Utopia handietarako faktoria txikiak (Gotzon Barandiaran Arteaga)
Argiatik hartua, artikulua hemen irakurgai.
Layla Martínezi irakurri berri diot Utopia ez da uharte bat saiakeran: “Distopiek postmodernitatearen kultura-esparruan ditugun irrika kolektiboak islatzen dituzte. Modernitatean ez bezala, jada ez dugu uste etorkizuna aurrerabideari lotuta dagoenik eta ezinbestean hobea izango denik. Beldurra eta antsietatea eragiten digun zerbait bihurtu da eta ondorioz, okerrera egiteko arriskuez , etorkizun hurbilean espero ditugun arriskuez ohartarazten diguten sormen lanak plazaratzen ditugu. Logikoa da, baina baita suntsitzailea ere”. Eta ondoren dakar luzarorako azkura eragin didan esaldia: “Sormen lanek errealitatea islatzen dute, baina hori egitean, era berean errealitatea sortzen dute. Etorkizun okerragoak irudikatzeak etorkizun hobean pentsatzeko gaitasuna kendu digu”. Irakurrita atoan amaraundu zaizkit urtea hasi berritan entzun, irakurri, bizi eta ikasitako hainbat pasarte. Plaza Hutsak euskalgintza arnasberritzeari buruz antolatu zituen jardunaldien baitan, Herri kontakizuna birsortzeko bulkada kulturala atalean, Garbiñe Ubedak amets kolektibo baten falta dugula salatu zuen, Herriaren zentzua ez dagoela kalean, ez dugula arnasten, Herri gisa amets bat falta zaigula eta bere ustez amets horren
“Iruditzen zait Euskal Herriaren historiaren une ezin aproposagoa dela bizi dugun pandemiape hau errealitate berriak sortzeko”
hauspoa sortzaileok garela baina sortzaileok ezinean ari garela. Telesforo Monzonen heriotzaren 40. urteurrenaren harira Iratxe Esnaolak eta Urko Aiartzak sinatutako iritzi artikuluan zioten Monzonek argi zuela “euskara eta kultura zirela gure nazioaren ardatza eta bihotza; horiek galduta nazioa galdua zela, eta, ondorioz, ezein independentziak ez zuela zentzurik izango”. Marina Lameiroren Dardara filma jendez betetako zinema areto batean ikusi eta amaieran txalo zaparrada luzea entzunda gogoratu dut 2019an, Berri Txarraken Ikusi Arte biraren baitan, Bilboko Kobetamendin, 20.000 lagun elkartu ginela euskaraz kantatzen duen musika talde baten emanaldia eta aurreko jaialdia bizitzeko. Eta gogoratu dut ahalegin itzelak egin genituela Sadarren, Anoetan, Mendizorrotzan eta San Mamesen antolatzeko, benetan sinesten genuelako 20.000 lagunetik gora biltzeko gai izango ginela euskal kulturgintzaren ospakizun erraldoi baten baitan. Errealitateari men egin izan bagenio, ez ginen 22.000 lagun elkartuko Nafarroa Arenan 2019ko azaroaren 22 eta 23an. Baina egin egin genuen, errealitatea sortu genuen, gure gaitasunetan sinesten genuen lan-talde izugarri baten ahalegin eskergari esker, proposatuz gero eskuzabalik erantzuten duen jendetzari esker. Fede berbera dute Aiaraldea Ekintzen Faktoriakoek, utopikoa zirudiena gauzatuz, errealitateari men egin gabe, errealitate berri bat sortuz, apirilean zabalduko ditu ateak Laudion Faktoria kultur plaza-k, bizitzako esparru guztietan euskaraz egituratuko diren proiektu eraldatzaileak eraikitzeko faktoriak. Eta iruditzen zait Euskal Herriaren historiaren une ezin aproposagoa dela bizi dugun pandemiape hau errealitate berriak sortzeko, gauzatu ditugun utopien errepasoa egin eta gauzatu ditzakegunak elkarrekin zerrendatzeko. Ni horretara noa. Laster arte.