Ezin dena (Madelein)

Ezin dena (Madelein)

Pandemia hasten ari zen momentu berean, Madeleine taldeak Su Hura (2018) diskoaren birari bukaera Txinan eman zion kasualidadez. Honen ondoren, 7 abesti lotzen dituen Ezin Dena bilduma lantzen hasi ziren. Aurtengo udan argitaratu dute taldearen asmoz momentura arte egin duten lan intimoena dena.

Laukote donostiarraren abestietan melodiak pisu handia du, emozioa bideratzeko modu bezala. Talde askorentzat bezala, konfinamendua lagungarri izan zen abestien sormen prozesurako.

Taldearen ustez, ez da beharrezkoa beraien musika etiketekin sailkatzea, abesti bakoitzak kutsu eta estilo ezberdinen ezaugarriak izan ditzakelako (pop mainstreametik postrockeraino).

Ezin Dena, aurreko lanen modu berean, autoekoizia izan da. Diskoa Gaztain Estudioetan grabatu dute, Eñaut Gaztañaga eta Estanis Elorzaren (masterizazioa) laguntzarekin. Diskoaren azala Imanol Sesmak sortu du.

Anubis (Nizuri Tazuneri)

Anubis (Nizuri Tazuneri)

nizuri Tazuneri bikote donostiarrak ekainean argitaratu zuen Anubis lana. 8 abesti biltzen
dituen bilduma hau “gure artean jada ez daudenentzako omenaldi xumea da”, taldearen hitzen arabera.

Jada 7 urte baino gehiago pasa dira Norzzone eta Fani rap abeslariek proiektua hasi zutenetik eta geroztik Japanesence maketa, Musika ala hil (non japoniera eta euskararen arteko hitzen jolasak garrantzi handia duen) eta Zazpi (zahar eta berri kontzeptuen artean zubi bat eraikitzeko asmoz idatzitako lana) bildumak aurkeztu dituzte.

Anubisen barnean erritmo sakon eta markatuek gidaturik hitz ausart eta eguneratuak aurkitu daitezke eta gainera, behin, baino gehiagotan melodia ezagunak txertatzera jo dute, jolas edo keinu moduan (Berri Txarrak taldearen Ikasten abestia, Eusko Gudariak…).

2020an grabatu zuten Hernaniko Ganbara estudioan eta Lander Llorens, James Morgan (masterizazioa), Taupaka Elkartea eta Maialen Lasarte (diseinatzailea) izan dituzte bidelagun.

Begiak, egiak ba ote? (-Gailu)

Begiak, egiak ba ote? (-Gailu)

24 urte pasa dira -GAILU taldea sortu zenetik eta 20 urte publikoki jardunari etena egin ziotenetik eta oraingoan Abrego anaiak Drake taldekidea gehituta bueltatu dira. Begiak, egiak ba ote? diskoa esperimentazio eta jolasen fruitua dela diote, ahotsa, bateria, baxua eta samplerrak nahasten dituena, alegia.

-GAILUren musikak nostalgia apur batez doinu urbanoen inguruan dabil (badira Rural Elektro- Hardcoreren etiketa jarri diotenak ere), erritmo biziak eta freskoak gidatuta. Iturri asko eta anitzetatik edaten duen proiektua sortu dute Okene, Mikel eta Drakek (besteak beste Negu Gorriak, BAP!!!!, Inoren Ero Ni edo Anarirekin ibili direnak).

12 abestiren bilduma bIDEhUTS zigilupean argitaratu dute.

Aireratzen (Esanezin)

Aireratzen (Esanezin)

Esanezin da Ianire Aranzabe musikari gaztearen proiektu berria. Aireratzen izenpean atera du duela gutxi poparen inguruan dabiltzan 7 kanturen bilduma.

Gitarra bakar batez lagundutako abesti intimoak badaude bertan, bakardadea bezalako gaiak jorratzen dituztenak, baina diskoa aurrera joan ahala, geruzak eta musika tresnak gehitzen diren heinean badoa oskoletik atera eta txikitasuna alde batera utzita melodia indartsuetan murgiltzen.

Gainera, Oriol Flores, Guillem Callejón eta Claudi Arimany izan ditu bidelagun diskoa grabatzerako orduan. Hortaz aparte, Esan Ezin abestian Leire Berasaluzeren ahotsaren kolaborazioa izan du.

Bere lehenengo EPa autoekoizpenaren bidetik eraman zuen crowfunding baten bidez.

Zidazun (Toc)

Zidazun (Toc)

Zidazun

Mungiako talde gazteak Zidazun disko kontzeptuala atera zuen pasa den apirilean, hamabi abesti biltzen dituena. 2019an Badau atera zutenetik estilo propioa garatzen ibili dira, gitarra indartsu, erritmo markatu eta Xabier Bilbaoren ahots bereizgarriarekin.

Esan daiteke ahotsak muturreko efektuen bilaketan garrantzi handia duela diskoan, batzuetan oihuaren gertu, besteetan xuxurlaren antzera. Gainera, Aurrez aurre abestian J Martina taldeko kide diren Ane eta Kattalinen ahotsak entzun daitezke, emaitza borobilarekin.

Zidazun gertaera traumatiko bat eta honen ondorengoak biltzen saiatu da, hau abestien arteko ildoa bihurturik. Erritmoekin ere jolasean ibili dira disko honetan bizkaitarrak, Xalbador abestian adibidez. Urtzi Iza izan da soinuaren arduraduna eta diskoaren estetika diseinatzerako orduan Estibaliz Gutierrezekin aritu dira elkarlanean.