Larra bideak (Iñaki Larraioz)
La Betty Travan taldean gitarra jotzen aritutakoa da Iñaki Larrayoz musikaria. Zenbait urte pasa dira geroztik, hala ere sorkuntzak ez du etenik izan, melodiak sortu eta kantuak egiten aritu bait da ultzamarra. Frantziako Nantes hirian emandako denboradiak, barrena zirikatu eta hala hasi da bakarlanean.
Behingoz zerurantz hegaldatzearen eta berriz lurrera erortzearen arteko puntu lauso horretan kokatu du bere musika, aurkezpen orriaren arabera. Pop, folk eta bluesa uztartzen ditu modu intimista batean.
«Larra bideak» izeneko lanari osotasun bat eman nahi izan dio, kantu bakoitzak momentu jakin bat deskribatzen du, ziklo baten barruan diren bizipen ezberdinak dira.
Iñigo Astizen zenbait hitz ere bildu ditu bere kantuetan, arnasa izan omen da idazlearen laguntza.
2018ko udaberrian Berako Atala estudioetan nahastua eta grabatua izan da, ekoizpen kontuak berriz kantariak berak hartu ditu bere gain.