Mila esker Maiatzaldian parte hartzeagatik!

Mila esker Maiatzaldian parte hartzeagatik!

Iruñea BaionaEgutegiak ez dio gezurrik, eta hilabete honetako orrialdean argi irakurri dugu: Ekaina. Maiatza joan zaigu, beraz. Eta amaitu zaigu Maiatzaldia hortaz.

Egitarau oparo eta zabala izan da aurtengoa. Izena bera txiki geratzen hasi zaigu. Ez baita Iruñea eta Baionaren arteko harremana bakarrik. Zerbait gehiago ere bada. Eta zerbait gehiago ere izanen da. Mugak zartatzeko, hari berriak sortzeko eta han eta hemen (zer da han? Zer da hemen?) euskaldunak konspiratzen jartzeko balio izan du honek guztiak.

Emaitzarekin oso kontent gaude eta aurrera jarraituko dugu. Ideiak eta asmoak baditugu (batzuk xumeak, besteak handiak), baina bidean batzeko prest dagoen ororen ideien eta gogoen berri izan nahi dugu. Nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan eta elkarrekin jarraituko dugu herria hau euskaratik eta euskaraz sortzen.

Mila esker parte hartu duzuen guztioi!!

 

Mikel Hiribarrenek “Basaburuko altxorrak” aurkeztuko du bihar, Karrikirin

Mikel Hiribarrenek “Basaburuko altxorrak” aurkeztuko du bihar, Karrikirin

basaburuko-altxorrak-itsasuko-laborari-baten-gogoetak-2008-2015

 

 

Iruñea Baiona Maiatzaldiarekin jarraitzen dugu, eta bihar arratsaldean, Karrikirin, Mikel Hiribarrenek “Basaburuko altxorrak: Itsasuko laborari baten gogoetak” liburua aurkeztuko digu. Hitzordua arratsaldeko 19:00etan duzu!!

 

 

Duela gutxi, berarekin solasean egon ginen eta horrela laburtu zigun liburuaren edukia: Basaburuko altxorrak, Basaburuko Saskiko berripaperean zazpi urtez agertu diren kronikak daude bildurik Basaburuko altxorrak liburuan.

Saskiko bezeroentzat idatzia izanak dira, baserritik hiritarrentzat beraz. Eta asmatuak izan diren kronologia berean agertzen dira liburuan.

Kronika guziek badute zerbait lotura gure nekazari auzoko bizitzarekin, Basaburuko bizitzaren lekuko eta oihartzun dira.

Jakitateak badira bi modutakoak munduan. Bata jakitate hotza, ikerlari, unibersitate eta jakintsun jauntziena. Bestea jakitate beroa, jendartearen bizitzatik eta esperientziatik eskuratzen dena, behar den bezala begirale egonez geroz. Jakitate beroa gureganatzea izan da beti gure asmoa, hainbeste baitzaukaten gure ama, aita edo aitonek. Eta gure amentsa, amentsik bagenu, bizitzaren lekukoa mezu sendoz beterik uztea edo ematea etorkizuna eraikitzeko altxatzen ari diren gazte guziei.

Mikel Hiribarrenen biografia: “Gure familia duela mende bat kokatu zen etxaldean sortua naiz 1956 an. Lapurdi Itsasuko Aroztegia baserrian, hain zuzen Basaburu deitzen den auzogune batean.  Gaztetandik euskarazko artikuluak idazten aritua, Zeruko Argiako berri emaile lehenik Iparraldetik 1980a aintzinetik, eta ondotik Herriz Herri iparraldeko astekarian  edo aspalditik ELB nekazari sindikataren Laborari astekarian kronika idazle. Militantzia gehiena nekazari sindikatari ematen diot, eta azken lau urtetan nago ELBren ordezkari confédération Paysanneko mahain nazionalean Parise aldean. Lanbide bakarra daukat bizitzan egunerokoa irabazteko, sortu ninduen etxaldean nekazari, beste bi lagunekin…. eta 1998az geroztik, Basaburuko hiru etxaldekin, Saskiaren sortzaile eta banatzaile. Basaburuko Saskiaren bezeroei hamabostero zuzentzen diegu argibide orri bat, aukeraz dauden ekoizpenekin, sukaldeko errezeta batekin, eta frantsesez eta euskaraz asmatzen ditugun berri artikulu xume batzuekin. Euskarazko kronika hoik dira agertzen Maiatz ek agertu berri duen liburuan: “Basaburuko altxorrak”, Itsasuko laborari baten gogoetak.”

Honatx, Sustrai Colinak Argiarako egin zion elkarrizketa.