irakurri dugu: Ekaina. Maiatza joan zaigu, beraz. Eta amaitu zaigu Maiatzaldia hortaz.

Egitarau oparo eta zabala izan da aurtengoa. Izena bera txiki geratzen hasi zaigu. Ez baita Iruñea eta Baionaren arteko harremana bakarrik. Zerbait gehiago ere bada. Eta zerbait gehiago ere izanen da. Mugak zartatzeko, hari berriak sortzeko eta han eta hemen (zer da han? Zer da hemen?) euskaldunak konspiratzen jartzeko balio izan du honek guztiak.

Emaitzarekin oso kontent gaude eta aurrera jarraituko dugu. Ideiak eta asmoak baditugu (batzuk xumeak, besteak handiak), baina bidean batzeko prest dagoen ororen ideien eta gogoen berri izan nahi dugu. Nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan eta elkarrekin jarraituko dugu herria hau euskaratik eta euskaraz sortzen.

Mila esker parte hartu duzuen guztioi!!

 

Maiatzaldia komunikabideetan!!

Atzoko Egunez egun Iruñerriko hotsak eta zaratak Xaloako programan Karrikiriko Ondarru egon zen eta Maiatzaldiari buruz gustura hitz egin zuen. Ezin izan bazenu telebistan ikusi, hementxe uzten dizugu eginiko elkarrizketa.

Eta bestetik, gaur goizean Euskalerria irratiko Metropoli foralan egon gara. Podkasta entzuteko lotura honetan sakatu (1:06:40 min. aurrera).  Jakinen duzun bezala, gaur arratsaldean hasiera emanen diogu Iruñea Baiona Maiatzaldiari, eta gurekin, Xan Aire izanen dugu “Lurraldeen arteko harremanak euskalgintzan: ikuspegi kritiko bat, Iparraldea deitu periferiatik”. Arratsaldeko 19:00etan, Karrikiri euskal dendan.

 

Lurraldeen arteko harremanak euskalgintzan, Xan Aireren eskutik

Lurraldeen arteko harremanak euskalgintzan, Xan Aireren eskutik

Maiatzaren 10ean, asteazkenarekin, arratsaldeko 19:00etan emanen diogu hasiera Maiatzaldiari.

Gurekin Xan Aire izanen dugu “Lurraldeen arteko harremanak euskalgintzan: ikuspegi kritiko bat, Iparraldea deitu periferiatik” hitzaldiarekin.

Euskalgintzaren lurralde arteko harremanez aritu zen Seaskako teknikaria urtarrilean Durangon antolatutako Topaldian (goian bideoa), eta horri lotuta, lurraldeen arteko harremanak aztertuko ditu heldu den asteazkeneko hitzaldian.

Maiatzaldiak euskaratik eta euskaraz egindako egitaraua eskaintzen digu: Baiona eta Iruñea arteko kultur harremanak sendotzeko eta kultur erakusleiho izateko.

Hitzaldia: “Lurraldeen arteko harremanak euskalgintzan: ikuspegi kritiko bat, Iparraldea deitu periferiatik” Xan Aire, Seaskako Teknikaria.

Noiz: maiatzaren 10ean, asteazkenarekin

Ordua: 19:00etan

Non: Karrikiri Euskaldunon Topagunean (Xabier karrika 4, Iruñea)

Maiatz 2017

Xan Aire. Seaskako Teknikaria.

Xan Aire. Seaskako Teknikaria.

Xan Aire
Xan aurtengo Topaldian entzuteko parada izan genuen. Euskalgintzaren lurralde arteko harremanez aritu zen eta ideia kritiko, interesgarri eta baliagarriak bota zituen. Gurera gonbidatu dugu (eta berak onartu), Iruñean ere harekin solasteko aukera izango dugu beraz.
Hemen duzue hitzordua: maiatzaren 10ean izango da gurean, Karrikiri Euskal Dendan,“Lurraldeen arteko harremanak euskalgintzan: ikuspegi kritiko bat, Iparraldea deitu periferiatik” Maiatzaldia 2017ko hitzaldian.

Zein da zure historia pertsonala euskararekin?

Historia sakona, munduan entzun eta mintzatu (omen) dudan lehen hizkuntza delako. Frantses eskola elebakarrean izan naiz, etxean frantsesez egitea debekatua genuelarik: burasoen hautu hori funtsezkoa izan da, ene adinkideak euskara galtzen ikusi baititut poliki-poliki. Hala ere, euskara bakarrik etxeari identifikatzea ez zait erraza izan, batez ere nerabezaroan euskarari lotzeko: beharrik Negu Gorriak bezalako talde indartsua agertu zela! Berant arte ez dut sentitu euskaraz lan egitearen beharra: gaur egun, ez dezaket bertze bizimolderik irudika.

Nola ikusten da Iruñea Urepeletik?

Gazteetan, uste dut nagusiki bi ikusmolde badaudela: Pampelunera doazenak, eta Iruñeara doazenak. Estafeta karrikako urdaiazpiko tabernan eguna eta gaua finko pasatuko dutenak, eta San Nikolaseko pintxoetan, Nabarreriako poteoetan, Jarautako zuloetan galduko direnak. Urepeldar xaharrek, Iruñeko feriak ukanen dituzte oraindik gogoan, nahiz-eta harreman gehiena Elizondorekin zuten, batez ere ekonomikoki. Pertsonalki, hurbilago sentitzen dut Iruñea Baiona baino, batez ere berriz Urepelen bizi naizenetik.

Nola uste duzu ikusten dela Urepel Iruñetik?

Gogotik jakinen nuke zer ikuspegi dauden: zuei erratea! Hala ere, pentsatzen dut euskaltzaleek Xalbadorri lotuko dutela lehenik. Baina apustu eginen nuke gehienak ez dakiela Urepele soilik 45 minutura dagoela, Urkiagako pagadietatik zein Sorogaineko parrilletatik 10 minutura. Ez da nehori errua botatzea kontua: gaurko zibilizazioan, hiria erakargarriago izaten da, 300 biztanleko herria baino, nahiz-eta Aldudeko ibarra biziberritze prozesu interesgarrian izan.

Badugu elkarri zer ikasi?

Uste dut bi munduen arteko konfrontazioa dela interesgarriena. Mendian anitz ikas dezake hiritarrak: denboraren pertzepzioa diferentea da, tarte gehiago ukan daiteke begirada pausatzeko. Horrez gain, uste dut Urepele ez dela euskara ikasteko toki txarra: Nafarroa Garaiko biztanle batzuk ikusi ohi dira AEK-ko udako barnetegietan hemen. Bururatu ere izan zaigu zergatik ez, egun batez, antolatu Lazkaon bezalako programa bat: euskaldundu nahi duen hiritarra, gure baserrietara ekarraraztea. Aitzakia horrekin, urepeldarrek ere euskara atxiki dezaten familian… Alduden, badago aterpetxe bat itxirik dagoena azken urteotan: haur eta gazteekin ere, balitzateke zerbait egiteko, euskara eta natura uztartuz… Baina hiritarren bultzada behar, horretarako: ez dugu guhaurrek eginen! Dena den, “mugaz gaindiko” deitu harremanak ez genituzke gutietsi behar euskararen biziberritzerako bidean: erabilpenaren berme dira, euskara hizkuntza komuntzat hautatzen badugu behintzat.

Iruñea eta Baiona arteko harremanak ehundu nahian gabiltza, nondik jo beharko genuke zure ustez?

Ez naizenez ez batean, ez bertzean bizi, begi onez ikusiko nuke prozesu parte-hartzaile bat: talde-eragile bat finkatu, gogoeta-koadro bat ontsa definitu, bi hirietako biztanleei ideiak ateratzeko parada eman; horietatik, lehentasunak elkarrekin adostu, eta egingarrienetatik hasi. Elkar ezagutuz bezala, sinergia berriak topatuko dira bidean. Ahantzi gabe internetek ere anitz lagundu dezakeela giro bat atxikitzen.

Zertan oinarritu daiteke harreman hori?

Lehentasunetan, emanen nuke euskararen eta euskal kulturaren biziberritzeak dakarren sakontasuna eta elkartasuna: egoera nekeetan bizitzea tokatzen zaie euskaldun baiones zein iruñarrei; antzekotasun handiak dauzkaten egoerak, ene ustez. Hortik hasten da imaginario komun zerbait, eta bakoitzak lortu du horri aurre egitea bere moldera: euskara elkarteen inguruko mugimendu antolatua Iruñean, Libertimendua deituriko artedrama konplexu bezain politikoa Baionan, gazteria erakarri duena… Ez ote dugu hor jakintza zerbait elkar trukatzeko?

Eta zer da egin behar EZ genukeena?

Otoi, ez egin giputxek bezala: ez jin Iparraldea salbatzera!! karkarkar

Maiatzaren 10ean gure artean egongo zara, zer helbururekin? Ideia nagusiak aurreratzerik bai?

Joan den urtarrileko Topaldian, Durangon, hitzalditxoa eman nuen lurraldeen arteko harremanaz euskalgintzan: Seaskako teknikari gisa, azpimarratu ditut ikusi ditudan mugak, baita etorkizun hurbilerako lan-pistak. Euskal jakobinismoa deituko nukeen estrategiak ez nau konbentzitu, bai gehiago tokian tokikotik abiatu dinamikak, puntan unibertso komuna osatu nahi baldin badu. Funtsezkoa zait hizkuntza proiektu zerbait lokalki eta politikoki sustraitzea, globalki eragiteko, batez ere trukaketaren haritik josiko genukeen mugimendua konposatzeko. Ikuspegi kritiko hori dut Iruñean ere konfrontatuko: espero dut galderak eta oharrak eraginen dituela.

Eta azkenik, denei egiten dizuegun galdera, baduzu gomendio literario edo musikalik gure irakurleendako?

Azken urteotan, talde batek oihartzun berezia eragin dit barrenetan: Lumi bikote lapurtarrak. Elektro-pop estiloan dabiltzala diote, baina uste dut ur zaharretik franko edaten dutela, nahiz-eta gaurko estetikan kabitzen den zerbait eskaini. Collage artifizial zerbait izan zitekeen, baina antzaldatzetik gehiago du, biziberritzetik, ontzen ari den zapore bereziko fruitu gazi-gozoa, berria bezain eternala. Baxenabarreko Kanaldude herri telebistak emankizun bat eskaini zion, iaz: http://www.kanaldude.tv/Hertzetan-5-Lumi_v4132.html

 

Maiatz 2017