(post)Hari Izpia Hartzen

Urtarrilaren 24aren inguruan hauxe idatzi du Berriak

Paparrean beren izena jartzen zuen itsasgarria eta eskuan karpeta zuria. Gogotsu sartu ziren, atzo, Iruñeko Kondestablearen jauregira Hari izpia hartzen jardunaldietako parte hartzaileak. Elkarrek, Karrikiri Iruñeko euskaldunen topaguneak eta Nafarroako euskara teknikarien sareak antolatu zituzten jardunaldiak, eta bistakoa zen sortutako ikusmina. 80 pertsonatik gora bertaratu ziren euskal kulturak Nafarroan dituen erronkak aztertzera. Euskal kulturaren erronkak izan zituzten mintzagai, baina baita transmisioari lotutako auziak ere.

Nafarroan euskal kulturak dituen erronkak aztertu dituzte ‘Haria izpia hartzen’ jardunaldietan. Landu beharreko hiru ardatz nabarmendu dituzte: gazteak, hedabideak eta hezkuntza. Kulturaren transmisioaz ere mintzatu dira, eta euskal kultura artikulatzeko beharra nabarmendu dute.

Josu Amezaga EHUko irakasleak ekin zien jardunaldiei. Euskal kulturaren kontsumoaren inguruko datuak izan zituen mintzagai Amezagak, eta errealitatearen lehen argazkia ikusi ondotik ekin zioten eguneko jarduerarik garrantzitsuenari; gogoeta gidatuari. Jon Abril Elhuyarreko kideak dinamizatuta, hamabi taldetan banatu ziren parte hartzaileak, eta talde txikitan hausnartu zuten euskal kulturaren erronken inguruan. Nafarroa abiapuntu izanik ere, Euskal Herri osora zabaldu zitezkeen gogoetak egin zituzten bertaratutakoek.

Gogoetaz harago, ordea, proposamenerako jauzia ere egin zuten parte hartzaileek. Hasieran, norberak hausnartzeko tartea hartu zuten, eta, ondotik, taldeetan eztabaidatu zituzten proposamen horiek. Hori horrela, euskal kulturaren ikusgarritasuna, prestigioa, kontsumoa eta transmisioa areagotzeko neurri zehatzak proposatu zituzten taldeka. Bertzeren artean: itzulpengintzari baliabideak ematea, eragileen arteko koordinazioa indartzea, gazteei bideratutako kultur eskaintza sortzea eta euskarazko telebistaren funtzioa aldatzea.

Neurriak anitz izanagatik eta talde txiki bakoitzean proposamen ezberdinak landuagatik, ia talde denek nabarmendutako hiru ardatz azpimarratu zituen Abrilek: «Hezkuntzan eragiteko beharra, gazteak eta hedabideak». Hausnarketa bukatuta, egindakoarekin pozik zen Abril: «Nabari da behar bat badagoela euskal kultura artikulatzeko. Uste dut lehendabiziko hurbiltze moduan oso interesgarria izan dela». Hemendik aitzinerako pausoei begira bertze erronka bat azpimarratu zuen Abrilek: «Martxa hartzeko lidergoa nork hartuko duen».

Hausnarketak Nafarroa zuten abiapuntu, baina, Abrilek nabarmendu zuenez, «arazoa» Euskal Herri osoarena da. Kulturaren alor bakoitzak eta eskualde bakoitzak egoera ezberdina izanagatik, leku guztietan estrategia eta ildo nagusiak ezarri behar direla nabarmendu zuen Abrilek. Kultura alorren artean dauden ezberdintasunak ere aipatu zituen, eta bereziki ikus-entzunezkoetan jarri zuen arreta: «Kontsumitzeko modua hainbertze aldatu den garaian, noraezean, zer egin jakin gabe, gelditu garela uste dut»

Gidatutako gogoeta bukatuta, bertzelako errealitate bat ezagutu zuten bertaratutakoek: Miren Artetxe bertsolari eta EHUko irakasleak Gazteak, bertsolaritza eta hizkuntza identitatea hitzaldia eman zuen, egiten ari den tesia ardatz hartuta. Bertan, Baionako Bernat Etxepare Lizeoko bertso eskolan dabiltzan gazteen hizkuntza baliabideak eta euskaraz bizitzeko ahalegina aztertu ditu. Artetxek bertso eskolan sortzen den «konfiantza giroa» azpimarratu zuen: «Bertso eskola haien espazioa da. Ispiluan identitate positibo bat ikusten dute, gazte izateko modu positibo bat». Bertako partaide izateak ematen dien nortasuna nabarmendu zuen, eta bertso eskolako giroak berarekin dakarren pentsatzeko joera ere bai. «Bertso eskolan ongi ikusia dago eztabaidatzea, gauzak zalantzan jartzea… Gogoetarako espazio bat da, bertze espazio batzuetan egin ezin dutena».

Transmisioa ere aipatu zuen Artetxek. Haren iritziz, bertso eskolak bide ematen dielako eskolarekin eta etxearekin «hautsi» eta beraien balioak adierazteko. Artetxeren hitzetan, haustura hori da transmisioa. «Transmisioa beti goitik behera erakusten dugu, baina transmisio hori horizontalki ere gertatzen da».

Bertze eremuetan ere bai

Iparraldeko bertso eskoletako «konfiantza giro» hori gainontzeko eremu geografikoetan ere gerta daitekeela nabarmendu zuen, batez ere eremu ez hain euskaldunetan. Eta bertso eskolaz harago, bertze sormen guneetan ere jarri zuen begirada. Artetxeren ustez, gazteak sortzeko elkartzen diren eremu guztietan baldintzak ematen dira horrelako fenomenoak gerta daitezen.

Kulturaren transmisioan Euskal Herriko hiru esperientzia partekatuz bukatu ziren jardunaldiak. Lehenengo hazia jarri ondotik, ikusteko dago nor arduratuko den hemendik aitzinera landare berriak landatu eta daudenak ureztatzeaz.

Klik hemen

“Lanerako modu berriak asmatu behar ditugu. Badugu ezagutza, badugu ahalmena, eta badugu beharra” JON ABRIL- Elhuyar fundazioko zuzendaria

“Lanerako modu berriak asmatu behar ditugu. Badugu ezagutza, badugu ahalmena, eta badugu beharra” JON ABRIL- Elhuyar fundazioko zuzendaria

Hari Izpia Hartzen jardunaldiak hartuko du urtarrilaren 24an Kondestable Jauregia. Jon Abrilekin mintzatu gara jardunaldiaren nondik-norakoak ezagutzeko, bera izanen baita hitzaren gidari egun horretan.

Zer da Hari Izpia eta zergatik nahi duzue hartu?


Euskal kulturaren transmisioan dagoen etenak kezkatuta, hari horri tiraka jarri nahi dugu. Euskarazko kulturaren kontsumo- maila nabarmen murriztu da, euskaldun gehienek ez baitute euskarazko kultura kontsumitzen. Horren atzetik dago, besteren artean, euskaldunen artean erdaraz errazago moldatzen diren herritar asko daudela. Eta euskarazko kultura ez bada transmititzen, euskalduntzea ez da erabatekoa izanen.

Beraz, euskararen erabilera eta kultur- kontsumoaren gaia estuki loturik daudela ikusten dugu, eta euskara biziko bada, kultur komunitate eta hiztun komunitate trinko bat behar ditu. Bertzetik, eskaintza oparoa dago, baina produkzio hori gizarteratzeko zailtasunak ditugu, maizegi, ez da behar bezala iristen herritarrengana. Horri erantsi behar zaio iraultza kultural baten erdian gaudela, mundu osoan gertatzen ari dena. Orain arte sozializaziorako izan ditugun bide nagusiek, hala nola, familiak, eskolak, lagunarteak edota hedabideek, pisua galdu dute, eta Google, Amazon, Facebook, Twitter edota Instagram dira kanal nagusiak.

Hortaz, ezinbertzekoa da erakundeen eta kultur eragileen arteko lan bateratua artikulatzea, eta epe luzerako politikak adostea. Horiek guztiak hizpide hartuta, hariari tiraka hasiko gara, jakitun hari-mataza luzea dela, eta erronka guztiei ezin izanen diegula goiz bateko saioan erantzun. Baina lanean jarri nahi dugu.


Nori zuzendua izanen da jardunaldia? Zein jende mota espero duzue?

Edonork parte har dezake, eta deialdia edonorentzat zabalik dago. Euskara teknikarien sarearena izan da ideia, eta euskara teknikariak bertan egonen dira. Eta nahi dugu hurbiltzea kultur teknikaria, eta kulturgileak, eta kulturaren industrian mugitzen direnak, euskararen normalizazioan dihardutenak, baina baita kontsumitzaileak ere, alegia, herritarrak, euskarazko kultura horren kontsumoa egiten dutenak. Guztiek osatu behar dugu ekosistema hori, guztien ikuspegiak, kezkak, zalantzak, ekarpenak eta ideiak beharko dira.


Zer topatuko du urtarrilaren 24an Kondestable Jauregira hubiltzen denak?

Goiz osoko egitaraua prestatu dugu. Bi hitzaldi iradokitzaile izanen dira. Josu Amezaga EHUko irakasleak euskarazko kulturaren kontsumoa ulertzeko gakoak diren datuak eta analisiak eskainiko dizkigu. Miren Artetxek, berriz, bertso eskolen esperientzia ekarriko du. Gazteek euskaraz zergatik egiten duten aztertu du, zein den euskarak gazteei egiten dien ekarpena, eta euren nortasunean zer paper jokatzen duen.


Bertzetik, Euskal Herriko hiru esperientzia adierazgarri ere ezagutuko ditugu: Berako Kultur Batzordean herriko eragileen eta administrazioaren arteko elkarlanaz ariko zaigu Aitor Elexpuru Berako alkatea; Azpeitiko Kultur Mahaia, eta horren baitan abian jarri duten Dinamoa sormen- gunea aurkeztuko du Xabier Gantzarainek; eta Aiaraldean lantzen ari diren Ekintzen Faktoria aurkeztuko du Gartzen Garaiok. Eta horrezaz gain, goizeko zati handi bat hartuko du elkarrekin eginen dugun gogoeta gidatuak. Nik neuk bideratuko dut, eta kezka honi nola heltzen diogun pentsatuko dugu; herritarrengan modu eraginkorrean eragiteko moduez ariko gara, transmisioaz, eskaintzaz, ikusgarritasunaz, nola eman prestigioa… eta, batez ere, hori guztia nola artikulatuko dugun pentsatzea, asmoa baita ariketa honen bidez aurrera begirako lan- lerro batzuk zehaztea.

Eta jardunaldiaren ondotik, zer?


Argi dugu lehenbiziko urratsa bertzerik ez dela hau. Jarraipena beharko du, baina lansaioak ematen duenaren arabera definitu nahi dugu. Abiapuntu bat izan nahi du, lan egonkor baterako balio behardu. Gauza izan behar dugu euskalgintzak, kulturgintzak (sortzaileak, industriak…) eta administrazioak eskutik joateko eta estrategia bateratu bat definitzeko. Lanerako modu berriak asmatu behar ditugu. Badugu ezagutza, badugu ahalmena, eta badugu beharra. Elkarren osagarri izanen diren hizkuntza-politika eta kultura-politika baten diseinua asmatzea izan behar du erronka.

Euskaldunon behar digitalei buruzko lehen inkesta. Hartu parte!

Euskaldunon behar digitalei buruzko lehen inkesta. Hartu parte!

Hurrengo artikulua Zuzeu.eus webgunetik hartu dugu. Parte hartzera animatzen zaitugu!

Euskaldunon eta Europar Batasuneko beste hiru hizkuntza gutxitutako hiztunen (bretoiera, kareliera eta sardiniera) behar digitalei buruzko lehen inkesta jarri du abian hizkuntza-aniztasun digitalaren proiektuak (DLDP).

Euskaldunon behar digitalei buruzko lehen inkesta

Proiektu horretan dihardu Elhuyarrek, Europako beste lau erakunderekin batera, eta ahalik eta euskaldun gehienen erantzunak biltzea dugu helburu.

Inkesta bretoieraren, karelieraren eta sardinieraren hiztunek ere beteko dute, nork bere hizkuntzan.  Jasotzen diren erantzunak baliagarriak izango dira erabakitzeko zein den lau hizkuntza horien garapen digitalerako biderik egokiena. Hortik abiatuta, Digital Language Survival Kit delakoa garatuko da; funtsean, erabilera biziarazteko gomendio-multzo bat.

Inkesta hizkuntza gutxituetako hiztunen behar digitalei buruzko lehen azterketa da. Interes-taldeek eta ikerketa-arloko eragileek informazio baliagarria jasoko dute gaur egungo mugimendu sozialek eta hiztun-komunitateek gai honetan duten ikuspegiaz eta eremu digitalean beren hizkuntzarentzat garatu nahi lituzketen baliabideez.

Horrez gain, hizkuntza-aniztasun digitalerako bide-orri bat ere garatuko da proiektu honetan. Helburua da bide-orri hori arduradun politikoen eta interes-taldeen gida moduko bat izatea, etorkizunean lagunduko diena erabakitzen zein diren hizkuntza-erakundeek eta gobernuek garatu behar lituzketen tresna digitalak, betiere hizkuntza gutxituak edo arriskuan daudenak modu eraginkorrean biziberritzea lortzeko.

DLDP proiektuan, erakunde hauekin elkarlanean ari da Elhuyar:  Consiglio Nazionale delle Ricerche (Pisa, Italia); European Language Equality Network (Frantzia); Mainzeko Unibertsitatea (Alemania); eta Kareliar Hizkuntza Elkartea (KKS, Finlandia).

Inkesta baliagarria izan dadin, ahalik eta jende gehienak erantzutea komeni zaigu; beraz, eskertuko genuke inguruko euskaldunen artean zabaltzea eta betetzeko eskatzea.

Proiektuari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, sartu hemen: DLDP


Inkestari erantzuteko, egin klik hemen: Inkesta