Eszeptikoak (Eneko Gorri)

ENEKO GORRI 2020ko maiatzaren 31 Argian

Euskal Herria laborategi txiki bat da: alternatiba, kontrakultura edo autogestioaren zelaia da. Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberuan, tradizioz, beti uztartu izan ditugu “egitea” eta “aldarrikatzea”. Kulturala da: larunbatean espazio publikoa okupatzen dugu kexua adierazteko eta ondoko egunetan gure premiei erantzuteko tresnak sortzen segitzen dugu. Gainetik etortzea itxoin gabe. Nehoren baimenaren zain egon gabe.

Urteetan militante belaunaldiak aldizkatu dira, aitzindariek sortu zutena oinordekoei transmitituz. Horrela eraiki dira gure lurraldeak beharrezkoak zituen zutoinak euskararen biziberritzerako, ekonomia eraldatzailearen sustapenerako, kulturaren berpizkunderako edo lurraren defentsarako, adibidez. Ederra da 300.000 biztanle dituen lur zati txiki batean sortu eta iraunarazi diren ekimenak zenbatzea.

“Bere logela librea Airbnb-n alokatuz irabazitako euroak Intermarchén xahutzen dituenak, eta denbora berean herriak sorturiko tresna hauen kontra blablaka ari denaauek ez omen dira aski”

Herritar xumeontzat, egunerokoan posible zaigu trantsizioa eraikitzea tokian tokiko iniziatiba hauek erabiliz. Euskal monetaren zirkulazioa bideratuz, etxeko argindarra Energiaren bidez eskuratuz, jateko saskia AMAP batean betez, etxean hutsa den logela etorkin bati irekiz, hilabeteko diru isurketa erregularra Lurzaindiari eginez… Deus gutxi aldatu gabe gure biziari, aldaketa asko eragiteko gaitasuna dugu. Sinpleki eta xumeki. Engaiamendu militantea praktikara ekartzeko eta balioekin koherentzian bizitzeko aukera txikiak dira.

Baina beti harritu naute espiritu kritiko-erradikal baten izenean aukera hauek baliatzen ez dituzten “militante” eszeptiko batzuen joerek. Ez sistematik kanpo bizitzeko ausardia dutenek; horiek miresten ditut haien koherentzia eta eredugarritasunagatik. Bere logela librea Airbnb-n alokatuz irabazitako euroak Intermarchén xahutu, eta denbora berean herriak sorturiko tresna hauen kontra blablaka ari denak. Alternatiba hauek ez omen dira aski nazionalak, edo sobera sisteman sartuak dira, edo euskararekiko eskasak, edo kooperatibismo eredu agortu batekoak, edo aurpegi zuritzaileak… Kritika sanoa da, baina bere xarma galtzen du fede txarra edo alferkeria gordetzeko erabiltzen delarik.  

Gurean ere inertziak azkarrak dira. “Beste mundu bat eraiki, baina nire etxea aldatu gabe!”. Post-koronabirus aroak borrokatzeko arrazoi berriak ekarriko dizkigu. Auzolanean, elkartasunez, txikitik eraginez eta esperimentatuz urratsez urrats segituko dugu aitzina. Aitzineko belaunaldiek Le grand soir amesten zuten bezala igurikatzen badugu le monde d’après, ez baititugu ez bata ez bestea ezagutuko.

Originala, hemen: https://www.argia.eus/argia-astekaria/2688/eszeptikoak

BAM dinamika Eneko Gorriren eskutik

Urtarrilan Durangon antolatutako Topaldian Eneko Gorri izan genuen, eta gure otsaileko Karrikan berak Argian idatzitakoa zabaldu genuen. Euskaraldia, BAM eta Mintzalasai hobe ezagutzeko irakurri eta ikusi bideoa!

Iragan azaroan, Euskal Herriko beste hainbat txokotan bezala, Baiona-Angelu-Miarritze hiri-eremuko hiztunak bateratzeko eta botere-arazteko BAM dinamika abiatu genuen guk ere. Ez genuen ezer berri asmatu: Donostiako Egia auzoan sortu eta Lasarte-Orian ondu den esperientzia gurean eramatea besterik ez dugu egin. Baina irakaspen eta lorpen propioak izan genituen, dudarik gabe. Bilana, dinamika bezala, kolektiboa izan beharko da. Horretan lanean ari gara. Hemen botako ditudanak bitarteko gogoeta pertsonalak besterik ez dira.

Lehen irakaspena koherentziarena dela uste dut. Antolaketa lanetan ari izan garen askok autoterapia kolektibo bezala bizi izan dugu BAM. Euskalgintzan buru-belarri lanean ari garen euskaltzale izanda ere, zein uros frantsesez bizi garen jabetu gara funtsean. Borroka gure baitan hasi da.

Pertsonala politikoa den bezala, norbanakotik kolektibora jauzia egitean ez ditugu bakarrik gure hizkuntza ohiturak aldatu, gure ingurunea moldatzeko gaitasuna martxan ezarri dugu. Fatalitateak eta etsipenak gaina hartzeko joera duten garaiotan, gure esku dagoen botere eraldatzailea behatz puntetatik hunkitzea ez da gutxi.

BAM dinamika ez da iraultza linguistiko baten abiapuntua izan. Mugak eta porrotak daude. Baina identifikatuak diren unetik, ondoko urratsak diseinatzea ahalbidetzen dute

Azkenik, ezina ekinez egiten dela berriz ere argi azaldu zait: lurralde zail batean, dirurik gabe, denborarik gabe, bide-orririk gabe eta instituzio guzien laguntza ukatuz zerbait lortu dugu. Horretarako, oinarrizko baliabideak mobilizatu ditugu: eredu parte hartzailea, horizontala, parekidea, anitza, auzolana, ausardia…

Noski, ez gaitezen engaina, BAM dinamika ez da sakoneko iraultza linguistiko baten abiapuntua izan. Mugak izan dira, frustrazioak batzuetan, porrotak ere bai. Prefosta. Baina identifikatuak diren momentutik, ondoko urratsak diseinatzea ahalbidetzen dute.

BAM-k lortu ez duena, Euskaraldiak ekartzen ahalko du (iraupen luzeagoa, lurralde estaldura zabalagoa, baliabide mobilizazio handiagoa). Baina Ipar Euskal Herri osoan ere herritarrak, euskalgintza sozialak eta instituzioak elkarrekin lanean eman beharko dira horretarako, eskala horretan batak ezingo baitu besteak gabe ezer lortu. Interdependentzia hori aitortzea, kultura desberdintasunetik at elkarrekin aitzinatzeko nahia aldarrikatzea eta bakoitzari funtzio bat onartzea izan daiteke lehen urratsa.

Hizkuntza politikaren berregituratze fase horretan, Euskaraldia lankidetza forma berri baten asmatzeko mentura ederra izan daiteke gurean, asko baitugu ikasteko batak bestearengandik. Berrikuntzari eta esperimentazioari ateak ausarki zabaldu beharko zaizkie, inoiz hartu ez diren bideak baitira hauek. Badugu lan. Baina bizkor eta baikor izateko arrazoiak ez ditugu eskas, dena dugu irabazteko!

Iturria: Argia