Iker Toca Mugiro. AEKn euskara berreskuratu zuen bilbotarra

Iker Toca Mugiro. AEKn euskara berreskuratu zuen bilbotarra

Iker-otsaila 17Iker ezagutu genuenean ez zen euskaraz bi hitz jarraian esateko gai; jakin bazekien, baina AEKn emandako urteak behar zuen bultzada eta indarra eman zion. EGA titulua lortzeaz gain, bizi-bizi mintzatzen da orain. Besteak beste,  Hizkuntza Eskolako bertso eskolan dabil buru-belarri mundu berri batez gozatzen. Korrikaren bezperetan gauden honetan, bere testigantza ekarri nahi izan dugu, jende gehiagorentzat inspiragarri izan dadin.

Zein da zure historia pertsonala euskararekin?

Ni Bilbokoa naiz, aita Kantabriakoa eta ama Gernika ondoko herri txiki batekoa. Amaren familia euskalduna da, baina etxean goiz utzi genion euskaraz hitz egiteari. Klaseak euskaraz jaso nituen, baina gainontzekoan erdaraz bizi nintzen. Familian, lagunartean, inguruko guztiekin erdaraz aritzen nintzen. 80. eta 90. hamarkadan Bilbo oso erdalduna zen. Orain zertxobait aldatu da, zertxobait, lehen nik ez nuen euskararik entzuten, ezta alde zaharrean ere! Iruñean euskara gehiago entzuten dut oraindik ere.

Zergatik erabaki zenuen euskara berreskuratzea?

Euskara ama hizkuntza da, baina ohartu nintzen euskara erabat galdua nuela, eta nire burua ez nuen gai ikusten bizkaieraz hitz egiteko. Horregatik, pentsatu nuen gutxienez euskara batua errekuperatu beharra nuela, hortik hasiko nintzela.

Garai hartan Iruñean nengoen lanean, eta ikasturte hartan lan egoera lasai batean nengoenez momentu egokia iruditu zitzaidan. Aukera ezberdinak aztertu ondoren AEKn sartu nintzen.

EGA atera duzu, hori zen helburua?

Ez. Helburua euskara berreskuratzea zen. Titulua ongi dator ere, noski. AEKn izen ematerakoan, idazkariarekin aritu nintzen hizketan, berak azaldu zizkidan aukerak, eta EGA ateratzeko taldean sartzea proposatu zidan. Nik ez nuen euskaraz hitz egiteko ohiturarik, oso urduri jartzen nintzen eta huts pila egiten nuen. Hala ere, maila horretan sartzeko proposatu zidan.

Astean hiru saio izaten genituen, bi ordu eta erdikoak. Primeran ibili ginen. Jokin genuen irakasle. Lan egiteko modua oso parte hartzailea zen, giro ona geneukan eta klasetik kanpo gauza pila egiten genuen. Irakasleak oso inplikatuak zeuden, eta lan izugarria egiten zuten gu motibatzeko.

Egun laranjak, pintxo pote, festa ezberdinak, eguberritan otapurrak… Korrika urtea zenez kilometro bat hartu eta harantz joan ginen gaueko ez dakit zer ordutan… ikaragarri ongi pasa genuen. Besteak beste, aipatuko dut, ekaina aldean, Erraldoien Txokoan egiten dituzten kontzertuetara eramaten gintuztela. Hor deskubritu nituen Berako bi musikari handi: Joseba Irazoki eta Petti. Lagun onak ere egin ditut bertan, oraindik harremana mantentzen dut haiekin, eta gainera, titulua atera nuen.

Geroztik bizitza euskaldunagoa duzu?

Bai, dudarik gabe, euskara berreskuratu dut. Familiakoekin, Bilboko lagunekin eta baita Iruñeko adiskideekin ere. Titulua atera ostean Mintzakide talde batean egon nintzen denboraldi batez. Oso gustura ibili nintzen. Bertako batek Hizkuntza Eskolako bertso eskolaz hitz egin zidan. Eta kurtso honetan bertan sartu naiz eta oso gustura nabil. Irakaslearen izena aipatu behar duzu: Ainhoa Aranburu. Izugarri irakasle ona da eta oso gustura gabiltza. Nik bertsolaritzaz ez nekien ezer, beno, izen ezagunenak agian bai, baina gehiago ez. Orain pila ari naiz ikasten, eta asko disfrutatzen dut, bertso saioetara joan izan naiz, Bertso Arora adibidez, eta asko disfrutatzen dut.

Etorkizuneko bertsolari baten aurrean gaude beraz?

Ez. Kar, kar, kar. Entzuten disfrutatzen dut, baina kantatzen ez.

Zer sentitu duzu euskarara itzultzeko prozesu honetan?

Bi aipatuko dizkizut, harrotasuna eta esker ona. Harro nago egin dudanaz, azken finean, nire ama hizkuntza da, eta hori berreskuratzea oso garrantzitsua izan da. Pausua eman nuen eta esfortzu bat eskatu zidan, baina horri esker orain esperientzia politak ari naiz bizitzen, bertso eskolarena aipatu dugu, baina jende berria ezagutzeko balio izan dit ere.

Eta gero pila bat eskertzen dut euskaldunek nirekiko izan duten jarrera. Euskara ikasten ari nintzela esaten nienean oso ulerkorrak ziren nirekin, oso atseginak eta bidea erraztu didate. Egunerokoan erdaraz bizi gara, eta ez gara ohartzen laguntza hori zer garrantzitsua den.

Azkenik, liburu edo musika gomendiorik baduzu?

Euskaraz irakurri dudan azkeneko liburua Harkaitz Canoren Pasaia Blues izan da. Urteak egon naiz euskarazko libururik irakurri gabe, eta hau, poliki-poliki, duela gutxi irakurri dut.

Musika aldetik, egun hauetan pila entzuten ari naizen taldea Willis Drummond da. Hori da hemendik irakurleei gomendatzen diedan musika taldea.

Eta noski, aurtengo Korrikaren abestia ezin aipatu gabe utzi! Willis Drumondeko kantaria, Izaro (hau ere oso gustuko dut) eta Petti handia!