Berako artistaren lan berria Noam Chomsky pentsalariaren ideietan oinarrituta Sylvain Timsitek egindako “Manipulazio Mediatikoaren 10 estrategia” biltzen dituen dekalogotik sortua da. Gainera, Pettik Harkaitz Canorekin egin du elkarlana diskoa sortzeko. Idazleak estrategia bakoitzeko poema bat idatzi du, eta Pettik musika ipini dio hitzei. Esan duenez, hasieratik argi ikusi zuen ideia horrekin disko bat egiteko aukera. Pentsamenduak, literatura eta musika batu ditu Pettik “manipulazio estrategiak” lanean. Proiektu honek rocka, folka, bluesa eta berritasun bezala bossa nova (Helduentzako sehaska kantua I) estiloetan oinarritu da.

Bi urte pasa iragan ditu lanean disko konzeptual honetan, eta zoritxarrez, martxoaren 15erako Bilboko Guggenheim museoan Loraldia jaialdian zuen aurkezpena izorratu zion pandemiak. Data horren ordez, urriaren 4an finkatu dute diskoaren aurkezpena, leku eta jaialdi berberaren barnean. Abeslariak, “disko bat baino gehiago, kultur artefaktu bat” dela dio, eta horretarako, primerako musikariekin ibili da: Juantxo Zeberio pianojolea, Et Incarnatus orkestako hari laukotea, Gorka Benitez saxofoi jotzailea, Etxeko Uzta taldekideak, Raul Gartzia zerra musikal jotzailea… Gainera Balerdi Balerdi taldeko Toño Muro edo Maite Larburu artistarekin ere kontatu du diskoaren garapenerako.

Nahiz eta kanta elektriko batzuk badiren, diskoa gehienbat soinu akustikoetan murgilduta dago, horrek ahotsa eta hitzak lehen lerroan mantentzen laguntzen baitio. 10 abesti dira guztira, baina 11 pista ditu diskoak, horietako kantu bat 2 bertsiotan txertatu dituelako: bertsio elektrikoan eta akustikoan.

Grabaketa Berako ATALA estudioan eta Tolosako Bonberenean izan da. Zarkolektiboak argitaratu du lana, eta azaleko irudia Alain Urrutiak sortua da. Pettik bere musika bideari (lanbide bezala) amaiera emateko asmoa azaldu du, eta horretarako, inoiz egin duen disko borobilena sortu du.

Hemen eskuragai.