2021/02/16 | Karrika
Urte berria abiatu eta dagoeneko lehenengo hilabetea jan diogu urteari. Iruñeko neguan komeni da arkupetik ibiltzea, bertan hotzaren eta euriaren kontrako babesa bilatzeko. Baina negua ez da betirako, eta goiz edo berandu loratuko dira primaderako liliak.
Gu hurrengoa prestatzen ari gara dagoeneko. Eguneroko martxari eutsiz beti ere, aurrerago fruituak emango dituen haziak ereiten eta zaintzen gabiltza burubelarri. Ilusionaturik gaude, zerbait polita datorrela iruditzen zaigu.
Laister izanen duzue horren berri. Glamour gutxiagoko gaia da, baina etxe barruan garrantzi handikoa: urte berriarekin fakturazio programa berria martxan dugu jada. Aspalditik genuen aldatzeko asmoa eta orain ari gara gauzatzen.
Aldaketa handia da. Urtarrila horretan eman dugu eta oraindik lantxo batzuk emango dizkigu dena ongi-ongi uzteko. Indarra eta ahalegina ari gara bertan jartzen eta mereziko duela uste dugu. Zerbitzu hobea eskaini ahal izango dugula iruditzen zaigu.
Garai arraro hauetan, zuen fideltasunari esker, erritmo onean ari gara lanean, mugimendua dagoela nabaritzen dugu. Dendaren zenbakitan ikusten dugu hori eta bereziki aipagarria da online dendaren salmenten etengabeko igoera. Eskertuak gaude zinez. Honek denak proiektuari bultzada ematen dio, sendotzen laguntzen dio eta guri amets berriak sortzeko indarra ematen digu. Ari gara.
2020/10/12 | Karrika
Euskaraz bizi nahi duenari aukerak ematea da gure nahia, eskura dauden aukerak eskaini, eta ez daudenak sortu. Asmo horrekin sortu genuen pisukide zerbitzua, adibidez.
Urte arraro honetan ere oso ongi funtzionatzen ari den zerbitzua da. Ideia sinplea da: batetik etxea edo gela alokeran jarri nahi dutenak daude, bestetik etxea eta gela behar dutenak, Karrikirik, trukean deus jaso gabe, zubi lana egiten du, eta bi aldeak harremanetan jartzen ditu.
Hizkuntza erdigunean jarrita, logika berri bat agertzen zaigu: espekulazioan edo diru-gosean erori beharrean, euskaraz aritzeko aukera eskaintzen du pisuaren jabeak. Pisu bila dagoenak aldiz, etxetik bertatik euskaraz bizitzeko hautua egiterakoan merkatuaren logikatik kanpo dauden prezioak topatuko ditu. Beraz, gure hiztu komunitatearentzat ariketa osasungarria da: hiztun komunitatea trinkotzen dugu eta euskaraz egiteko aukerak handitzen dira, eta komunitateko kideei ekonomikoki eramangarriagoa zaie. Ez da gutxi.
Uda honetan LUA Arkitektoen proposamena heldu zitzaigun. Aukerak sortzeko bide horretan proposamen hori Karrikan zabalduko dugu. Bide berri bat da, lan mundura salto eginez, elkarrekin, elkarren ondoan lan egiteko aukera eskaintzen digute. Ibilbide oparoa desio diogu.
Aurrera jarraituko dugu zerbitzu hauek denak eskaintzen eta ahal denean sortzen, Xabier Lete handiak idatzi zuen moduan: sortuz ta sortuz gure aukerak, atsedenik hartu gabe.