Erbesteko gutunak Victor Hugori (Louise Michel)

Erbesteko gutunak Victor Hugori (Louise Michel)

Parisko komuna izan zen, garai modernoetan, langileriaren lehenengo iraultzaren saialdia. Protagonistak asko izan ziren, eta horien izenak gaur arte ailegatu dira. Horietariko bat Louise Michel izan zen, emakume poliedrikoa; iraultzailea, poeta, irakaslea, pedagogoa, naturazalea, kolonialismoaren kontrakoa, internazionalista eta anarkista sutsua. Hogeita hamar urtez posta-trukea mantendu zuen Victor Hugorekin, hura zendu arte.

Gutun-trukaketa horren lagin bat dugu ikusgai Katakrakek argitaratutako liburu honetan. Louise Michelek bidalitakoak baino ez ditugu, Victor Hugoren erantzunak galdu baitziren.

Lau arotan bana dezakegu haien arteko korrespondentzia: Louise Michel gaztea, Parisko komuna, Kaledonia Berriko erbeste gutunak eta berriro Pariskoak, Victor Hugo zendu aurrekoak. Liburu honek Louise Michelen sentiberatasunera, pentsamendura eta hogeita hamar urteko adiskidetasunera hurbiltzen gaitu.

Hemen eskuragai.

Aho Uhal (Olatz Salvador)

Aho Uhal (Olatz Salvador)

2018an bakarlari moduan Zintzilik diskoa kaleratu zuen Olatzek, eta orain argitaratu berri du Aho Uhalak proiektua, 12 kantu biltzen dituen disko borobila. Nahiz eta Olatz den proiektu honen protagonista, ez da bakarrik ibili bidean. Izan ere, maila handiko artistaz inguratu da donostiarra, haien artean Rozalén, Idoia Asurmendi, La Mare edo Ivan Ferreiro musikarien kolaborazioak batu ditu. Gainera, Ane Labaka (Gelditu hor) eta Alaia Martinen (Ahots hori) hitzei musika jarri die Olatzek. Salvadorrek dio intentsitate aldetik diskoa mendi baten antzera dela berarentzat, lasai hasi, igoera tontorreraino eta gero buelta xamurtasun eta atmosfera baketsuetara.

Kanta batzuetan izaera gogorrarekin azaldu da, instrumentazio bortitzagoetaz lagunduta eta bestetan berriz piano soil baten laguntzaz biluzten da abeslaria. Ez Garen Gu kantan adibidez Garazi Esnaola lagunmina gonbidatu du pianoa jotzera, bien artean emaitza paregabea lortuz. Pablo Novoa ekoizlea ibili da Olatzen ondoan Aho Uhal sortzerako unean eta Airaka zigiluarekin argitaratu den diskoa Haritz Harreguyren estudioan grabatua izan da.

Hemen eskuragai.

Lilurabera (Yurre Ugarte)

Lilurabera (Yurre Ugarte)

Zortzi narraziok osatzen dute liburua: guztiek emakume bat dute protagonista, gehienak alaba gazteak, baina baita amak ere. Bakoitzak bere borroka pertsonala du bizitza duin bat aurreraeramateko. Arazo ekonomikoak hor daude, arima eta psikearen gatazkak ere bai. Batzuetan arimaren arintasuna jasangaitz bilakatzen da, eta ez da erraza hain gutxi pisatzen duen hori, berunaren pisua har dezakeen hori, gure gainetik kentzea, gure burutik
ezabatzea.

Istorio guztiak Pop kulturaz zeharkatuta daude; lasai asko esan daiteke Pop kultura protagonistetako bat dela. Arteak eta sorkuntzak elikagai dituzte pertsonaiek, haien euskarri eta sendagai dira, haien bizitza hondamenditik aldentzeko tresnak. Oso narrazio indartsuak dira, hasieratik harrapatzen dute irakurlea, jakin-mina piztuz. Plazer handia izan da Yurreren mundu literarioan murgiltzea.

Hemen eskuragai.

Ateak zabalik (Karrika 254)

Zinez pozgarria da jende berria proiektura batzen denean. Hori ari zaigu gertatzen Karrikiriren proiektuan. Bazkide berriak ari zaizkigu batzen.

Kuantitatiboki proiekturako albiste ona da hori, baina batez ere, kualitatiboki, hau da, batzen ari zaigun lagun berrien gaitasunagatik eta potentzialitateagatik, biziki pozik gaude.

Proiektua aurrera eramango duten bihotz, buru eta esku berriak batzeak etorkizuna ilusioz eta gogoz hartzeko balio digu. Amaia Merino zinegilea da horietako bat, eta hilabete honetan Karrikako elkarrizketaren atala hari egin diogu.

Hegan, mundura.

Pandemia hasi zenean, Karrikiri online denda hor zegoen. Itxialdia hasi zenean, Karrikirik bazuen online denda dagoeneko.

Eta 2020ak erakutsi zigun, laino ilun guztien azpian, bazegoela prest euskal kulturaren prestigiatzea eta zabaltzea helburu duten proiektuak indartzeko gogoa eta nahia zuen jendea. Horrela erakutsi zenuten, euskararen herriaren txoko ugaritik eskaerak eginez. 2021eko otsaila beste koxka bat izan da: online bidez inoiz baino eskaera gehiago izan dugu. Zinez eskertuak gaude.

Gure asmo garrantzitsuenetako bat da euskal hiztunen komunitateari topagune bat eskaintzea. Horregatik, Iruñeko Xabier karrika 4ko gure gunera hurbiltzeko gonbita luzatzen dizuegu. Ateak zabalik dituzue. Baina garai mugatu hauetan, online bidez ematen diguzuen bultzada bihotzez eskertzen dugu.

Mila esker!